Egilea: Jose Poza
Argazkia: Etxepare Euskal Institutua
Hitz kopurua: 379
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Manel Rodríguez-Castellók eta Ediciones Contrabandok jaso dute aurtengo Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria ‘Glosak·Glossar el Món’ lanagatik. Liburuak Tere Irastortza idazlearen poemak jasotzen ditu eta katalanez eta euskaraz argitaratuta dago. Sarituek 4.000 euroko saria jaso dute.
Liburuak idazle zaldibiarrak 1980 eta 2023 artean idatzitako zenbait testuen hautaketa biltzen du. Idazle gipuzkoarrak duela 43 urte idatzi zuen bere lehen poesia-liburua, ‘Gabeziak’ izenburukoa, eta ordutik hona beste hamar lan argitaratu ditu. Saria jaso duen antologiak aurreko lanetako poemen aukeraketa bat eta Irastortzaren ibilbide literarioaren atzera begirako ikuspegia osatzen duten testu argitaragabeak jaso bildu ditu.
Katalanerako itzulpena Rodríguez-Castellók egin du, Alkoin bizi den irakasle erretiratua baina ingelesetik, frantsesetik eta euskaratik hainbat itzulpen egin dituena. Ediciones Contrabando 2013an sortu zen Valentzian eta saritutako lana Penintsulako beste hizkuntzekin zubiak eraikitzea helburu duen Marte izeneko bildumaren barruan argitaratu du.
Lanaren kalitateari aintzatespena
Epaimahaiak, bereziki, itzulpenaren azken emaitzaren kalitatea baloratu du. Epaian azaldu denez, testua “bikaina da, hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala”. Ildo berean, idazleak proposatutako forma poetikoak errespetatzen dituela gaineratu du, eta euskaraz poemak duen espirituari erantzuteko katalanezko irtenbide naturalak bilatzeko egindako ahalegina ere azpimarratu da.
Edizioa elebiduna eta zaindua izatea ere aintzat hartu diren alderdiak dira.
Nazioarteko publikoarengana iristeko zubia
Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zuten Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena aitortzeko. Bertan parte hartu ahal dute edozein herrialdeko itzultzaileek zein argitaletxeek, betiere, itzulpena aurreko urtean argitaratua izan bada eta deialdiaren bestelako baldintzak betetzen badira.
Saria bi irizpideren baitan ematen da: itzulpenaren kalitatea eta argitaletxeek euskarazko literatura itzultzearen alde egindako apustua. Hortaz, saria itzultzailearen eta argitaletxearen artean banatzen da. Gainera, irabazleek beste 2.000 euro gehiago jaso ahal dute lana argitaratu den herrialdean bestelako sustapen lanak egiteko.
Manel Rodriguez-Castelló (Alkoi, 1958) Filologia Hispanikoan lizentziaduna da Valentziako Unibertsitatean, eta katalan irakasle aritu zen bigarren hezkuntzan 1983tik 2018ra, urte horretan erretiroa hartu zuen arte. Hainbat poema-liburu idatzi ditu, baita iritzi-artikuluak, kritika eta saiakera ere.
Ediciones Contrabando 2013aren hasieran sortu zen Valentzian, batez ere narratiban, saiakeran eta poesian ahots berezi eta kalitatezkoei bide emateko. Ohikotik kanpo kokatzen diren lanak dituzten, eta arriskuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten Iberiar penintsulako zein Hego Amerikako egileak biltzen ditu argitaletxeak.









