Adrián López Sarachaga: “Emantzipa laguntzak eskatzeko adin muga 35 urtera igo nahi dugu”

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaria

 Irakurketa denbora: 7 minutu
Zeintzuk izango dira hasi berria den urte honetarako Gazteria zuzendaritzaren lehentasunak?

Hurbilekoa eta ideia argidun profila dakart zuzendaritzara. Horregatik,  lehenik eta behin, nire asmoa da Gazteria eta Emantzipazioa zuzendaritza gertuagokoa egitea, kalean egotea, gazteei entzuten. Une honetan, zenbait proiektu ditugu martxan, hala nola, GAZ zerbitzuaren sare zabal bat egitea, Emantzipa laguntza hobetzea, aisialdiko taldeen beharrak entzutea eta Gazteen aldeko ituna, gazteekin eta gazteentzat definitzea. Horiek izango dira urte honetarako lehentasun nagusiak.

Itunaren kasuan jada lanean hasi gara, gazteei eta teknikariei kontsultak eginez Itun horretan jasoko diren edukiak zehazteko: berdintasuna, etxebizitza, enplegua…

Zalantzarik gabe, emantzipazioa da egun gazteek duten arazo nagusietako bat. Gazteria zuzendaritzaren datuen arabera, EAEko gazteak, batez beste, 29 urterekin emantzipatzen dira. Kopuru hori Europar Batasunean den batez bestekoa baino nabarmen altuagoa da. Zer dago hainbat gazteren bizitza-proiektu pertsonalak oztopatzen dituen arazo horren atzean?

Asko dira arazo horretan eragiten duten aldagaiak eta ez da konponbide erraza duen arazoa. Garbi dago etxebizitzaren prezioak, jabegoan zein alokairuan, oso garestiak direla eta horrek, noski, gurasoen etxetik alde egin ahal izatea oztopatzen du. Hala ere, nire ustez, emantzipazio-adina altuagoa izatearen atzean badira bestelako arrazoi batzuk. Adibidez, gazte askok formakuntzari garrantzi handia ematen diote lan-merkatura ahalik eta prestatuen iritsi nahi dutelako. Ondorioz, denbora gehiago ematen dute beren hezkuntza-ibilbidea osatzen.

Etxebizitzaren prezioek nabarmen egin dute gora eta, nolabait, horren inpaktua leuntzeko Eusko Jaurlaritzak Emantzipa programa jarri zuen abian emantzipatu nahi duten gazteei ekonomikoki laguntzeko. Zein nolako balorazioa egiten duzu programa horren inguruan?

Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztia egingo du gazteen emantzipazioa errazteko. Zuk aipatzen duzun Emantzipa laguntzaz gain, bada helburu bera duten Gaztelagun dirulaguntza ere, baina horiek beste sail batek kudeatzen ditu.

Emantzipa laguntza duela urtebete inguru jarri genuen martxan eta, horren baitan, emantzipatu nahi duten 25-29 urte bitarteko gazteek, bi urtez, 300 euroko laguntza jaso ahal dute. Balorazioa ona da, hainbat gazteri lagundu ahal izan diegulako, baina oraindik asko falta da egiteko. Garbi dago horrelako neurrien bidez gazteei emantzipatzen laguntzen diegula, baina ez dakit zein neurritan eragiten duten emantzipazio-adinean. Hau da, ez dakit horrelako laguntzei esker gazteak lehenago emantzipatuko diren ala ez.



Emantzipa laguntzaren lehen deialdi honetan 8.284 eskaera jaso ditugu eta eskatzaileen batez besteko adina 26,9 urtekoa izan da. Hala ere poltsa ez da oraindik agortu eta hurrengo deialdira begira zenbait aldaketa egin nahiko genituzke. Horietatik, agian, garrantzitsuena laguntza eskatu ahal duten horien adin-tartea zabaltzea izango da. Une honetan 29 urte baino gehiago dituzten horiek ezin dute laguntza hau eskatu eta hurrengo deialdirako muga hori 35-36 urte arte igo nahiko genuke. Aldaketa hori egin ahal izateko, aldez aurretik, dekretua aldatu beharko dugu, baina, esan bezala, asmoa adin-tartea zabaltzea da.

