Kale itsu batean harrapatuta

Bi urte eskasean, bikoiztu egin da lan eta diru-sarrera ezagatik laguntza eske Gurutze Gorrira joan diren 16 eta 30 urte bitarteko gazteen kopurua.

Pandemiarekin batera hainbat gazteren zaurgarritasuna nabarmendu da. Bi urte eskasean, 16 eta 30 urte bitarteko gazteen kopurua bikoiztu egin da, lan eta diru-sarrera ezagatik laguntza eske Gurutze Gorrira joan diren 16 eta 30 urte bitarteko gazteen kopurua. Pandemia aurretik, 2019. urtean, erakunde horrek 99.591 gazteri eskaintzen zien laguntza Estatu osoan; 2020an kopuru hori 196.800 gaztetaraino igo zen, hots, % 97,7 gehiago. 

Euskadin eta Nafarroan, Gurutze Gorriak artatutako gazteen kopurua ia bikoiztu egin da Covid-19ren pandemiaren ondoren. Euskadin, 2019an, erakundeak 892 gazte artatu zituen eta 2020an 1.707, % 101 gehiago. Nafarroan, hazkundea % 95ekoa izan da; 2019an Gurutze Gorriak 538 gazte artatu zituen, eta urtebete geroago, 1.047.

Irailaren 15ean Gurutze Gorriak aurkeztu duen ‘Gazteak eta digitalizazioaren erronka Covid-19ren garaian: bizitzarako, enplegurako eta hezkuntzarako gaitasunak’ txostenak, besteak beste, biztanleriaren talde horrek dituen arrisku-faktoreak aztertzen ditu.

Gurutze Gorriko koordinatzaile nagusi Toni Bruelek oso modu gordinean azaltzen du gaur egun gazteek bizi behar duten egoera, “hiritarrak izatetik bizirik jarraitu behar duten pertsonak izatera pasatzen dira. Edozer gauza lortzeko arazoak dituzte: wifi datuen eskale bihurtzen dira, energia bilatzeko eta ordaintzeko eskale eta bizitzeko leku bat bilatu behar izaten dute”.

Txostenean azpimarratzen denez, gazteen artean gogo-aldarte negatiboa nagusitzen ari da gizarte- eta lan-zailtasunak dituzten gazteen artean eta horrek egiturazko arazo bat ekar lezake. Gazteak izan dira, bereziki, pandemiaren ondorioak modu larriagoan bizi behar izan dituztenak, bereziki, psikologikoki. Gainera, gazteen ongizate emozionala hipotekatuta agertzen da, bizi duten ziurgabetasun-egoerak eraginda.

Txostena prestatzeko Gurutze Gorriak 600 gazteri egin die inkesta.  

Behartutako emantzipazioa

Arriskuan dauden gazte horiek arazoak dituzten familietakoak dira, eta asko behartutako emantzipaziora behartuta daude. Askok ez dituzte DBHko ikasketak amaitu, langabezian daude edo muturreko lan-prekarietatea pairatu behar izaten dute. Haien gaitasun digitalak oso eskasak dira eta laguntza lortzeko sareak ere ahulak dira. Gainera, etorkinen kasuan, horietako asko egoera administratibo irregularrean aurkitzen dira.

Oso egoera ekonomiko larrian bizi diren familietan bizi diren gazteak izaten dira. Familien % 77k ezin die aurre egin 650 eurotik gorako ustekabeko gastuei, % 68k ezin dute oporretara joan urtean astebetez gutxienez, % 70ek ez dute automobil edo motorrik, erdiek baino gehiagok ezin dute ordenagailu pertsonala eduki, eta ia % 40k ezin dute etxebizitza tenperatura egokian mantendu edo ez dituzte zerbitzuak ordaintzen; hau da, ia erdiak energia-pobrezian daude.

Kale itsu batean harrapatuta

Gazte horien % 24k diote ezin dutela haragia, oilaskoa, arraina edo horien baliokide begetarianoa jan bi egunean behin.

Gazte horietako batzuek gizarte-bazterketa bizi izan dute edo bizi dute gaur egun, eta kaleko egoerak bizi  edo bizirauteko zailtasunak izan dituzte. Familien % 76,3 pobrezia eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daude, eta % 61,9 muturreko pobrezian. Arriskuan dauden eta etorkizunaren beldur diren neska-mutilak dira, inkestatutakoen % 41ek adierazi bezala. Kale itsu batean harrapatuta sentitzen omen dira. 

Enplegurik gabe 

Azterlanaren arabera, gazte horien % 52 lanik gabe dago eta % 48k soldatapean dagoela adierazten du. Lan egiten duten horien artean, % 28 aldi baterako lan-egoeran dago, % 12 noizean behingo lanarekin eta % 8k bakarrik du lan finkoa. Langabezian dauden gazte horien ehunekoa jaitsi egiten da ikasketa-mailaren arabera: derrigorrezko ikasketak dituzten horien artean langabezia-tasa % 63koa da, batxilergoa edo LH dutenen artean % 44 eta unibertsitate-ikasketak dituztenen artean % 26.

