“Gazteriaren etorkizuna eta prekarietatea bateraezinak dira”

Carlos Amatriain. Nafarroako Gazteria Institutuko zuzendari kudeatzailea

Nafarroako gazteriaren egungo egoeraren edozein azterketa, ezbairik gabe, duela urtebete geroztik bizi dugun osasun egoerak baldintzatzen du. Zenbateraino eragin dio Covid19aren pandemiak Nafarroako gazteriari? Zer neurri hartu dira Nafarroako Gazteriaren Institututik egoera horri erantzuteko?

Gaur egungo egoerak eragina izan du gazteen artean; izan ere, ikusi dute pandemiak gutxieneko adierazpenera murriztu dituela beren lan- eta bizi-itxaropenak, diru-sarrerarik edo egonkortasunik ez dutelako bizi-proiektu bat osatzeko. Duela zenbait hamarkada jada hor ziren erronkak dira eta, orain, kroniko bilakatu dira. Pandemiak denboran bat egin du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Gazteriaren Institutua gazteriaren arloko zeharkako politikak bultzatzeko erakunde gisa berreskuratzearekin. Ikuspuntu horretatik abiatuta, Administrazioa, gazteria eta sektoreko entitateak helburu beretan lerrokatzea ahalbidetuko duen sareko lan bat indartzeko lan egiten dugu, gazteak entzuteko, laguntzeko eta sustatzeko gaitasunarekin.

Konfinamenduaren lehen hilabeteetan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak azterketa bat egin zuen (#Noladaramazu) Nafarroako gazteek koarentenaren aurrean eman zuten erantzuna aztertzeko. Zuk zeuk aurkeztu zenituen emaitzen arabera erantzuna oso positiboa izan zen. Zoritxarrez, batez ere udako hilabeteetan, hedabideetan protagonismo handiagoa izan dute beste portaera batzuek (kaleko edanak, etab.). Zer iritzi duzu horri buruz?

Zentsuratzeko moduko jarrerak eman daitezkeela onartuta eta horietako asko sarritan kriminalizatzen diren arren, oro har, gazte gehienek duten konpromisoa nabarmendu nahiko nuke. Nafarroako gazteriaren gehiengoa arduratsua, solidarioa, parte-hartzailea da eta desparekotasunen jakitun da. Aipatzen dituzun bestelako portaera horiek baino, nahiago nuke modu espontaneoan bizilagunei eta egoera ahulean dauden pertsonei laguntzeko sortu ziren, eta hainbat kasutan gazteen parte-hartzea izan zuten, boluntario-ekintzak nabarmendu. Ekintza positibo horien guztien artean, Pertsona Gaztearen Saria irabazi duen Aimar Romeok pandemiaren aurkako borrokan egindako lana edo azaroan Ribaforadan izan zen baheketan gazteen parte-hartzea azpimarratuko nituzke.

Pasa den urtearen amaieran III. Gazteria Planaren oinarria izango den Gazteriaren Foru Estrategia onartu zen. Zein fasetan aurkitzen da une honetan?

Onartu berri dugu. Helburu nagusia da datozen hiru urteetarako Nafarroako gazteria-politiken ekintza-ildoak zehaztea, eta horren antolaketa gazteen beharretara eta Estrategian jasotako edukietara egokitzea. Planaren barruan 140 ekintza jasotzen dira eta horietako bakoitza neurri zehatzetan islatzen da. 2021. urterako, adibidez, 54 milioi euroko inbertsioa egingo da lan-ildo ezberdinetan.

III. Gazteria Plana onartu berri dugu eta horren barruan 140 ekintza jasotzen dira. 2021. urtean 54 milioi euroko inbertsioa egingo da lan-ildo ezberdinetan.

Pasa den urtearen amaieran, Eusko Jaurlaritzako gazteria zuzendariari egin genion elkarrizketan, honek ‘enplegua’ eta ‘emantzipazioa’ EAEko gazteria politiken ardatz nagusiak izango zirela azaldu zuen. Nafarroan ere gai horiek izango dira nagusi? Bestelako gaiei emango zaie lehentasuna?

Emantzipazioa gure lanaren egitura-ardatzetako bat da, gizartearen erronka garrantzitsuenetako bat baita. Aurten, adibidez, hezkuntza, enplegua eta etxebizitza esparruetarako 49 ekintza planteatu dira eta, guztira, 20 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da. Gainera, berdintasun- eta jasangarritasun-politiken garrantzia ere aldarrikatu nahi dugu. Gazteriak bi gai horiei, berdeari eta moreari, garrantzi handia ematen diote eta gazteriaren parte-hartzea, hein handi batean, gai horiei lotuta dago.

Pasa den urtean 2.500 gazte inguruk Emanzipa programaren laguntzak jaso zituzten. Nola ikusten duzu emantzipazioaren arazoa Nafarroan?

