Adimen artifizialak egonezina eragiten du gazteen artean

12 eta 16 urte bitarteko gazteen % 84 adimen artifizialaren bidez eduki sexual faltsuak sortzeko bere irudia erabiliko duten beldur da

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Infografiak: Jose Poza
  Hitz kopurua: 1160
  Irakurketa denbora: 6 Minutu

Adimen artifiziala bi ahoko tresna gisa sartu da nerabeen bizitzan. Gazteen % 60 inguru teknologia horretaz baliatzen da ikasteko eta bost gaztetik batek konfiantzazko lagun gisa erabiltzen du. Baina, aldi berean, 12 eta 16 urte bitarteko neskek beldur berri bati aurre egin behar diote. Izan ere, % 84 adimen artifizialaren bidez eduki sexual faltsuak sortzeko bere irudia erabiliko duten beldur da. Hori da, hain zuzen ere Plan Internationalek Estatu mailan egin duen “Así somos. El estado de la adolescencia en España” ikerketak jasotzen duena. Azterlana 12 eta 21 urte bitarteko 3500 gazterekin egin da eta adimen artifizialarekin egunero bizi behar duen gazteriaren irudia eskaintzen du. Txostenak azpimarratzen duenez, generoaren araberako arriskuak guztiz ezberdinak dira, bereziki, indarkeria digitalari dagokionez.

Adimen artifiziala nerabeen egunerokotasunean sartu da egun batetik bestera eta hainbat gazte oharkabean harrapatu ditu. Inkestan parte hartu duten gazteen % 14k soilik dio ez duela teknologia hori erabili azken hilabetean, baina AArekin duten harremana paradoxa batek markatzen du: masiboki erabiltzen dute, eta mundu fisikoan dauden genero-desberdintasunak islatzen dituzten berariazko beldurrak ere garatzen dituzte.

Azterlana Estatu mailan nerabeen inguruan egin den ikerketarik handienetakoa da. Esan bezala, Autonomia Erkidego guztietako 12 eta 21 urte bitarteko 3500 gaztek parte hartu dute inkestan. Ondorioetan jasotzen denez, Z belaunaldiak eta Alfa belaunaldiko lehen ordezkariek AA ohiko tresnatzat hartu dute, baina bizikidetza horrek itzalak ere baditu, bereziki, nesken artean.



Izan ere, azterlanak utzi duen ondorio nagusietako bat honako hau da: 12 eta 16 urte bitarteko gazteen % 84 adimen artifizialaren bidez eduki sexual faltsuak sortzeko bere irudia erabiliko duten beldur da. Mutilei hainbeste eragiten ez dien beldur horrek (% 76) indarkeria digitalerako eredu berri bat islatzen du, gazteek benetako eta gertuko mehatxu gisa ikusten dutena.

Laguntzailea eta lagun mina  

Beldur horiek alde batera utzita, adimen artifizialak ikasgeletan aurkitu du bere gune nagusia. Hamar gaztetik seik tresna hori erabiltzen du bere ikasketa prozesuan, 24 orduz erabilgarri den tutore digital baten antzera. Baina teknologia horren erabilera zalantzak argitzeaz haratago doa: neska gazteen % 18k eta mutil gazteen % 12k konfiantzazko lagun gisa ere erabiltzen dute kezkatzen dituzten gauzei buruz hitz egiteko. 17 eta 21 urte bitarteko gazteen artean kopuru hori % 24raino igotzen da.

“Batzuetan adimen artifizialari galdetzen diot, nire familiarekin gai horren inguruan hitz egin ahal dudan arren, nahiago dudalako hori ez egin” azaltzen du inkestan parte hartu duen 18 urteko neska batek. Esaldi horrek argi erakusten du gazte askok teknologia horretaz egiten duten erabilera: gertuko ingurunearekin partekatu nahi ez dituzten zalantzak eta kezkak azaltzeko gune segurutzat hartzen dute.



Teknologia horrekiko asebetetze-maila orokortuta dago. Nerabeen % 65 inguruk positibotzat joten du horren erabilera eta bilakaera. Ehuneko hori nabarmen altuagoa da mutil gazteen artean (% 72) neska gazteen artean baino (% 65). Edozein kasutan, nolabaiteko mesfidantza ere azaltzen da. Izan ere, hamar nerabetik lauk ez lukete teknologia hori erabiliko arazo pertsonal bat izatekotan.

Beldur berriak ingurune digitalean

Eduki sexual faltsuekiko beldurraz haratago, adimen artifizialak bestelako beldurrak ere eragiten ditu gazteen artean. Horietako bat, bigarrena adierazitako garrantzian, desinformaziorako beldurra da: nesken % 82 eta mutilen % 71 albiste faltsuen beldur dira. Gehien aipatzen den hirugarren kezka edo beldurra osasun mentalaren diagnostikorako erabilera okerra da (nesken % 78 eta mutilen % 70, hurrenez hurren).

Adimen artifizialarekiko gehiegizko mendekotasunak ere kezka eragiten du gazteen artean, bereziki, nesken artean (% 68 eta % 61, hurrenez hurren). Beldur horrek badu bere oinarria, 12-16 urte bitarteko gazteen % 10 inguruk telefonoarekiko, sare sozialekiko edo adimen artifizialarekiko nolabaiteko mendekotasuna izan duela onartzen baitu.



Lau gaztetik hiruk dio litekeena dela AAk azkenean pertsonak ordezkatzea lan-eremuan, eta horrek, teknologikoki aldakorra den mundu batean beren etorkizun profesionalari buruzko ziurgabetasuna erakusten du.

