Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: EHU
Hitz kopurua: 322
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Ikerbasqueko Lourdes Basabek eta EHUko Fernando Benitok zuzendutako ikerketa-taldeak plaketatan aberatsa den plasma (PRP) odoletik modu errazean bereizteko gailu bat garatu du. Mikrofluidics Clusterreko ikertzaileek garatu duten sistema, gainera, eramangarria eta merkea da eta, hortaz, orain arte erabili ohi diren sistemen alternatiba izan daiteke. Izan ere, egungo sistema ia guztiak zentrifugazio tekniketan oinarritzen dira. Sistema horiek, garestiak izateaz gain, plaketak behar baino gehiago aktiba ditzakete eta ondorioz, plasma horren eraginkortasunak behera egiten du.
Plaketatan aberatsa den plasma (PRP) odol plasmaren frakzioa da, eta medikuntza birsortzailean balio handia du bere plaketa kontzentrazioari esker. Horrelako plasmak funtsezkoak dira orbaintzea bizkortzeko eta ehunak konpontzeko.
Sistema berritzailea
Orain arte erabili ohi diren sistemetan ez bezala, EHUn garatutako gailua grabitatean oinarritzen da plasma bereizteko. Grabitateaz baliatuz, gailuak fluidoa baino dentsoagoak diren partikula solidoak bereizten ditu ontzi baten hondoan bilduz. Gailua laser bidez moztutako xafla akrilikoekin eta itsasgarriekin eginda dago eta, ondorioz, kostu baxuan fabrika daiteke. 40 minutu eskasetan, 300 mikrolitro PRP ateratzeko gai da, mililitro bat odoletik abiatuta.
Gainera, sistema honen bidez lortutako plasman diren plaketen aktibazioa nabarmen gutxitzea lortu da. Ohiko sistemak erabiliz, batez beste, plaketen aktibazioa % 31 ingurua da eta EHUko sistema berriarekin, berriz, % 8 ingurukoa baino ez. Aldi berean, plaketen batez besteko bolumena (MPV) mantentzea lortu da eta hori funtsezkoa da PRParen eraginkortasun terapeutikoa gordetzeko.
Hainbat urtetako ikerketaren emaitza
Ikerketa-taldeak hamar urte baino gehiago daramatza Lab-on-a-Chip teknologia ikertzen. Horren baitan, normalean ekipo handi eta konplexuak behar izaten dituzten hainbat funtzio neurri txikiko gailu bakar batean kontzentratzea eta automatizatzea lortu nahi da. EHUk lortutakoa aurrerapen handia da eta “Lab on a Chip” aldizkari ospetsuak azaleko albiste gisa argitaratu berri du.
Lanaren lehen egilea Pablo Enrique Guevara Pantoja doktorea da, Microfluidics Cluster EHU ikerkuntza taldeko doktoratu ondorengo ikertzailea, Marie Curie COFUND beka entzutetsuari esker Ikertzaileak nazioarteko ibilbide sendoa du mikrofluidikan eta ingeniaritza biomedikoan, eta oihartzun handia izan duten argitalpen askoren egile nagusia izan da.








