Gazteok hainbat oztopo ditugu gure bizitza proiektua garatzeko eta emantzipatzeko. Gaur egun 29,3 urtekoa da emantzipazio adinaren batez bestekoa: gazteek emantzipatu nahi luketen adina baina 5 urte beranduago lortzen dute pausua ematea.
Baina interesgarria da aurrera begira txosteneko datuak kontuan hartzea: “gazteen gogobetetze pertsonalaren indizea 100etik 71 puntura igo da; enplegua galtzeko edo prekarizatzeko arriskuaren pertzepzioak behera egin du; langabezian dauden gazteen % 72k uste du litekeena dela aurten lana aurkitzea, eta ikasle gazteen % 80k uste du bere prestakuntzaren araberako lana aurkituko duela; hori da serie historikoaren ehunekorik handiena; aste honetan jakin dugu Lanbide Heziketako tituludunen % 80k sei hilabete baino lehen aurkitzen duela lana; EAEko gazteen % 91k uste du ez duela nahitaez emigratu beharko, hau da, duela hamar urte baino zazpi puntu hobea. Etorkizunerako konfiantza-indizeak bost puntuko hobekuntza erakusten du”.
Emantzipazioaren atzeratzeak eragindako arazoak
Baina emantzipazioa bizi-prozesu askori lotutako bidea da: gazteentzat, emantzipatzeko ezintasunak atzerapenak dakartza beren bizitza- eta familia-proiektuen garapenean. Horrek, era berean, hainbat erronka eta desoreka eragiten ditu: esaterako, demografiarekin lotutakoak (amatasun-adinaren igoera, jaiotza-tasaren jaitsiera, belaunaldien arteko desorekak, gizartearen zahartzea…), beste arlo batzuetan ere eragina dutenak, hala nola ekonomian.
Ildo horretan, interesgarria iruditzen zait azpimarratzea fenomeno hori hemen errotuta dugun emantzipazioaren kultura-ikuskerarekin ere lotzen dela. Izan ere, emantzipaziorako abiapuntua bizitegi-autonomia den beste leku batzuetan ez bezala, autonomia ekonomikoa, lan-egonkortasuna, familia-aitorpena eta beste eskakizun batzuk lortu ondoren lortzen den helburutzat hartzen dugu hemen.
Horregatik, Euskadiko Emantzipazio-estrategiak aurre egiten dio Euskadik gazteria-arloan duen erronka historikoari. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik uste dugu estrategia honen bidez gazteen eskubideak bermatzen ari direla, agenda politiko eta publikoaren erdigunean egongo garela ziurtatuz, gure herrialdearen eraldaketaren parte aktiboa izanik.
Emantzipazio-estrategiak hamar trakzio-proiektutan antolatzen du bere jarduera-plana, gazteen emantzipazio-ibilbideetan garrantzi berezia duten bost eremuetan: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia. Estrategiaren V. Trakzio Proiektuaren helburua Emantzipa programa martxan jartzea zen, eta astearte honetan hau martxan jartzea lortu zen.
Honekin, hilean 300 euroko laguntza bideratzea ahalbidetuko digu, bi urtez, 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten 25 eta 29 urte bitarteko gazteeontzat.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarentzako hau ekimen garrantzitsua dela azpimarratze ezin bestekoa da, zalantzarik gabe. Baina, garrantzitsuena da ekimen isolatua ez delako. Hau autonomia- eta bizitza- eta familia-proiektuak eraikitzeko bideratutako neurrien ekosistema baten parte bait da.
Emantzipa laguntzaren betekizun orokorrak:
- 25-29 urte izan behar dituzu, biak barne.
- Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, edo azken 10 urteetan 3 urtez jarraian erroldatuta egotea.
- Errentamendu-kontratu baten titularra izan behar duzu, banaka edo errentarikide gisa (etxebizitza partekatzen duzulako), edo salerosketa-kontratu baten titularra, banaka edo jabekide gisa, kontratu horrek hileko ordainketa ekonomiko egiaztagarria badakar (alokairua, hipoteka edo mailegu pertsonala ordaintzea).
- Ezin zara ohiko etxebizitzaz bestelako etxebizitza baten jabe izan, non eta ez duzun egiaztatzen ezin duzula etxebizitza horretaz baliatu (banantze edo dibortzio arrazoiengatik edo zure borondatearekin zerikusirik ez duen beste edozein arrazoiengatik).
- Etxebizitzak laguntza eskatzen duzuenon ohiko egoitza iraunkorra izan behar du (etxebizitza horretan erroldatuta egon beharko duzu).
- Ezin duzu familia-loturarik izan etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin (bigarren mailara arte). Erosketaren kasuan, etxebizitza senide bati eros diezaiokezu, inolako mugarik gabe.
- Alokairuaren, hipotekaren edo maileguaren zenbatekoa banku-transferentzia bidez, Bizum bidez, ordainketa elektroniko bidez… ordaindu behar duzu.
- Beraz, dagoeneko aurkeztu daitezke emantzipazioko laguntza eskaerak. 25 eta 29 urte bitartean badituzu eta publikazioan azaltzen diren baldintza guztiak betetzen baldin badituzu, hilean 300 euroko dirulaguntza jaso ahal izango duzu.
Galdera gehiago izatekotan idatzi etxebizitza@egk.eus helbide elektronikora edo deitu ezazu 688737092 telefono zenbakira; bestela Gazteaurekako webgunean bila dezakezu informazio guztia.