Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 619
Irakurketa denbora: 3 Minutu
Nastat-ek egin ohi duen azken Gizarte eta Bizi Baldintzen Inkestaren arabera, Nafarroako herritarrek gogobetetze-maila ‘handia’ azaldu dute beren bizi-baldintzekiko. Azterlana, Nafarroan bizi diren 15 urtetik gorako 2.620 herritarrei egindako inkestetan oinarritzen da eta ‘Cantril eskailera’ delakoan oinarrituta, biztanleriaren zoriontasunaren pertzepzio subjektiboa neurtzen du. Horretarako, bost gai aztertu dira:
- ingurumenarekiko eta klima-aldaketarekiko jarrera
- erantzukidetasuna etxeko lanetan eta zaintza-lanetan
- osasuna eta elikadura-ohiturak
- osasun mentaleko arreta-beharraren autopertzepzioa
- laguntza-sareak
Lehenengo Lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilari Felix Tabernak, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari Txerra Garcia de Eulaterekin batera, azterlanaren datu esanguratsuenak aurkeztu ditu. Gogobetetze-maila orokorraz gain, Tabernak ingurumenari eta kontziliazioari buruzko kapituluetan jasotako datuak nabarmendu ditu. Horrela, ingurumenaren kasuan, nafar herritarrek klima-aldaketaren inguruko kezka gero eta altuagoa azaltzen dute. Inkestak jasotzen duenez, gainera, herritar asko prest egongo lirateke zerga gehiago ordaintzeko horrek klima-aldaketaren ondorioak arintzeko balio badu.
Kontziliazioaren kasuan, berriz, etxeko-lanak eta zaintza-lanak, oraindik ere, nagusiki emakumeek egin ohi dituzten lanak izaten jarraitzen dute, baina erantzukidetasuna handitu dela ikus daiteke.
Bizi-baldintzak
0 eta 10 arteko eskala batean, nafarrek 7,5eko bizi-gogobetetzea adierazi dute. 2022an erregistratutako datuarekin alderatuta, gogobetetzea 0,4 puntutan hazi dela azpimarratu behar da. Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) konparazio-azterketaren arabera, Nafarroa bigarren postuan dago bertako biztanleen zoriontasunaren pertzepzio subjektiboari dagokionez, Balear Uharteen atzetik.
2022an bezala, azken inkestan, nafar herritarrek beren bizi-gogobetetzearen balorazio handiagoa erakusten dute etorkizunera proiektatzen direnean, orain baino. Zehazki, 2024an etorkizunerako aurreikusitako gogobetetzearen batez bestekoa 8,3 da, hots, 2022an baino 0,8 puntu gehiago. Ildo berean, oraingo gogobetetze-maila iraganekoa baino altuagoa da.
Tabernak oso positibotzat jo du Nafarroako biztanleek etorkizuna baikortasunez ikustea.
Inkestak agerian utzi duenez, zuzeneko lotura dago bizi-gogobetetasunaren eta diru-sarreren artean. Izan ere, maila ertaineko eta ertain/altuko herritarren artean, egun bizi-baldintzekiko duten gogobetetasun-maila 7,9 puntukoa da, maila baxua eta ertain/baxua duten horiek baino 1,3 puntu gehiago (6,6). Etorkizunera begira ere, baliabide ekonomiko gehiago dituzten horien gogobetetasuna ere altuagoa da, 8,4 eta 6,7, hurrenez hurren.
Ikasketa-mailak ere antzeko era batean eragiten du. Horrela, ikasketa-maila altuagoa duten herritarrek asebetetze-maila altuagoa adierazten dute.
Eskualdeei dagokionez, Nafarroako iparraldeko biztanleek gogobetetze-maila altuagoa azaltzen dute (7,6). Horrek bat egiten du, segur saki, eskualde horretan den maila sozio-ekonomiko altuagoarekin. Hala ere, etorkizunera begira, gogobetetze-maila handiena Iruñerrian jaso da.
Ingurumena eta klima-aldaketa
Inkestak jasotzen duenez, azken bi urteetan 0,5 puntutan hazi da nafar herritarrek ingurumenarekiko duten kezka eta une honetan, 0-10 eskala batean, 7,5 puntutan kokatzen da. Datu horrek bat egiten du Estatu mailan egindako beste inkesta batzuekin. Adibidez, CISek argitaratu duen azken barometroaren arabera, Nafarroa da, 82,7 punturekin, Kanariar Uharteen atzetik, gai horrekiko kezka-mailarik altuena azaltzen duen bigarren Erkidegoa.
Kasu honetan, emakumeek gizonek baino kezka handiagoa azaltzen dute, 7,7 eta 7,3, hurrenez hurren. Deigarria da 15-29 urte bitarteko gazteek kezka-maila baxuagoa azaltzea; 45 urtetik gorakoak dira, berriz, ingurumenarekiko eta klima-aldaketarekiko kontzientzia-maila handiagoa dutenak.
Esan bezala, herritar asko (% 35,4) zerga gehiago ordaintzeko prest azaldu dira ingurumena babesteko. Hala ere, arinki altuagoa da (% 36,6) neurri horren aurka azaltzen direnak. Gainera, 2022arekin alderatuta, nabarmen jaitsi da zerga gehiago ordaintzearen aldeko babes esplizitua (% 41,1 2022an eta % 35,5 2024an), eta, aldi berean, gora egin du aurka daudenen kopuruak (% 29,9 2022an eta % 36,6 2024an).
Etxeko lanak eta zaintza
Berdintasuna aztertu duen inkestaren atalean ikus daitekeenez, 2016. urteaz geroztik erantzukidetasunak etengabe egin du gora. Hala ere, etxeko lanak eta zaintza-lanak, nagusiki, emakumeek egiten dituzte oraindik ere. Familia eta lana uztartzeko ere emakumeek zailtasun handiagoak izan ohi dituzte.
Etxeko lanen kasuan, emakumeen % 56k dio “etxeko lanak beti edo kasu gehienetan” egiten dituztela. Kopuru hori % 33raino jaisten da gizonen kasuan. Gazteen artean erantzukidetasunaren igoera bat hauteman daiteke eta ikasketa-maila zenbat eta altuagoa izan, orduan eta etxeko lanak egiteko joera handiagoa.
Zoritxarrez, 15 urtetik beherako zaintzan, berriz, desparekotasuna mantentzen da. Kasu gehienetan (% 47,2) emakumeak dira seme-alaben zaintzaz beti edo gehienetan arduratzen direnak.











