Lanak eta ikasketek ondorioak dituzte osasunean

FAD Juventudek eta Pfizer Fundazioak egin duten txosten batek agerian utzi duenez, hamar gaztetik hiruk etengabeko estresa dute lanaren edo ikasketen ondorioz. Gainera, gazte gehienentzat garrantzitsuena bizitzan, osasun ona izatea da garapen profesionalaren eta lan-arrakastaren oso gainetik

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: PeopleImages/Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 1186
  Irakurketa denbora: 6 Minutu

Lanak eta ikasketek ondorioak dituzte Estatuko gazteriaren osasunean. Ia heren batek (% 29k) etengabeko estresa jasaten du eta bosten batek antsietatea eta motibazio falta jasaten ditu. Hori da, hain zuzen ere, Fad Juventudek eta Pfizer Fundazioak argitaratu duten ‘Inserción laboral juvenil: aspiraciones, preocupaciones y desafíos’ txostenaren ondorio nagusia. Arazo emozional horiei ondoez fisikoak gehitu behar zaizkie. Gazteen ia erdiek (% 48,3k) giharretako min errepikakorra izaten du eta % 40,2k nekea edo atseden falta jasaten du. Irailean aurkeztutako azterlana 18 eta 29 urte bitarteko 1.200 gazteri egindako galdetegietan oinarritzen da.

Ondoez horrek prebalentzia handiagoa du emakume gazteen artean. Izan ere, emakume gazteen % 39,5ek lan edo ikasketa kontuengatik etengabeko estresa jasaten duela adierazi duen bitartean, portzentaje hori % 17,8raino jaisten da gizon gazteen kasuan, hots, 21 puntu baino gehiagoko aldea dago. Antsietatearen kasuan, antzeko fenomenoa gertatzen da, arrakala 20 puntu ingurukoa delarik. Horrela, emakume gazteen % 35,8k adierazi du etengabe pairatzen duela antsietatea eta gizon gazteen kasuan, aldiz, % 15,3k baino ez. Giharretako minek ere eragin handiagoa dute emakumeengan – % 22,3k etengabe jasaten dituzte– gizonengan baino (% 7,5).

Adina eta egin ohi den jarduera ere faktore erabakigarriak dira hautemandako ongizatean. 25 eta 29 urte bitarteko gazteak dira estres gehien jasaten dutenak; lana eta ikasketak uztartzen dituztenak dira, berriz, nekea eta atseden falta gehien pairatzen dutenak. Gazteen heren batek baino gehiagok adierazi du lan-gainkargak eta lanaldi luzeek eta atseden faltak eragin negatiboa dutela beren ongizate fisiko zein mentalean. Baldintza horiek berehalako ongizateari eragiteaz gain, epe ertaineko lan-itxaropenak ere baldintzatzen dituzte.

Lehentasuna osasuna da

Gazteek osasuna jartzen dute beste edozein asmoren gainetik. % 50,9ren ustez, bizitzan den gauzarik garrantzitsuena osasun ona izatea da eta, ondoren, lan-egonkortasuna (% 44,4). Askoz atzerago daude garapen profesionala (% 17,2) eta laneko arrakasta (%14,8). Emakume gazteek osasuna lehenesten dute gizon gazteek baino gehiago, 13,5 puntuko aldearekin (% 56,8 eta % 45,0, hurrenez hurren).



Lana eta familia eta aisialdia bateragarri egitearen garrantzia lan-lehentasunetan ere islatzen da. Gazteen heren batek baino gehiagok (% 34,8k) adierazi du lan bat aukeratzeko orduan garrantzitsuena dela lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea. Aldagai hori diru-sarrera handiak edo ospe profesionala izatea baino garrantzitsuagoa da gazteentzat. Emakume gazteek, bereziki, alderdi hori baloratzen dute, % 39,7k lehentasunezkotzat jotzen baitu gizon gazteen % 30aren aurrean.

Ikerketak erakusten duenez, gazteen ia heren batek aitortzen du egungo egoerak aisialdia murriztu (% 31,4) eta estresa normalizatu diela (% 30,4) eta % 27,7k berriz, iruzurtiaren sindromea bizi izan duela dio.