Biztanleria gaztearen emantzipazio-tasa berriz ere jaitsi da eta 2020. urtean % 15,9koa izan zen, Estatuko batezbestekoaren azpitik (% 17,3). Urtebete lehenago % 21,4koa zen. Egoera horretan bi dira eragiten duten aldagai nagusiak: alokairuzko etxebizitzaren prezioa eta langabezia. Emanzipa programa zabaltzeaz gain, Nafarroako Gobernutik alokairuzko etxebizitzaren eskaintza sendotzeko lan egiten da, herritar guztiei eta, bereziki, gazteei, sarbidea errazteko. Horretarako, alde batetik, jada eraikita dauden edo erabili gabe dauden etxebizitzen alokairuari ematen zaio lehentasuna Alokairuen Poltsaren bidez. Bestalde, Navarra Social Housing programaren bidez etxebizitza berrien eraikuntza sustatzen da.

Estatu-mailan gazteen langabezia-tasarik txikienetako bat izan arren (% 30 inguru pasa den urtearen amaieran), langabezia % 48 baino gehiago hazi da 30 urtetik beherakoen artean, eta dagoeneko 8.000 gazteri baino gehiagori eragiten die Nafarroan. Enpleguarena dugun erronkarik handiena da, gazteriaren etorkizuna eta prekarietatea bateraezinak baitira. 

Lan-baldintza egonkorrik gabe zaila da bizitza-proiektu bat eraiki ahal izatea. Azken urtean bizi izan dugun krisiak, bereziki, gazteak kaltetu ditu. Zein da egoera Nafarroan?

Estatu-mailan gazteen langabezia-tasarik txikienetako bat izan arren (% 30 inguru pasa den urtearen amaieran), langabezia % 48 baino gehiago hazi da 30 urtetik beherakoen artean, eta dagoeneko 8.000 gazteri baino gehiagori eragiten die Nafarroan. Nire ustez, hori da dugun erronkarik handiena, gazteriaren etorkizuna eta prekarietatea bateraezinak baitira. Nafarroako Gazteriaren Institutuan lan egiten dugu Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin gazteen artean orientazio zerbitzuen erabilera areagotzeko eta hobetzeko eta lan merkatuaren beharretara egokitu daitezen, gazteen kualifikazioa hobetzeko.

Euskal Herrian gazteria esparruan lan egiten duten hainbat eragile #gazteagora egitasmoan aritzen dira elkarlanean. Maila instituzionalago batean horrelako lankidetzarik al dago?

Badira zenbait topagune, hala nola, Piriniotako Lan-Komunitatea non, aurten bertan, Gazteen Pirinioez Gaindiko Foroa egitea aurreikusita dagoen. Bada NAEN  Euroeskualdean (Nouvelle Aquitaine, Euskadi eta Nafarroa) gazteriaren inguruko lantalde bat. Kasu horretan, Nafarroatik hiru eskualde horietako gazteentzako auzolandegi bat egitea planteatu dugu. Gainera, maila teknikoan harreman handia dago lan-ildo ezberdinak partekatzen ditugulako.

Txertaketak hasi badira ere, epe motzera ez dirudi egoera honetatik aterako garenik. Uda hor bertan da eta, normalean, gazteria arloko hainbat egitasmo hilabete horietan gauzatzen dira. Kezkatzen al zaitu horietako asko, beste urte batez, egin gabe geratzeak? Zer eskaintza egiten da edo planteatzen du NGIk?

Udako jarduerak diseinatzeko lan egiten dugu, egon daitezkeen murriztapenak alde batera utzita, horiek gauzatu ahal izateko, aisialdi hezitzaileko espazioak gazteentzat seguruak eta beharrezkoak direla frogatu baita. Horrela, udako jarduerak biltzen dituen UDA programaren barruan sei auzolandegi planteatu ditugu ingurumena eta  kultura eta memoria historikoa gaiak jorratzeko. Aldi berean, gazte-erakundeei eguneko jarduerak eskainiko dizkiegu Nafarroako hainbat gune naturaletan. Horri guztiari, Gazte Txartelaren jarduerak gehitu behar zaizkio. Zalantza gehiago ditugu aire zabaleko kanpaldiak egiteko aukeraren inguruan, baina oraindik goiz da erabaki bat hartzeko.

Ia 90.000 nafar gaztek dute Gazte Txartela. Zein da horren erabileraren inguruan egiten duzun balorazioa? Pandemiak modu negatiboan eragin al du?

Eskaintzen duen abantaila iraunkorren sistematik haratago, Gazte Txartelak ekimen ugari bultzatzen ditu, batez ere kulturarako sarbidea eta aisialdiko eta mugikortasuneko jarduerak. Hasierako geldialdiaren ostean, iaz programa pandemiak ezarritako beharretara egokitu genuen eta hainbat jarduera burutu ahal izan genituen. Horietan guztietan 9.000 lagun inguruk hartu zuten parte. Kasu gehienetan aire zabalean egindako jarduerak izan ziren; horiek gazteriak bizi behar izan duen egoerarako alternatiba baitira. Asko izan dira eskaintza mantentzeagatik eta, baldintza horietan, aisialdi eskaintza zabaltzeagatik eskerrak eman dizkigutenak.