Zabalik da Auzolandegietarako aurretiko izen-ematea

EAEko udalerriren batean erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteek apirilaren 26ra arte eman ahal izango dute izena

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Apirilaren 22ra bitartean, zabalik izango da Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzak antolatzen duen Auzolandegiak egitasmorako aurretiko izen-emate epea. Ekimen hau Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta boluntariotza proiektu sozialetan parte hartu nahi duten 14-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Auzolandegiek jatorri ezberdinetako gazteak elkartzen dituzte helburu komun batekin: gizarte-proiekzioa duten lanak garatzea. Parte hartzeko, interesdunek EAEko udalerri batean erroldatuta egon behar dute, programaren ebazpena EHAAn argitaratu aurretik. Europar Batasunekoak ez diren gazteek, gainera, dagokien egoitza-baimena izan beharko dute.

Parte-hartzaileen adina 14 eta 30 urte bitartekoa izan behar da, nahiz eta auzolandegi bakoitzak bere adin-tarte zehatza ezartzen duen. Euskadin antolatutako auzolandegiak 14 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta dibertsitate funtzionala duten gazteen kasuan adin-muga hori 30 urte arte luza daiteke. Garrantzitsua da parte-hartzaileek auzolandegia hasten denean adierazitako adina izatea eta jarduera osoan zehar adin-tarte horretan mantentzea.

Nazioarteko Auzolandegiak

Nazioarteko auzolandegietan interesa dutenentzat, non hainbat herrialdetako gazteek parte hartzen duten, ezinbestekoa da ingelesez ondo hitz egitea. Zenbait kasutan, frantsesa edo alemana bezalako beste hizkuntza batzuk ere jakitea beharrezkoa izan daiteke. Nazioarteko auzolandegiak Euskadin, Estatuko beste autonomia erkidegoetan edo atzerrian izan daitezke.



Aurretiko izen ematea soilik Internet bidez egin ahal izango da, Gazteaukera webgunearen aurre-izenematea atalaren bitartez. Horretarako, identifikazio elektronikorako bitarteko bat behar da, hala nola BakQ, NANe edo beste batzuk. Adingabeen kasuan, gurasoen edo legezko tutorearen baimena ere aurkeztu beharko da.

Plazen zozketa

Aukera-berdintasuna bermatzeko, plaza-esleipena notario aurreko zozketa baten bidez egingo da apirilaren 23an. Hurrengo egunean emaitzak argitaratuko dira eta hautatutako pertsonek SMS bat eta posta elektroniko bat jasoko dute egokitu zaien hurrenkeraren zenbakiarekin eta plaza aukeratzeko egun eta orduarekin. Auzolandegien aukeraketa maiatzaren 5, 6 eta 7an egingo da.

Parte-hartzearen kostua 110 eurokoa da Euskadiko zein atzerriko auzolandegietarako, nahiz eta kopuru hori autonomia erkidegoaren arabera alda daitekeen. Nazioarteko auzolandegi batzuek kuota gehigarriak ezar ditzakete, helmugara iristean ordaindu beharrekoak.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako auzolandegiek 15 eguneko iraupena dute, baina beste autonomia erkidegoetan eta atzerrian iraupena bestelakoa izan daiteke. Antolakuntzak ostatua eta mantenua eskaintzen die parte-hartzaileei, normalean udal-lokaletan, eskola publikoetan edo aterpetxeetan.

Parte-hartzaile guztiek aseguru bat dute, jardueran izan daitezkeen istripuak eta hirugarrenenganako erantzukizun zibila estaltzen dituena. Hala ere, osasun-laguntza parte-hartzailearen kargura doa, beraz, ezinbestekoa da Osakidetzako banakako osasun-txartela edo beste edozein osasun-babes mota eramatea. Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetan edo Suitzan egingo diren auzolandegietarako, Europako Osasun Txartela edo Ordezko Behin-behineko Ziurtagiria eramatea beharrezkoa izango da. Eusko Jaurlaritzak, gainera, bidaian laguntza-aseguru bat eskainiko die Espainiako estatutik kanpoko auzolandegietan parte hartzen duten gazteei.

Deialdi honen inguruko informazio guztia Gazteaukera webguean aurki daiteke.