Zabalik da ahobizi eta belarriprest izateko izena emateko epea

Euskaraldia hasteko bi hilabete falta direla ireki da herritarrek izena emateko aukera euskaraldia.eus gunean

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Maiatzaren 15etik 25era izango den Euskaldiaren laugarren edizioan belarriprest edo ahobizi moduan parte hartu nahi duten herritarrek jada aukera dute izena emateko euskaraldia.eus webgunean. Bi hilabete eskas falta dira euskararen erabilera sustatzea helburu duen ariketa masibo honetarako eta bertan parte hartuko duten herritarrak animatzeko, aurkezpen ekitaldi bat burutu da Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Bertan izan dira, besteak beste, erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta entitateetako kideak.

Elkar mugituz egingo dugu

Iazko azaroan Iruñean egin zen aurkezpenean aurtengo edizioak aldaketa handiak izango zituela iragarri zen. Nabarmenena, noski, data aldaketa izan da, urtearen amaieran ospatzetik maiatzean egitera pasatu baita. Hala ere, ekimen honen ezaugarri nagusi diren txapek berdin jarraituko dute.



Horrela, izena ematen duten herritarrek, ahobizi gisa edo belarriprest gisa, aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute. Izan ere, oso garrantzitsua da parte-hartzaileek txapa janztea ekimenari agerikotasuna emateko eta aurrean den pertsonari euskararekiko konpromisoa erakusteko.

Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da, edo beste era batera esanda, euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktikoa. Hamaika eguneko iraupena duen ekimena da, baina gure hizkuntzak urte osoan euskara erabiltzea eskatzen du. Horregatik, Euskaraldia ‘arnas luzeko’ ekimen bat da. Azken finean, aurkezpen ekitaldian Taupako lehendakari Irati Iciar-ek  azaldu duen moduan, “edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu”.