Egilea: Lohizune Loroño
Argazkia: Shutterstock.com
Hitz kopurua: 358
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Harreman hori eteteko arrazoiak alde batera utzita, zure bikotekide ohiarekin harreman ona izaten jarraitzen al duzu? Sarritan, horrelako harremanek heldutasuna adierazten dutela uste ohi da. Baina kontuz! Baliteke horrela ez izatea eta, heldutasun ezaugarri bat baino gehiago, posible da atzean bestelako arazo psikologikoren bat izatea.
Bikotekide ohiekin harreman ona izaten jarraitzen duten askok uste dute hori iragana alde batera uzteko eta aurrera jarraitzeko gaitasunaren adierazle bat dela. Baina horrek ez du zertan horrela izan behar beti. Izan ere, horrelako harremanak oso gai interesgarria dira adituentzat eta horien inguruko hainbat ikerketa egin dira. Adibidez, gai honen inguruan Zeelanda Berrian egindako azterlan batek oso ondorio bitxiak utzi zituen.
Azterlan horren arabera, beren bikotekide ohiekin harreman onak izaten jarraitzen duten pertsonek, zenbait nortasun-nahasmendu izateko joera dute, hala nola nartzisismorako joera. Hainbat kasutan, bikotekide ohiarekin harreman ona izan nahi da modu horretan, zuzenean edo zeharka, etekin bat lortzen delako. Etekin hori, materiala edo sentimentala izan daiteke. Adibidez, horrelako kasuetan, ohikoa da bikotekide ohien artean aldizka sexu-harremanak izaten jarraitzea.
Atxikimendu emozionalak ere badu eragina, bereziki harremana luzea izan bada eta momentu atsegin asko izan badira. Horrelakoetan gehiago kostatzen zaigu pertsona berezi hori atzean uztea. Eta horrek, noski, pertsona horrekin harreman ona izaten jarraitzera bultzatzen gaitu. Adibidez, aipatu ikerketan parte hartu zuten zenbait pertsonak azaldu zutenez, bikotekide ohiarekin harremanak izaten jarraitzeko arrazoi nagusia bizitako momentu onak partekatzen jarraitzea da.
Gai garrantzitsua
Gai hau uste baino garrantzitsuagoa da. Izan ere, hainbat kasutan, ez dugu sakonki pentsatzen egiten ditugun gauza asko edo hartzen ditugun erabaki asko. Eta, horregatik, konturatu gabe, horren atzean arazo psikologiko bat edo nahasmendu bat egon daiteke.
Hau guztia esanda eta horrelako egoera batean aurkitzen bazara, komeni da harreman hori mantentzen jarraitzeko arrazoien inguruan hausnartzea. Horrelako kasuetan garrantzitsua da norberak bere burua ebaluatzea. Zure sentimenduak benetakoak badira eta zure bikotekide ohiarekin harremanetan jarraitzeko ezkutuko interesik ez baduzu, ez dago harreman hori eteteko arrazoirik. Ostera, bestelako arrazoi batzuk badira, komeni da horien inguruan sakoneko hausnarketa bat egitea eta harreman horrekin jarraitzea merezi duen ala ez erabakitzea. Ausardia behar da horretarako, baina emaitza edozein dela eta, hobeto sentituko zara zure buruarekin.