Horrez gain, laguntza eskatu ahal izateko errenta-baldintzak ere aldatu nahi ditugu. Indarrean den deialdian dagoen baldintzetako bat urteko errenta 3.000 eta 28.000 euro artekoa izatea da eta langa hori 30.000 eurora igo nahi dugu norbanakoen kasuan eta 36.000 eurora bikoteen kasuan.

Noiz aterako da Emantzipa laguntzaren bigarren deialdia?

Oraindik behin betikoa ez bada ere, asmoa bi hilabete barru edo ateratzea da. Ahal dugun neurrian gazteek duten beharretara egokitu nahi ditugu gure politikak, lehen deialdian oso informazio baliagarria lortu baitugu. Adibidez, laguntza eskatu duten gazteen % 70 inguruk alokairua ordaintzeko laguntza eskatu du. Gainera, orain arte landu ez dugun aukera bat planteatu dute hainbat gaztek: gela bakarra alokatzeko laguntzak jaso ahal izatea. Hau da, gazte askok ez dute etxebizitza oso bat behar emantzipatu ahal izateko eta gela eta bainugela eta sukalde komuna duten etxebizitzetan emantzipatzeko prest leudeke. Hori deialdi batean sartzea zaila izan daiteke, baina gazteek egiten duten eskaera bat da.

Pasa den urtean abian jarri zenuten beste egitasmo bat GAZ Informazio zerbitzua da. Zein da kasu honetan egiten duzuen balorazioa?

GAZ emantzipazio-prozesua hasi nahi duten gazteei zuzendutako informazio- eta laguntza-zerbitzua da. Printzipioz lau gai nagusiren inguruko informazioa eskaintzen zaie gazteei: ikasketak, etxebizitza, enplegua eta errenta aitorpena. Nolabait, emantzipazio prozesu osoari dagokion zerbitzua litzateke. Lehen hilabete hauen balorazioa oso ona da eta online zerbitzuan 5.600 kontsulta inguru jaso ditugu. Une honetan hiru bulego daude zabalik Bilbon, Gasteizen eta Barakaldon. Hurrengo hilabeteetan GAZ bulegoen sarea handitzea espero dugu, Donostian, Irunen, Arabako kuadrilen bidez, Bizkaiko mankomunitateekin… Sarea handitzeaz gain, gazteek zerbitzu honen inguruan duten ezagutza-maila ere handitu nahiko genuke.

Gazteen Euskal Behatokiaren ‘Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2023’ txostenean jasotakoaren arabera, gazteek ia beren soldataren 2/3 bideratu beharko lukete etxe bat erosi ahal izateko eta erdia alokairuan emantzipatzeko. Bi ehuneko horiek nabarmen gainditzen dute gain-zorpetze mugatzat hartzen de % 30eko langa. Aldi berean, gazteen batez besteko soldata inoiz baino altuagoa da (1500 eurotik gora). Nola da posible inoiz izan diren soldatarik altuenekin gero eta zailagoa izatea gurasoen etxetik alde egitea?

Gurpil-zoro batean gaudela esango nuke. Gazteon lan-baldintzak, oraindik, askoz gehiago hobetu behar badira ere (genero-arrakala, behin-behinekotasuna, prekaritatea…), nabarmen egin dute hobera azken urteotan, baina, hala ere, beren bizitza-proiektuak garatzeko zailtasunak gero eta handiagoak dira, bereziki etxebizitzarako sarbideari dagokionez.



Oso gai konplexua da, eta zaila da egoerari buelta ematea. Izan ere, ekonomiarekin lotura duten hainbat aldagaik eragiten dute hemen eta ez dago gure esku horiek aldatzea. Soldatak igo direla eta lan-baldintzek hobera egin dutela? Horrek, azkenean, eragin eskasa du prezioek gora egiten jarraitzen badute. Prezio horiek mugatzeko zenbait neurri har litezke, baina horiek bakarrik ez dute arazoa guztiz konponduko.

