Egilea: José Poza
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 265
Irakurketa denbora: Minutu 1
Gaur hasiko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen 36. edizioko Epaimahai Gaztean izena emateko epea. Izena emateko inprimakia Donostia Gazteria webgunean aurki daiteke eta epea zabalik izango da datorren urriaren 20ra arte.
Azkeneko hogei edizioetan bezala, Donostia gazteriak antolatzen duen egitasmo honi esker gazteek modu praktiko batean parte har dezakete zinemaldi honetan. Gazteek Film Laburrik Onenaren Gazte Saria nork irabazten duen erabaki beharko dute. Horretarako, hautatuak diren epaimahaikide gazteek urriaren 31an, 16:00etatik aurrera, hautagai diren film labur guztiak ikusiko dituzte Antzoki Zaharrean. Emanaldiaren ostean gazte bakoitzak bere botoa eman beharko du irabazlea erabakitzeko.
Hautaketa prozesua eta baldintzak
Epaimahai gaztean parte hartu ahal izateko hautagaiek 18 eta 30 urte bitartean izan beharko dute 2025eko urriaren 31n. Eskaeren kopuruak eskaintzen diren 100 plazak gaindituko balitu, lehentasuna emango zaie Donostian erroldatuta dauden gazteei. Beharrezkoa izango balitz, zozketa bat egingo da urriaren 22an epaimahaikideak aukeratzeko. Hautatuak diren gazteek urriaren 25 baino lehen konfirmatu beharko dute beren parte-hartzea. Asistentzia konfirmatzen ez duten gazteak epaimahaitik kanpo geratuko dira eta itxaron-zerrendan diren horiengatik ordezkatuko dira.
Konpromisoa
Epaimahai gaztean parte hartzen duten gazteek zenbait konpromiso hartu beharko dituzte. Urriaren 31n izango den emanaldira joateaz gain, horietako bik irabazlearen izena iragarri beharko dute publikoki horretarako antolatuko den prentsaurreko batean.
Horren truke, parte-hartzaileek Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zenbait saiotara joateko aukera izango dute.
Izen-emateak
Epaimahai gaztean parte hartu nahi duten gazteek Donostia gazteria webgunean den inprimakia osatu eta bidali beharko dute. Epaimahaiaren osaketa webgune horretan bertan emango da ezagutzera eta hautatuak diren gazteek bide beretik konfirmatu beharko dute beren parte-hartzea.









