Garapenerako lankidetzan espezializatzeko lau beka

eLankidetzak gazteak lankidetzaren eta elkartasunaren esparruan trebatzeko lau beka eskaini ditu. Hautagaitzak urriaren 8ra arte aurkeztu daitezke.

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 165
  Irakurketa denbora: Minutu 1

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka argitaratu berri ditu. Bekek hamabi hilabete iraungo dituzte eta eLankidetzak Gasteizen duen egoitzan egingo dira. Beka bakoitzaren zenbatekoa 22.000 euro gordinekoa izango da eta, kopuru horretatik, 2.000 euro formakuntzara bideratuko dira. Bekadunek honako arlo hauetan espezializatzeko aukera izango dute: lankidetza Afrikan, ekintza humanitarioa, gizarte-eraldaketarako hezkuntza eta giza eskubideen, pertsona, erakunde eta komunitate defendatzaileen babesa.

Beka hauen helburu nagusia da lankidetzaren eta elkartasunaren esparruan gazteen formazioa sustatzea. Era berean, gazteak euskal sektore horretan inplikatu nahi dira lankidetza-eragileak sendotzeko.



Hautagaitzak aurkezteko azken eguna urriaren 8 izango da. Eskabideak eta eskatutako dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko da, bai www.elankidetza.euskadi.eus webguneko deialdien atalean, bai www.euskadi.eus webguneren bidez. Jasotako eskaera guztien artean bekak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: gehienez 28 urte izatea 2025eko urtarrilaren 1ean, unibertsitate-ikasketetako titulazio ofiziala izatea eta, gutxienez, urtebeteko esperientzia izatea lankidetzaren arloan edo gizarte-eraldaketarako hezkuntzan.