Nafarroako Gazteriaren Institutuko (NGI) zuzendari kudeatzaile Carlos Amatrianek berak zuzentzen duen Institutuak Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren bidez egin duen #NolaDaramazu inkestan jasotako datuen berri eman du. Aipatu galdetegia azken astetan konfinamenduan izan diren Nafarroako 14 eta 30 urte bitarteko 2.651 gazteri egin zaie apirilaren 3 eta 11 bitartean sare sozialen bidez.

Amatrianek azaldu duenez, “Nafarroako gazteek konfinamenduaren ezohiko egoera konpromisoarekin eta jarrera arduratsuarekin bizi izan dute, eta gai izan dira ikasketak, familiarekiko harremanak eta harreman sozialerako modu berriak uztartzeko, ohitura eta ordutegi berriak eta aisiarako edo boluntariotzarako jarduerak ezarriaz”.

NGIko zuzendariaren hitzetan, “Nafarroako gazteek konfinamendura egokitzeko gaitasun handia izan dute; egoera berrira egokitzeko gai izan dira eta etxean elkarrekin egoteko denbora gehiago izatearen ondorioz areagotutako familia-harremanak modu positiboan baloratuaz, eta, oro har, jarrera positiboarekin aurre eginaz lagunekin eta aisiarako jarduerekin eta kirolarekin harremanik ez izateari. Ezbairik gabe, gure gazteen aurpegirik onena ikusi dugu unerik gogorrenetan”. 

Konfinamenduak, nagusiki, hezkuntzan izan du eragina. Izan ere, ikastetxeetan zuzeneko eskolak bertan behera geratu zirenez, horrek zuzenean eragin zuen gazteen errutina, ohitura eta ordutegietan. Horrela, inkestan parte hartu duten gazteen erdia baino gehiagok (% 52,4) azaldu duenez ordutegien eta jardueren eguneroko errutina bat ezarri du bere ekimenez; % 20k, berriz, errutina berria familiatik, ikastetxetik edo lan-ingurunetik ezarri diotela aitortu du.

Etxetik atera ezinik izan badira ere, nafar gazteek harreman sozialak izaten jarraitu dutela jaso du inkestak. Horrela, inkestan parte hartu duten gazteen gehiengoak adierazi du areagotu egin dela familiarekin edo hurbileneko lagun-taldearekin hitz egiteko denbora. Aisiako jarduerei eta etxearekin lotutako ohiturei dagokienez, % 70ak adierazi du lehen baino serie eta pelikula gehiago ikusten dituela orain, eta ia erdiak dio ohi baino gehiago garbitu, ordenatu eta lo egiten duela. Halaber, batez ere mutilek nabarmendu dute konfinamenduan zehar ordu gehiago igarotzen dituztela ordenagailuarekin eta kontsolekin jolasten.

Era berean, gazteen  %50 inguruk jarduera kolektiboren batean parte hartu duela azaldu du; adibidez, balkoietatik eta leihoetatik osasun-langileei egunero txalo egiten. Bostetatik bat, berriz, konfinamenduan zehar boluntariotzako sareren batean apuntatu da edo bizilagunei edo ahultasun-egoeran aurkitzen diren pertsonei laguntzeko prest agertu da.

Orobat, inkesta egindakoen % 70ak esan du konfinamenduan jarrera arduratsua eta konprometitua izaten ari direla, baina % 50ak adierazi du asperraldiak eta alferkeria-uneak esperimentatu dituela.

Familiako bizikidetza

Nafarroako gazteen % 87,2k konfinamendua gurasoekin edo nai-arrebekin igarotzen ari da. Gutxiengo batek (% 5,8) bikotearekin da eta % 1,1 bikotekidearekin eta seme-alabekin. Konfinamendua bakarrik igarotzen ari diren gazteen kopurua % 1,7ra mugatzen da.

Hamar gaztetatik ia bederatzi konfinamendua gurasoekin edo anai-arrebekin igarotzen ari da (%87,2). % 5,8 bikotearekin da eta beste % 1,1 bikotearekin eta seme-alabekin. Soilik % 1,7 aurkitzen da berrogeialdian etxean bakarrik. Halaber, ikusi da gurasoekin batera dauden gazteen kopurua % 6 inguru gehitu dela konfinamendu aurreko egunetatik hona.