Azken urteetan arinki egin du gora 15-29 urte bitartekoen biztanleria-tasak eta % 15 ingurukoa da orain, kasu honetan ere Europako batez bestekoaren azpitik. Zer egin daiteke joera horri buelta emateko? Atzerritik etorritakoen esku dago irtenbidea?

Irtenbideak guztion esku egon beharko luke. Egia da biztanleria gazteak arinki egin duela gora eta hori, neurri batean, atzerritik etorri diren horiei esker ere izan dela. Gizarte bezala, komeni zaigu gazte gehiago egotea eta biztanleria gehiegi ez zahartzea. Horregatik, erakunde publikoetatik, gizartearentzat onak diren neurriak hartu behar dira, momentu bakoitzean diren beharretarra egokituz eta, nire kasuan, gazteentzat mesedegarri izan daitezkeen politikak sustatuz.

Atzerritar jatorria duten horiek gure gizartea gaztetzen lagundu dute. Hala ere, gero eta ohikoagoak dira, ‘Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa’ txostenaren arabera, immigrazioaren kontrako eta, oro har, ultraeskuindartzat jo daitezkeen jarrerak, bereziki, mutil gazteenen artean. Zer nolako iritzia duzu fenomeno horren inguruan?

Nik uste dut fenomeno global baten aurrean gaudela eta, nagusiki, sare sozialen bidez zabaltzen ari diren hainbat mezuen ondorioa dela. Azken boladan ikusi dugu Internet bidez mezu arriskutsuak zabaltzen ari direla eta, sarritan, horiek iristen zaizkie mezu horien benetako eragina ulertzeko behar adina ezagutzarik ez duten pertsonei, kasu honetan, gazteei. Egun dugun sistema politikoa izateko lan handia egin dute gure aurrekoek eta mezu horiek zalantzan jartzen dute hori guztia: demokrazia, ongizate-estatua… Horregatik, erakundeetatik lan egin behar dugu mezu horiei guztiei aurre egiteko, mezu horien benetako inpaktua azalduz.

Pandemia ostean egin izan diren gazteriaren azterketa ia guztietan fenomeno berri bat azaldu da: osasun-mentalarekiko kezka. Horren inguruko datuak al dituzue? Zein nolako neurriak har daitezke kasu horretan erakunde publikoetatik?

Garbi dago pandemia garaiaren ostean gazteen osasun emozionalak okerrera egin zuela. Ikusi ahal izan denez, gero eta gehiago dira antsietate- edo depresio-sintomak dituztela dioten gazteak eta, azken urteetan egin izan ditugun azterketa ezberdinetan, hala nola Aurrera Begira txostenean, osasun mentala azaltzen da 25-29 urte bitarteko gazteen lehentasun nagusi gisa. Internetek eta sare sozialek paper garrantzitsua dute egoera honetan ere, baina ez dira osasun mentalaren determinatzaile bakarrak.

Gai hori sakonago aztertu behar da eta gazteen osasun mentala hobetzeko beharrezkoak diren neurriak landuko digu, bai prebentzioari dagokionez, bai tratamenduari dagokionez.

Pasa den urtearen amaieran aurkeztu zen Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoaren arabera, euskal gazteriaren % 16 inguruk sarearen erabilera problematiko bat egiten du. Arazo hori, gainera, agerikoagoa omen da gazteenen eta emakume gazteen artean. Nola eragin dezake erabilera horrek gazteen osasun mentalean?

Sare sozialetan benetakoa ez den errealitate bat irudikatzen da. Belaunaldi gazteenek denbora asko ematen dute sarean; haien informazio-iturri nagusi bilakatu da. Internet informazio-iturri ona izan daiteke informazio hori modu egokian erabiltzeko tresnak daudenean, edo benetakoa den eta ez den informazioa bereizteko mekanismoak ditugunean.

Lehiakorregia den gizarte bat dugu, presio handia dago helburu zehatz batzuk lortzeko eta horiek lortzen ez direnean, arazoak sortzen dira. Hori argi eta garbi ikusten da itxura fisikoa dela eta sortzen diren arazoetan, bereziki, neska gazteen artean.

Advertisements