Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 168
Irakurketa denbora: Minutu 1
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaritzak gazteen artean gero eta kezka handiagoa eragiten duen ongizate emozionala ardatz izango duen ‘Kristalezkoak’ izeneko kanpaina garatuko dute. Kanpaina berriaren xedea da, bereziki, gazteek beren ongizate emozionalaren inguruan dituzten kezkak entzutea, ikusaraztea eta ulertzea. Izan ere, gazteriaren inguruan egin diren azken azterlanek agerian utzi dutenez, ongizate emozionala eta osasun mentala bihurtu dira gazteen kezka nagusietako bat. Hala ere, gai horri heltzen zaionean gazteen lekukotasunak, ezagutzak eta bizipenak ez ohi dira kontuan hartzen.
Pasa den urtearen amaieran 300 gazte inguruk parte hartu zuten Zarautzen, Gasteizen eta Bilbon gai hau jorratzeko antolatu ziren jardunaldietan. Saio horietan, gazteen ongizate emozionalean eragiten duten faktore nagusiei buruz eztabaidatu zen. Horien artean, honako hauek izan ziren gazteek gehien aipatu zituztenak: presio soziala, ideal eskuraezinak, diskriminazioa, aukerarik eza eta zarata etengabea.
Jardunaldi horien ondorio nagusia izan zen horrelako arazo konplexu bati aurre egin ahal izateko beharrezkoa dela erantzun sozial eta politiko integral bat.









