Unibertsitate-ikasle publikoen kopurua % 27 hazi da Nafarroan

Azken zortzi ikasturteetan NUPen eskaintza akademikoa % 44 handitu da eta irakasleen kopurua % 46

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 303
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasleria % 27 hazi da 2015-16 ikasturtetik 2023-24 ikasturtera bitartean. Kopuru horri esker unibertsitate-sistema publikoaren bultzada handiena duten autonomia-erkidegoen artean dago foru-erkidegoa. Nafarroan izandako igoera horrek ez du bat egiten Estatuan den joerarekin, non, aldi berean, ikasleria publikoaren proportzioa arinki jaitsi den (-% 0,14).

Datuak, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateak Ministerioak eta Fundación Conocimiento y Desarrollok argitaratutako txosten batean jasotzen dira. Txosten horren arabera, irakaskuntza ofizialetan % 44ko igoera izan da eta ikastetxeko irakasle eta ikertzaileen artean % 46koa.



NUPen kasuan, 2015-2016 ikasturtean 7.050 izatetik 2023-2024 ikasturtean 8.504 izatera igaro da graduko ikasketetan, hau da, % 21eko igoera izan da. Graduondoko ikasketetan igoera are handiagoa izan da, % 41ekoa, hain zuzen ere: 794 ikasletik 1.120 ikaslera igo da. Eta igoerarik handiena, doktorego-programetan erregistratu da; izan ere, doktoregaien kopurua ia hirukoiztu egin da, 202tik 581era pasatuz.

Eskaintza akademiko handiagoa

Eskaintza akademikoa ere modu esanguratsuan igo da. Horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoa 18 gradu eskaintzetik 27 eskaintzera pasatu da, eta gradu bikoitzen kasuan, bitik zortzira. Masterren kasuan, eskaintza 31tik 34 igo da, baina lehen ez zeuden master bikoitzen sei programa berri gehitu dira. Doktorego-programak, berriz, 12tik 16ra igo dira.

Irakasleriaren eta ikertzaileen kopuruak ere gora egin du azken zortzi urteetan: 863tik 1.259ra pasatu da, % 46ko hazkundearekin. Kopuru hori Estatuan erregistratutako batezbestekoa baino nabarmen altuagoa da (% 13,2).

2023-24 ikasturtea 2.300 ikasle berri baino gehiagorekin hasi zen, hots, aurreko ikasturteetan baino % 32 gehiago. Datu horrek berresten du nafar gazteek unibertsitate publikoarengan duten konfiantza-maila gero eta altuagoa.



Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Luis Garcíak azaldu duenez, “Gobernu autonomiko asko beren unibertsitate publikoak gutxiesten ari diren testuinguru nazional batean, Nafarroan finantzaketa-errekorrak hausten ari gara NUPen”. Garcíak nabarmendu duenez, nafar modeloak erakutsi du “arlo publikoaren alde egiteak ez du esan nahi bi unibertsitate-sistemak, publikoa eta pribatua, elkarrekin ezin bizi daitezkeenik”.