Gainera, emakumeen % 37k (gizonen % 10en aldean) dio ordaindu gabeko etxeko lanetan lan egiten duela. % 7k ezkutuko ekonomiako enpleguetan egiten du lan. Lautik batek lanaldi partzialeko aldi baterako kontratua du, batez ere 16 eta 21 urte bitartekoek. Eta % 12k noizean behin baino ez du lan egiten. Azterketan parte hartu dutenen % 8k baino ez du modu finkoan lan egiten. Lan-esplotazioa ohikoagoa izaten da 16 eta 21 urte bitarteko gazteen artean.

Lan-esperientziarik eza garrantzitsua da. Lan-esperientziarik gabeko 19 urtetik beherako gazteen ehunekoa % 61ekoa da; 19-24 urteko gazteena, aldiz, % 30 da, eta 24 urtetik gorakoena, berriz, % 11. Inkesta erantzun duten gazteen % 27k lana galdu du pandemia garaian. 

Generoari dagokionez, gazteengan eragin argia duten hiru dimentsio identifikatzen dira: zaintzak, enplegua eta genero-indarkeria. Enplegu-tasa txikiagoa, aldi baterako kontratuen tasa handiagoa eta langabezia-tasa handiagoa izateak are prekarioago bihurtzen du emakumeen egoera. Egoera horrek, gainera, okerrera egin ahal du nazionalitatearekin edo hezkuntza-mailarekin lotutako arrazoiengatik. 

Eten digitala

Sexuagatiko, adinagatiko, jatorriagatiko edo egoera ekonomikoagatiko diskriminazioak ere gazte horiei eragiten die. Gainera, horietako askok eten digitala pairatzen dute, dela gaitasunik eza, dela baliabide ekonomikorik eza edo konektibitaterik eza. % 55ek dio diru-sarrerak dituela Interneteko eta telefonoko komunikazioak erabiltzeko beharrak asetzeko. Hala ere, baliabide digitalak eskuratzeko oztopo nagusiak honako hauek dira: kasuen % 26an zerbitzua ordaintzeko dirurik ez izatea, % 20an konektibitaterik ez izatea eta kasuen % 16an gailurik ez izatea.

Kasu honetan ere, Derrigorrezko Hezkuntza amaitu ez duten horiek dira konektibitate arazo gehien izaten dituztenak, % 60ko proportzioarekin.

Gehienek telefono mugikorra dute, baina askok ez dituzte datu mugikorrik edo wifirako sarbiderik. Inkestan parte hartu duten gazteen erdiak baino gehiagok (% 52) adierazi du ez duela ordenagailurik edo tabletarik.

Hala, txostenean adierazten denez, eten digitala ez da soilik ezagutza eta trebetasunak eskuratzeko zailtasunaren ondorioa, eta gailuak eta sareetarako sarbidea izateko baliabideak ere kontuan hartu beharko liratekeela azpimarratzen du. Inkestan parte hartu duten gazteen % 36k bakarrik adierazi du inolako arazorik gabe sar daitekeela ingurune digitaletan.

Azterlanaren arabera, hainbat gaztek ez dute erabilgarritzat jotzen mugikorra edo Internet erabiltzea aisialdiaz, entretenimenduaz eta merkataritzaz haratago, lana bilatzeko edo izapide bat egiteko aurrez aurre egin behar dela pentsatzen jarraitzen dutelako. Hori oztopo bat da haien prestakuntza eta lan aukerak zabaltzeko.

Galdetutako gazteen erdiak (% 52) bakarrik erabiltzen ditu IKTak lana bilatzeko, eta % 30ek bakarrik erabiltzen ditu lanerako tresna gisa. Lana bilatzeko IKTak erabiltzen dituzten gazte horien artean % 55 emakumeak dira eta % 52 atzerritar jatorrikoak.

Gazteen % 35ek derrigorrezko ikasketak dituzte, % 47k batxilergoko edo LHko ikasketak, % 12k unibertsitate-ikasketak eta gainerakoek bestelako ikasketak.

Gogo-aldarte baxua

Horrek guztiak ondorio nabarmenak ditu. Horietatik guztietatik agerikoena gizarte- eta lan-arazoak dituzten gazteen artean orokortzen ari den gogo-aldarte baxua. izan ere, esan bezala, talde horretan, konfinamenduak izan du eragin psikologiko handiena.Inkestatutakoen laurden batek (% 25) dio estresatu egiten dela kontrako edozein egoeragatik, % 14k tristura sentitzen duela dio eta % 41ek etorkizunari beldurra diola.

Txostenak azpimarratzen du horietako batzuek emantzipazio zail baten edo emantzipazio behartu baten ondorioak jasaten dituztela. Hori, normalean, zaurgarritasun egoera batean ematen da, lan-prekarietate handiarekin edo ezkutuko lanarekin. Enplegurako gaitasun digital urriak dituzten gazteak dira, prestakuntza eskasarekin.  

Ikerketan parte hartu duten neska-mutilen istorioek askotan errepikatzen dituzte beren familien arrisku-baldintzak edo kalteberatasuna, eta pobreziaren belaunaldien arteko transmisioaren adibide garbia dira. Familia horietan gurasoek zailtasun larriak dituzte: langabezia, diru-sarrera txikiak, elikadura-pobrezia, pobrezia energetikoa, alokairua edo hipoteka-kuotak ez ordaintzea, etab.

Zailtasun horiek seme-alabei laguntzeko familien muga bihurtzen dira, eta prestakuntza uztearekin eta lan-merkatura azkar ateratzeko beharrarekin lotzen dira.