Etxeko harremanei dagokienean, oro har, bizikidetza ona izan da berrogeialdian. Gazteen % 5 baino gutxiagok esan du familiako harremanak okertzen ari direla. Ostera, kopuru esanguratsu batek (% 30,1) adierazi du harremanak hobetu egingo direla eta % 63,4ak bere horretan mantenduko direla.

Osasun-neurriak

Amatrianek azaldu duenez, inkestan jasotako datuen arabera, Nafarroako gazteria kontzientziatuta dago koronabirusaren aurrean ezarritako neurriak eta gomendioak betetzeko. Horrela, aipatu datu horien arabera, gazteen % 55,2ak, konfinamenduaren inguruko osasun-neurri guztiak jarraitzen ditu, % 38,7ak gehienak betetzen ditu eta % 4,3ak soilik bakarren bat. Ildo horretan, 25 urtetik 30 urtera bitarteko taldeak gehien jarraitzen ditu gomendioak; hots, %61,9ak.

Zentzu kritikoa koronabirusaren gezurren aurrean

Bestalde, gazteen ia erdiak ziurtatu du COVID-19arekin loturiko gezur asko jaso dituela, eta, horren aurrean, 10etatik 7k jasotako mezuren bat egiaztatu dute zurrumurrua zen jakiteko. Beraz, horrek erakusten du Nafarroako gazteriak zentzu kritikoa duela eta jasotzen duen informazioa egiazkoa den jakiteko interesa duela.

On line klaseen segimendu altua

Ikasleen % 88k adierazi du klaseak on line jasotzen ari dela, nahiz eta prozesu horretan zailtasunen bat eduki eta eskolak zuzenean jasotzea nahiago izan.

Inkesta ikasturteko berrantolaketa curricularra ezagutu aurretik egin zenez, ikasle gazteek gehienbat jakin nahi izan dute ikasturtearen amaiera nolakoa izango den edo Lanbide Heziketan gradu- eta ziklo-amaierako praktikak nola egingo zituzten.

Lan-arloan, inkesta egindako egunetan lanean aurkitzen ziren gazteen ia erdiak lana telelanaren bidez egiten zuen, % 40,3ak zuzenean eta % 12,8ak zuzenean eta telelanaren bitartez.

Langabezian aurkitzen diren gazteei dagokienean, % 70 jada langabezian zegoen osasun-alerta hasitakoan, eta % 30ak adierazi du langabezian geratu dela koronabirusak eragindako egoera medio. Azken talde horretatik ia erdia baino gehiagok ez daki enplegua berreskuratuko duen: % 25ak baietz uste du eta % 5ak ezetz.

Azkenik, inkesta egindako gazteentzat garrantzitsua da konfinamendu garai honetan herritarren osasun mentala zaintzea, baztertzeko arriskuan aurkitzen diren pertsonak edo genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeak artatzea.

Antzemandako premiak

Galdetegian, gazteriaren premia nagusiak detektatzeko galderak ere egin ziren; modu horretan, inkesta egindakoei eskatu zitzaien Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jarduera-eremu desberdinak lehenesteko.

Horrela, gazteek lehentasunezko eremutzat jotakoen artean osasuna (%78), hezkuntza (%70,5) eta enplegua (%69,7) aurkitzen dira. Jarraian, portzentaje altuarekin, berdintasuna (%66,6), gizarteratzea eta aniztasuna (%59,6) edo emantzipazioa eta etxebizitza (%56) daude. Halaber, honako hauek bezalako arloetan interesatuta agertzen dira: lurralde-garapena eta Ingurumena, bizikidetza, kirola, kultura edo parte-hartzea.

Arlo bakoitzean gehien nabarmendutako gaiak Nafarroako Gazteriaren Institutuak landuko ditu Gazteriaren III. Planean sartzeko eta, ondorioz, gai bakoitzean esku hartzeko.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.