Emantzipa programa 2024. urtearen hasieran hasiko da

Hilean 300 euroko laguntza ekonomikoa bi urtez luzatuko da 25-29 urteko gazteen emantzipazio-prozesuei laguntzeko.

25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazio-prozesuei laguntzeko zuzenduta dagoen Emantzipa programa datorren urtearen hasieran jarriko da indarrean. Gaur egun, programa izapidetze-fasean dago, eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen nahitaezko txostenak behar ditu, hala nola Emakunde, Hizkuntza Normalizazio Zuzendaritza, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

Programak hilean 300 euroko zuzeneko laguntza ekonomikoa aurreikusten du emantzipazio-prozesuan dauden 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, baldin eta urteko errenta 3.000 eta 28.000 euro bitartekoa bada.

Onuraduna izateko, eskaera egin aurreko urtean Euskadin erroldaturik egotea eta azken hamar urteetan hiru urtez erroldatuta egon izana frogatzea eskatuko da. Bikotekidearekin emantzipatzen bada edo beste pertsona batzuekin bizi bada, dagokion zenbatekoa murriztuko da.

Emantzipa

Programa horren helburu nagusia gazteen emantzipazio-prozesuak erraztu eta sendotzea da, urrats hori egitea erabakitzen duten unean bultzada ekonomikoa emanez. Euskadin, gazte gehienak 30 urtetik aurrera emantzipatzen dira, eta 25 eta 29 urte bitarteko gazteen % 32,8 baino ez daude emantzipatuta.

Neurri hori gazteei beren autonomian eta bizitza- eta familia-proiektuen eraikuntzan laguntzea helburu duten ekintzen multzoan sartzen da. Bi urtez hilean 300 euroko laguntza emateaz gain, badira beste neurri osagarri batzuk ere, hala nola hilean 200 euroko laguntza hiru urtera arteko seme-alaba bakoitzeko, Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak hilean 300 euroraino irits daitezkeenak, Haurreskolen 0-2 urteko etaparen doakotasuna eta ondorengo bakoitzeko kenkari fiskalak, besteak beste.

Ekintza horiekin batera, gazteen enplegua eta prestakuntza, etxebizitza eskuratzeko aukera eta gizarte-kohesioa sustatzeko ahaleginak egiten dira. Gobernu Kontseiluak aurtengo martxoan onartutako 2030 Euskal Estrategiaren helburua da emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetik behera jaistea eta emantzipazio-tasa % 50ra igotzea 2030erako.