Soldata-prekaritatea eta genero-arrakala

Gazteen errealitate ekonomikoaren ezaugarri nagusia prekaritatea da. Estatuko lau gaztetik batek baino gehiagok hilean 1.100 baino gutxiago kobratzen ditu. Gainera, prekaritate egoera horri genero-arrakala ere gehitu behar zaio: emakume gazteen % 32,2 dago soldata-tarte horretan eta gizonen kasuan, % 20,7, hots, 11,5 puntuko aldea dago. Gazteen % 43,5ek hilean 1.100 eta 1.800 euro artean jasotzen ditu.

Emakumeek gizonek baino gehiago parte hartzen dute lan-merkatuan (% 64,1 eta % 51, hurrenez hurren), baina parte-hartze handiago hori ez da baldintza hobeetan islatzen. Are gehiago, emakumeek behin-behinekotasun gehiago eta soldata baxuagoak pairatzen dituzte.

Txostenak agerian uzten duenez, zuzeneko harremana dago hezkuntza-maila eta soldaten artean. Horrela, bakarrik bigarren hezkuntzako lehen etapa egin dutenen ia erdiek 1.100 euro baino gutxiago kobratzen dute.

Lan-merkatuaren erronkak

Soldata baxuak, lan-esperientzia lortzeko zailtasunak eta emantzipatzeko ezintasuna dira gazteek lan-merkatuari dagokionez aurre egin behar dioten erronka nagusiak. Emakumeek maizago aipatzen dituzte oztopo horiek: % 49,2k soldata baxuak aipatzen ditu eta % 40,5ek emantzipatzeko zailtasuna. Lan-etorkizunari buruzko kezken artean, honako hauek nabarmentzen dira: lanak denbora librerik gabe uztea eta arlo pertsonalean garrantzitsuak diren gauzei uko egin behar izatea (% 26,6), estresak eta presioak osasun mentalari eragitea (% 23,3), eta etorkizuna kontrolatu ezin diren gauzen mende egotea (% 22,4). Kasu honetan ere emakumeek gizonek baino kezka handiagoa azaltzen dute. Adibidez, estresak eta lan-presioak osasun mentalean izan dezakeen eraginaren inguruko kezka 10 puntu handiagoa da emakumeen artean.

Egonkortasuna eta bokazioa

Lan egonkor bat aurkitzea da lan-itxaropen desiragarriena (% 38,1) eta, ondoren, bokazioarekin bat datorren lana egiteko nahia. Azken nahi hori garrantzitsuagoa da emakumeentzat (% 36,8) gizonentzat baino (% 29,3).



Lanean ari direnen artean, egun duten enpleguarekin duten asebetetze-maila, oro har, nahiko altua da: % 8k bakarrik dio ez dagoela gustura. Hala ere, asebetetze-maila ezberdinak daude. % 49k dio egungo lan-egoerari buruz asebetetze-maila altua duela eta % 42,6k asebetetze-maila ertaina.

Ondoezaren kontrako estrategiak

Gazteriak bere osasuna babesteko estrategiak garatzen ditu. Lan egiten dutenen artean, heren batek baino gehiagok (% 36,7) gainkarga eta atsedenaldirik gabeko lanaldi luzeak aipatu ditu beren ongizate fisikoari eta mentalari eragiten dieten arazo nagusien artean. Horrelako egoeretan irtenbiderik ohikoenak dira lankideekin hitz egitea aldaketak proposatzeko  eta beste lan bat bilatzea.

Ikasten ari direnen artean, berriz, nota onak ateratzeko presioa, karga akademiko handiak eta lan-etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna dira beren ongizatea kaltetzen dituzten faktoreen artean gehien aipatzen direnak. Kasu horretan, gehien aipatzen diren irtenbideak honako hauek dira: ikaskideekin hitz egitea irtenbide bateratu bat bilatzeko (% 28,9) eta irakasleekin edo tutoreekin kontsultatzea (% 24,6).

Ikasten, lanean ala biak batera?

