Irakurketa denbora: 2 minutu
SPRI–Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak BEINT beken deialdi berria ireki du. 30 urtetik beherako goi-mailako unibertsitate-titulazioa duten EAEko gazteei zuzendutako deialdi honek nazioartekotze-arloan prestatzeko aukera eskaintzen du, nazioarteko erakunde eta enpresetan egiten diren praktiken bidez.
Beken eskabideak aurkezteko epea apirilaren 10era arte egongo da zabalik. Aurtengo edizioan eta itzuli beharrik gabeko 80.000 eurora arteko dirulaguntzak eskainiko dira. Programak parte-hartzaileei nazioarteko merkataritzaren, euskal ehun ekonomikoaren eta nazioarteko presentzia duten enpresen kudeaketarako beharrezkoak diren gaitasunen ezagutzan sakontzeko aukera ematen die.
BEINT bekak
Programaren helburuak bi dira. Alde batetik, titulazioa duten gazteak nazioartekotze-arloan prestatzea, eta ezagutza akademikoak eta kanpoko merkatuetako esperientzia praktikoa eskaintzea. Bestetik, euskal enpresa eta erakundeak ekonomia globalaren erronkei eraginkortasunez erantzuteko prestatutako profesionalak hornitzea.
Beka hauek eskuratzeko, hautagaiek hainbat baldintza bete behar dituzte.
- 2025eko urtarrilaren 1ean 30 urtetik beherakoak izatea
- 2025eko maiatzaren 31 baino lehen lortutako goi-mailako unibertsitate-titulazioa edukitzea
- Administrazio-auzotasuna Euskadin izatea epea ireki aurreko 12 hilabetetik gorako antzinatasunarekin edo aurreko 10 urteetan zehar 5 urte jarraian.
Programak, gutxienez, B2 mailaren baliokidea den ingeles hizkuntza maila izatea eskatzen du, mintzamen eta idazmen proben bidez frogatu beharko dena. Edozein titulazioko hautagaiak onartuko diren arren, lehentasuna izango dute Ekonomia, Enpresa, Finantzak, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbidea, Nazioarteko Harremanak, Ingeniaritza eta Arkitekturarekin zerikusia duten graduek.
Ezin izango dira beka hauen onuradun izan antzeko programen bidez 6 hilabete edo gehiagoko kanpoko praktikak burutu dituzten gazteak. Era berean, bateraezina da aurreko deialdietan Beint beken, Global Training beken, ICEXeko beken edo antzeko erakunde eta autonomia-administrazioetako beken onuradun izana.
Izen-ematea egiteko, beharrezkoa da hautagaiaren izenean dagoen ziurtagiri digitala. Antolatzaileek gomendatzen dute izapide hau ez uztea azken egunerako, sor daitezkeen arazo teknikoei aurre egiteko.
BEINT programak 30 urtetik gorako ibilbidea du. 80ko hamarkadatik aurrera, Eusko Jaurlaritzak nazioartekotze-proiektu hau mantendu du, urtez urte merkatu globalaren errealitate berrietara egokituz. Hiru hamarkada hauetan, milaka gazte eta enpresa euskal ekonomiaren nazioarteko proiekzioan nabarmen lagundu duen ekimen baten onuradun izan dira.