Arrisku handiagoak neskentzat

Azterlanak agerian uzten duenez, arrakala handia dago adimen artifizialak izan ditzakeen arriskuen inguruan. Izan ere, izaera sexuala duten eduki faltsuen beldur izateaz gain, neska gazteek beren generoarekiko berariazko mehatxu gisa ikusten dute teknologia. Nesken % 40 inguruk uste du adimen artifizialak arrisku handiagoak dituela beraientzat mutilentzat baino. Mutilen kasuan, kopuru hori % 31 baino ez da.

Teknologiarekiko pertzepzio desberdin hori datuetan ikus daiteke: nesken % 7k dio indarkeria edo jazarpena jasan duela sare sozialen bidez edo AAren erabileraren bidez. Kopuru hori gauza bera dioten mutilen kopurua baino arinki altuagoa da (% 6). Ildo berean, mutil nerabeen % 72k adierazten du kezkatuta dagoela genero-jazarpena edo -indarkeria bidegabe leporatzeko aukerarekin.

Ondoez emozionala eta presio estetikoa

Adimen artifizialaren agerpenak gazteen osasun mentalaren egoera konplexu batekin egin du bat. Neska gazteen % 15ek horrelako arazoak dituela dio, mutil gazteen bikoitzak. Hamar neskatik ia lauk diote antsietate- edo izu-erasoak  izan dituela; mutilen kasuan, % 23k. Elikadura-nahasmenduak, pentsamendu suizidak eta depresioa ohikoagoak omen dira neska gazteen artean mutil gazteen artean baino, portzentualki bikoitza izanik. Testuinguru horretan, autodiagnostiko medikuetarako adimen artifiziala erabiltzea profesionalen artean kezka handia sortzen ari den gaia da.



Gorputzak edo itxura fisikoak kezka handia eragiten jarraitzen dute gazteenen artean, baina sare sozialek eta AAk are konplexuagoa egin dute kezka hori. Inkestatutakoen % 70 inguruk dio bere itxura fisikoagatik kritikak jasan behar izan dituela, nesken kasuan, presioa nabarmen handiagoa delarik.

Gazteen erdiak baino gehiagok erreferentziatzat hartzen ditu sare sozialetan ikusten dituen gorputz-ereduak eta hirutik batek bere gorputzaren atal batean ebakuntza egitea pentsatu du. AAk irudi faltsuak baina hiperrealistak sortzeko aukerak presio estetiko horri dimentsio kezkagarria gehitzen dio.

Belaunaldi bat trantsizioan

Erronka ugari izan arren, nerabeen gehiengoak bizitzaren ikuspegi positibo bat dute. Nesken % 76 eta mutilen % 80 pozik azaltzen dira beren bizitzaren alderdi nagusiekin, nahiz eta, etorkizunera begira baikortasun horrek behera egiten duen.

Txostenean jasotzen denez, politikarekiko gaitzustea nabarmena da. Hamar gaztetik zortzik diote politikari guztiek gezurra esaten dutela eta % 77k dio gazteen iritziak ez direla aintzat hartzen. Paradoxikoki, mutilen % 71k eta nesken % 58k uste dute teknologiak politikak baino eragin handiagoa duela gizartearen norabidean.

Hezkuntza eta araudia

Egileek ingurune digitalean nerabeen eskubideak babestuko dituzten neurriak ahalik eta lasterren ezartzea gomendatzen dute. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute hezkuntza digitala, emozionala eta afektibo-sexuala hezkuntzako lehen etapetan txertatzea.

“AAk gero eta eragin handiagoa duen mundu batean, baita ingurune intimoenetan ere, adimenaren eta hezkuntza emozionalaren aldeko apustua ezinbestekoa da nerabeak babesteko” azaldu du Plan Internationaleko zuzendari orokor Concha Lópezek.



GKEak AA eta plataforma digitalen jarduna arautzea ere eskatzen du, diseinu etikoa, adina egiaztatzeko prozesuak, datu pertsonalen babesa eta artifizialki sortutako edukien etiketak legez arautzeko.

Idaztear dagoen etorkizuna

Datuek adimen artifizialarekin bizitzen ikasten ari den belaunaldi baten erretratua marrazten dute, baina, aldi berean, ez du horrek guztiak ekar ditzakeen ondorioen inguruan hausnarketa kritikoa egiteko gaitasuna galdu. Nerabeak ez dira teknologiaren erabiltzaile pasiboak: bereganatzen dute, zalantzan jartzen dute eta aukerak eta mehatxuak aztertzen dituzte.

Izan daitezkeen arriskuen inguruan den genero-arrakalak agerian uzten duenez, adimen artifiziala ez da teknologia neutro bat. Aitzitik, gizartean jada diren desparekotasunak errepikatu eta areagotzen ditu. Mutil gazteek AA, nagusiki, ikaskuntzarako tresna erabilgarri gisa ikusten duten bitartean, neska gazteek ikuspegi kritikoagoa dute eta indarkeria digital eredu berriak sor daitezkeela ikusten dute. 

Adimen artifizialarekin hazi den lehen belaunaldiko gazteek erronka bikoitzari egin behar diote aurre: teknologia horrek eskaintzen dituen aukeraz baliatzea, berez dituen arriskuez babesteko beharrezkoak dituzten babesak eraikitzen dituzten bitartean. Hori egiteko gaitasuna, neurri handi batean, erakundeek prozesu horri hezkuntzarekin, erregulazioarekin eta etengabe aldatzen ari den errealitate teknologikora egokitutako babes-tresnekin laguntzen jakitearen araberakoa izango da.