Pasa den urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko ezberdinek 86,88 milioi euro bideratu zituzten garapenerako lankidetzako 1.308 ekimen babesteko. Kopuru hori 2003an bideratutakoa baino % 3,9 handiagoa da. Diruz lagundu diren egitasmo horiek guztiak euskal 250 GGKEk eta herrialde pobretuetako 368 erakundek kudeatu zituzten. Zenbaki horien xehetasunak eskuragarri daude Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian argitaratu berri den Euskal Lankidetza Zenbakitan 2024 txostenean.
Babestutako egitasmoak
Babestutako egitasmoei bideratutako funtsen erdia baino zertxobait gehiago (% 51,77) Amerikan garatu diren egitasmoetara bideratu da. Saharaz hegoaldeko Afrikan garatu diren egitasmoek, berriz, funtsen % 25,9 jaso dute.
Herrialdeei dagokienez, euskal elkartasunaren hartzaile nagusiak Guatemala, Kolonbia, El Salvador, Peru eta Palestina izan dira.
Azken lurralde horretara bideratutako 3.134.795 milioi euroak, batez ere, ekintza humanitarioko eta larrialdiko ekimenetara bideratu ziren, erantzun solidario gisa, Nazio Batuen batzorde independente batek Israelgo Estatuak Gazako Zerrendako biztanle palestinarren aurka egindako genozidiotzat jotzen duenari. Era berean, Libanora bideratutako funtsak herrialdearen hegoaldean dauden errefuxiatu palestinarrei zuzendu zitzaien.
Euskadi seigarren diru-hartzailea izan zen, gizarte-eraldaketarako hezkuntza ekimenei esker. Horiek lagundutako ekimenen % 12,87 izan ziren, eta 11,18 milioi euro. Hezkuntza ekimen horien helburua euskal herritarrak sentsibilizatzea eta tokiko zein beste lurralde batzuetako errealitateekin konektatzea da.
Garapen Jasangarrirako Helburuak
Txostenean lankidetzako euskal erakunde publikoek 2030 Agendari egindako ekarpena ere jasotzen da, genero berdintasunari (GJH 5), bakea, justizia eta erakunde sendoei (GJH 16) eta kalitatezko hezkuntzari (GJH 4) dagozkien helburuak nagusi direlarik.
Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria erakunde arteko ekimena da. Bertan, Eusko Jaurlaritzako eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, hiru foru aldundiek, Euskadiko hiriburuetako udalek, Zarauzko Udalak eta Euskal Fondoak parte hartzen dute. Ekimenak Euskal Unibertsitateko (EHUko) Hegoa Institutuko laguntza jasotzen du.
Informazio gehiago: https://euskalankidetza.hegoa.ehu.eus/eu/reports








