Nafarroako 95 gazte lehen sektorean hasi dira Lurberri programaren eskutik

Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen laguntza horren bidez 4,5 milioi euro inguru banatu dira lehen instalazioak garatzen dituzten nekazari gazteen artean

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 247
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Nafarroako 95 gazte lehen sektorean hasi dira Nafarroako Gobernuaren Lurberri programari esker. Belaunaldiarteko erreleboa bermatzea helburu duen programak 40.000 eta 80.000 euro artean eskainiko die gazteei beren ibilbidearen hasieran laguntzeko.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kudeatzen duen laguntza hau pasa den urrian jarri den martxan eta NPBn jada jasota dauden lehen instalazioko laguntza arruntak eredu jakin batzuentzako pizgarri-prima batzuekin osatzen ditu. Prima horiek, beren konkurrentziaren arabera, nekazari bakoitzak jasotzen dituen zenbatekoak bikoiztu ditzakete.



Pizgarri-prima horiek diskriminazio positiboko irizpideen arabera arautzen dira nekazaritza eta abeltzaintza tipologia jasangarri zehatz batzuk laguntzeko. Horien artean daude, adibidez, kalitate-ziurtagiriren edo ziurtagiri ekologikoren bati atxikitako elikagaien ekoizpena, abeltzaintza estentsiboko etxaldeak, despopulazio-arriskuan dauden landa-eremuetan ezartzea, gazteak eta emakumeak lanean hastea edo instalazio berria titulartasunaren eskualdaketan belaunaldien arteko erreleboaren ondorio izatea.

Lurberri plan berriaren bidez 4,5 milioi euro inguru banatu dira laguntzetan, hots % 32ko igoera lehen instalazioko ohiko aurreko deialdiekin alderatuta. Lehen instalazioen ezarpena erraztu nahian, programan parte hartzen duten nekazariek laguntzaren erdia jasoko dute aldez aurretik eta beste erdia, berriz, enpresa-plana amaitzean. Onuradunen % 90 inguru gazteak dira eta herena emakumeak. Aurreko deialdiekin alderatuta % 10 inguru hazi da bi taldeen parte-hartzea. Landa Garapeneko zuzendari Rubén Goñik lehen deialdi honek erakarri duen eskaeraren maila azpimarratu du. Etorkizunera begira, Lurberri programa sendotzeko asmoa azaldu du eta inflexio-puntu diren eta nekazaritza-jardueran belaunaldiarteko erreleboa bermatzen duten instalazioak lehentasuna direla Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen etorkizunerako eta landa-mundu bizia eta aktiboa den landa-eremua mantentzeko azaldu du.