Internetek eta AAk genero-estereotipoak areagotzen dituzte

Azterlan batek agerian utzi duenez, Interneten diren irudi gehienetan emakumeak, sistematikoki, gizonak baino gazteagoak dira.

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 291
  Irakurketa denbora:2 Minutu

Interneten diren 1,4 milioi irudiren azterketa batek agerian utzi duenez, emakumeak gizonak baino adin gutxiagorekin agertzen dira ia lanbide guztietan, batez ere, prestigiozko lanbideetan eta diru-sarrera handiak dituzten horietan. ‘Nature’ aldizkarian argitaratu den Stanford Unibertsitateko azterlanak azaltzen duenez, distortsio horrek ez du bat egiten errealitate demografikoarekin eta ChatGPT bezalako adimen artifizialeko sistemek genero-alborapen horiek erreproduzitu eta anplifikatu egiten dituzte curriculumak sortu eta ebaluatzean.

Stanfordeko hizkuntzalaritza kognitiboan aditu den Douglas Guilbeault-ek zuzendu duen ikerketan Google, Wikipedia, IMDb, Flickr eta YouTuben diren milaka argazki eta bideo aztertu dira. Irudi horiek guztiak 3.495 kategoriatan sailkatu dira. Emaitzek agerian utzi dutenez, emakumeak, sistematikoki, gizonak baino gazteagoak dira (eta, ondorioz, esperientzia gutxiagorekin). Status altuagoko lanbideen kasuan alde horiek are nabarmenagoak dira. Hala ere, errealitatean, lan-bizitzako batez besteko adina ia berdina da bi sexuetan. Adibidez, gizonezko medikuen kasuan, irudietan azaldu ohi diren gizonak 25 eta 34 urte artekoak izan ohi dira; emakumeen kasuan, berriz, 18 eta 24 urte bitartekoak. Alde hori errepikatu egiten da beste hainbat lanbidetan, hala nola, finantzekin harremana duten horietan.



Guilbeault-en ustez, distortsio hori hainbat faktoreren emaitza da. Edertasun-arauek neurriz kanpoko presioa egiten dute emakumeengan, gaztetasuna saritzen den ezaugarria delarik. Gainera, adinak estatusaren, autoritatearen  eta boterearen adierazle gisa funtzionatzen du, tradizionalki gizonekin lotu izan ohi diren ezaugarriak. Era berean, enpresek gero eta emakume gazteagoak kontratatzen dituzten arren, ez dituzte gizonen maiztasun berarekin mailaz igotzen eta, ondorioz, lidergoak gizonen esku izaten jarraitzen du.

Azterlanaren barruan ChatGPTri 40.000 CV faltsu sortzeko eskatu zitzaion, alborapen etnikoak saihesteko aukeratutako izenak zituzten 54 lanbidetarako. Emaitzek agerian utzi dutenez, hautagai femeninoak, batez beste, 1,6 urte gazteagoak ziren eta urtebete gutxiagoko esperientzia zuten. Curriculum horien ebaluazioa egitea eskatu zitzaionean, ChatGPTk puntuazio altuagoa eman zien adin handiagoko gizonei.