Txostenaren arabera, gazteen % 39,3k lan egiten du, % 25,1ek lana eta ikasketak uztartzen ditu eta % 18,2 ikasten ari da. Langabezian diren gazteak % 5,6 dira. Adinean gora egin ahala, gero eta handiagoa da lana jarduera nagusi gisa duten gazteen ehunekoa. 20 eta 24 urte bitarteko gazteen erdia lanean den bitartean, 25 eta 29 urte bitartekoan artean portzentaje hori ia % 80raino igotzen da.



Txostenak, gainera, lan-sektoreetan genero estereotipoek jarraitzen dutela egiaztatzen du. Horrela, gizonak, nagusiki, teknologiarekin eta informatikarekin harremana duten sektoreetan lan egiten duten bitartean, emakumeak osasun-jardueretan eta osasun-zientzietan (%14,5) eta hezkuntzan (% 13,8) dira nagusi.

Orientazioa eta formakuntza

Hamar gaztetik zortzik baliagarritzat edo oso baliagarritzat jotzen du ikastetxean jasotako orientazioa ikasketak aukeratzeko zein lan-markaturako sarbidea prestatzeko. Heren batek baino gehiagok dio bokazioa izan dela ikasketak aukeratzeko arrazoi nagusia, eta, ondoren, motibazio pragmatikoagoak aipatzen dira: lana bilatzeko aukerarik onena iruditzen zaion prestakuntza aukeratzea edo ordainsari handiagoa duten lanak eskuratzeko aukera ematen duten prestakuntzak aukeratzea.

Emakumeek garrantzi handiagoa ematen diote bokazioari eta gauza bera gertatzen da 25-29 urte bitartekoan artean eta goi-mailako ikasketak egin dituztenen artean. Gazteen ia erdiak uste du ikasketak baliagarriak izan zaizkiela edo baliagarri izango zaizkiela, batez ere, erakargarriak zaizkien enpleguetan sartzeko.

Profil profesionalak

Enplegu edo profil profesionalei dagokienez, honako hauek dira, lehentasun-hurrenkeraren arabera, erakargarrienak gazteentzat: Administrazio Publikoa eta oposaketak; osasungintza; sare sozialak, marketin digitala eta edukien sorkuntza; eta, adimen artifiziala, datuen analisia eta automatizazioa. Gizonek gehiago aipatzen dituzte AArekin, datuen analisiarekin eta automatizazioarekin harremana duten sektoreak (emakumeek baino 10,5 puntu gehiago). Emakumeek, berriz, nahiago dute osasunaren sektorea (gizonek baino 14,5 puntu gehiago).



Osasun sektorearen barruan, psikologia da interes gehien pizten duen adarra (% 32,5). Jarraian, honako hauek dira gehien aipatzen direnak: medikuntza (% 28,6), erizaintza (% 27,7) eta farmazia eta biokimika (% 22,1). Emakumeek interes handiagoa dute psikologiaren eta erizaintzaren inguruan, eta gizonek analisi eta diagnostiko klinikoaren inguruan.

Ekintzailetza eta teknologia

Gazteen erdiak baino gehiagok ekintzaile izatea pentsatu du, baina ez du inoiz pausu hori eman. Gizonek emakumeek baino interes handiagoa azaltzen dute ekintzailetzarekiko. Gazteen % 30arentzat ekintzailetza, nagusiki, proiektu propio bat garatzeko eta noiz eta zenbat lan egin erabakitzeko askatasunaz gozatzeko aukera da. Hala ere, ekiteko oztopoak indartsuak dira. Horien artean, sarrerak bermatzeko segurtasun falta, enpresa-gaitasunetan formakuntza falta eta hasieran zorpetu beharra dira gehien aipatzen direnak.

AAri dagokionez, erdiak baino gutxiagok dio ez duela inoiz teknologia hori erabili. AA erabili dutenen artean, erabilera ohikoena aisialdia da. Gizon gazteak baikorragoak azaltzen dira teknologia horrekiko; emakume gazteek, berriz, jarrera zuhurragoak hartzen dituzte, bai lan munduan izan dezakeen eraginaren inguruan, bai inplikazio etikoen inguruan.