Estatuko gazteen ia herena sexu-indarkeriaren biktima izan da

18 eta 30 urte bitarteko gazteen % 28,9k sexu-indarkeria jasan du, eta laurden batek bikotearenganako indarkeria

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 268
  Irakurketa denbora: Minutu 1

Espainiako Gazteria eta Haurtzaroa Ministerioak hil honetan bertan ezagutzera eman duen ‘Haurtzaroan eta nerabezaroan jasandako indarkeriaren prebalentzia’ izenburuko ikerketaren arabera, Estatuko 18 eta 30 urte bitarteko gazteen % 28,9k sexu-indarkeria jasan du haurtzaroan, eta % 25,7k bikote-harremanetako indarkeria.

Sigma Dos enpresak landutako txostenak 9.000 erantzun baino gehiago jaso ditu 18 eta 30 urte bitarteko helduen oroitzapenetan oinarrituta. Euskal Autonomia Erkidegoan 600 inkesta egin dira eta Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, 190. Txostenean sei indarkeria mota aztertu dira: psikologikoa edo emozionala, fisikoa, sexuala, bikote-harremanetakoa, zabarkeriakoa eta digitala.

Indarkeria motak

Aztertutako indarkerien artean larriena sexu-indarkeria da. Inkestatutako gazteen % 28,9k sexu-indarkeria jasan duela ziurtatzen du eta hamar biktimatik batek dio heldutasunean ere indarkeria hori jasaten jarraitu duela. Kasu horretan, erasotzaile nagusiak bikotekideak (% 32,3), ezezagunak (% 25,6) eta lagunak (% 21) izan ohi dira. 

Neskatoak, LGTBIQ+eko kideak, migratzaileak eta desgaitasuna duten pertsonak dira indarkeria-mota guztiak gehien pairatzen dituztenak

Bikote-harremanetako indarkeriaren kasuan, gazteen laurden batek indarkeria mota hori jasan izan duela adierazi du. Biktimen %13,3k dio heldutasunean ere pairatzen jarraitzen duela.



Indarkeria psikologikoak du prebalentziarik altuena: gazteen % 48,1ek jasan du haurtzaroan, eta gurasoak izan ohi dira erantzule nagusiak. Biktima horien % 22,5ek adierazi du heldutasunean ere jasaten jarraitzen duela. 

Indarkeria fisikoari dagokionez, gazteen % 40,5ek pairatu du, eta berriz ere gurasoak dira erantzule nagusiak, jarraian, ikaskide eta familia- eta eskola-inguruneak daudelarik.

Indarkeria digitalari dagokionez, gazteen % 24,9ri eragin dio, eta hamarretik batek heldutasunean ere jasaten jarraitu duela azaldu du. 

Zabarkeriako indarkeriaren prebalentzia % 24,4koa da, eta % 10,8k oraindik ere pairatzen jarraitzen du.



Ikerketak azpimarratzen du neskak eta neska-gazteak, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak, etorkinak, unibertsitateko ikasketak baino maila txikiagokoak dituztenak eta desgaitasun-gradu bat dutenak dira indarkeria mota guztiak gehien jasaten dituzten taldeak haurtzaroan eta nerabezaroan.