Emantzipa programa otsailaren 20an hasiko da

Euskadin erroldatuta dauden 25 eta 29 urte bitarteko gazteek etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko 300 euroko laguntza jaso dezakete hilero

Datorren otsailaren 20an hasiko da 25 eta 29 urte bitarteko euskal gazteek Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Emantzipa programak emantzipazioa errazteko hilero jartzen dituen 300 euroak eskatzeko epea.

Batez beste, Euskadin gazteak 29,7 urterekin emantzipatzen dira, Europan baino hiru urte beranduago. EAEko 25-29 urte bitarteko gazteen heren batek baino ez du etxebizitza bat jabegoan edo alokairuan. Izan ere, euskal gazte gehienak 30 urte bete ondoren emantzipatzen dira: % 71,5ek 30-34 urte bitartean uzten du bere gurasoen etxea.

Emantzipak hilean 300 euroko zuzeneko laguntza eskaintzen die 25 eta 29 urte bitarteko gazteei. Laguntza jaso ahal izateko, etxe berean, gehienez ere, hiru gaztek jasoko dute laguntza. Gainera, laguntza, gehienez, 24 hilabetez jaso ahal izango da.

Baldintzak

Emantzipa programak oso baldintza argiak ezartzen ditu laguntza jaso ahal izateko. Eskatzaileek 25-29 urte izan beharko dituzte eta, urtean, 3.000 euroko gutxieneko sarrerak izan beharko dituzte eta, gehienez, 28.000 eurokoak (34.000 euro errenta aitorpena ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten bada). Ondasun, eskubide edo aktibo finantzarioei dagokienez, ezingo dira 75.000 eurotik gorakoak izan.

Horrez gain, eskatzaileek alokairu- edo erosketa-kontratu bat aurkeztu beharko dute. Era berean, Euskadiko edozein udalerritan erroldatuta egon behar da, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, edo azken hamar urteetan Euskadin hiru urtez jarraian erroldatuta egon dela egiaztatu behar da.

Laguntzak eskatzeko epea otsailaren 20an zabalduko da. Emantzipa laguntza bateragarria da jada helburu bera duten beste laguntzekin, hala nola, Gaztelagun, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta etxebizitzako prestazio ekonomikoa, gizarte-larrialdietarako laguntzak eta alokairu-gastuak ordaintzen laguntzen duten udal- edo beste administrazio publiko batzuen laguntzekin.

Ostera, ezin izango dute laguntza eskatu babes ofizialeko etxebizitza bat alokatuta duten gazteek Bizigune eta ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programak barne; edo, babes ofizialeko etxebizitza jabegoan duten horiek. Emantzipa laguntza, gehienez bi urtez jaso ahal izango da. Guztira, beraz, gazte batek gehienez 7.200 euro jaso ahal izango ditu. Aurreikuspenen arabera, lehen urtean 15.000 gazte inguruk eskatuko dute laguntza hau. 2024. urterako aurrekontua 53 milioi eurokoa izango da. Laguntza etxebizitza ordaintzera edo familia-etxetik kanpo bizitzeagatik erator daitezkeen gastuak ordaintzera bideratu behar da.

Emantzipa programaren bidez Eusko Jaurlaritzak Euskadin den batez besteko emantzipazio adina jaitsi nahi du 2030 urterako. Zehazki, egun den 29,7tik 28ra jaitsi nahi da aipatu batez bestekoa.