Egilea: Jose Poza
Argazkia: MarcantonioBartelloni / Shutterstock.com
Hitz kopurua: 464
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Bilboko Udalak ‘Green Kaleak’ izeneko egitasmo berri bat jarri du martxan. Egitasmoaren xedea da 18 eta 35 urte bitarteko gazteak hirirako jasangarriagoak diren aisialdi alternatiben sormenean inplikatzea. Bilboko Gazte Panelean sortutako idea batetik garatutako ekimena ‘Konekta Ideiak’ programaren barruan garatzen da. Global Shapers Bilbaok egingo ditu komisario-lanak.
Programa urriaren 7an jarri zen martxan La Perrera eraikinean. Egitarauak hainbat jarduketa hartzen ditu bere barne, hala nola, formakuntza-tailerrak edo proiektuetarako deialdi bat non 3.000 euroko saria eta sei hilabeteko laguntza profesionala eskaintzen den.
Programak espazio bat proposatzen du parte-hartzaileek gaurkotasun handia duten arazoen inguruan hausnar dezaten. Horien artean daude, adibidez, turistifikazioa, kontsumo azkarra, gentrifikazioa edo oso jasangarriak ez diren aisialdi-proposamenak. Programak arlo teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu tokiko erreferenteen parte-hartzearekin. Azken finean, asmoa da gazteak beren ingurunea modu kritikoan aztertzea bultzatzea eta Bilboko bizitza kulturala eta soziala eraldatu dezaketen sormenezko alternatibak proposatzea. Izan ere, egitasmoak arduratsuagoak, inklusiboagoak eta jasangarriagoak diren aisialdi forma berriak aktibatzea bilatzen du lankidetza-prozesu baten bidez. Asmoa da kontzientzia kritikoa sustatzea, komunitate-sareak indartzea eta hiri-ingurunea hobetzea pentsamendua eta ekintza uztartzen dituzten ekimenen bidez.
Hiru tailer praktiko
Urrian eta azaroan zehar hiru gaikako tailer egingo dira. Lehenengoa, “Aisialdi inklusibo eta irisgarria”, urriaren 14an izango da. Bertan, gizarte-erantzukizunaren eta jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak erakutsiko dira eta pertsona guztientzako aisia eskuragarria bermatzeko oztoporik gabeko jarduerak nola diseinatu azalduko da. Tailerrean parte hartuko dute, besteak beste, Bilboko Udaleko Berdintasuneko eta Jaietako Saila, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea, eta mugikortasun murriztua duten pertsonen eskubideen eta irisgarritasunaren aldeko ekintzaile Naia González.
Bigarren tailerra, “Ingurumen-jasangarritasuna aisialdian” izenburukoa, azaroaren 12an izango da. Bigarren tailer horren xedea da ekitaldi eta espazio publikoetan ingurumen-inpaktua murrizteko dauden aukera ezberdinak ezagutzera ematea, adibidez, ekonomia zirkularreko estrategiekin, hondakinen kudeaketarekin eta metodologia jasangarriekin. Tailerrean parte hartuko dute, besteak beste, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila, IHOBE, Sare Berdeak eta Laukariz Ekosistema.
Hirugarren eta azken tailerra, “Komunikazio eta branding jasangarriak” izenburukoa,azaroaren 18an izango da eta bertan, elkarte baten ikusgarritasuna indartzeko erabil daitezkeen komunikazio eraginkorreko eta branding estrategiak azalduko dira. Tailer honetan parte hartuko dute Turiskopiok, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Comunidad B Nortek.
Proiektuen finantzaketarako deialdia
Esan bezala, programaren barruan aisialdi jasangarriarekin nolabaiteko harremana duten egitasmoak diruz laguntzeko deialdi bat egin da. Eskabideak aurkezteko epea datorren azaroaren 24ra arte izango da zabalik. Jasotako proposamen guztien artean epaimahai batek, printzipioz, bi aukeratuko ditu, baina posible da gehiago izatea aukeratutako proposamenen aurrekontuek bat egiten badute eskuragarri den poltsarekin.
Hautatuak diren proposamenen sustatzaileek Global Shapers Bilbaoren banakako laguntza izango dute 6 hilabetez. Formakuntza horretan mentoring-a, erreferentziak eta sektoreko profesionalekiko harremana eskainiko zaizkie.
Gainera, Bilboko Udalak, gehienez,3.000 euro bideratuko ditu proiektu bakoitzeko (2 proiektu hautatuz gero) ekimena garatzeko, jardueretarako eta materialetarako, besteak beste. Jarduera guztietarako eta proiektuen deialdirako izen-emateak Bilbao Gazteren webgunearen bidez egin ahal izango dira.







