Badator Etikasi

Gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa da etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko.

2019. urtean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK) Etikasi programaren parte izateko aukera izan nuen. Urte horretako uztailean maleta hartu eta Belfastera bidaitu genuen, elkar ezagutzen ez genuen lan talde gazteak ginen eta gure helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea zen. Bidaia horretan, motibazio politikoko indarkeriagatik giza eskubideen urraketak bizi izan dituzten lurraldeetako benetako eta gaur eguneko errealitateak ezagutzeko aukera izan genuen, kasu horretan, Irlandako Iparraldean.

Era berean, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, “munduko beste leku batzuetan bizi izandako gertaera traumatikoei buruzko lekuak eta historiak fisikoki ezagutzeko eta haiekin harremanetan jartzeko esperientziak eragin eta iraunkortasun handiko potentzial pedagogikoa daukatela frogatzeko aukera izan dut, horrek aukera ematen digulako beste pertsona batzuen lekuan jartzeko eta mundua beste betaurreko batzuekin ikusteko.

Etikasi

Etikasi programako bigarren deialdiak 2020an behar zuen izan, baina COVID-19ak eragindako pandemiagatik bertan behera geratu zen. 2021. urtean egoerak hobera egin zuen arren, nazioarteko bidaiak egitea aproposa ez zenez, programak pandemia egoerara moldatu behar izan zuen jarraipena izan ahal izateko. Hasierako oinarria eta helburuak mantenduz, Euskadiko gazteek etika eta giza eskubideei buruz hausnarketa egiten jarraitzea zen helburua. 2018 eta 2019ko diseinu eta proiektu pilotuaren ikasketak praktikan jarrita, bidaia hezigarrien diseinua eta garapen berria egin ziren. Bi bidaia eginez: batetik, Lemoizera egun pasa joateko aukera; eta, bestetik, asteburu pasa Pasaia eta Errenteriara.

2022an Etikasi programak Irlandako Iparraldera eta Pasaia-Errenteriara egindako bidaiak errepikatu zituen, Euskadin gertatutakoaren eta Irlandan gertatutakoaren gaineko gogoeta kritiko bat egiteko eta ondorioak atera ahal izateko. 

Etikasi programan parte hartu duten gazteek helarazi digutenez, programaren hasieran motibazio politikoko indarkeriaren inguruan zuten ezagutza nabarmen hazi da. Etikasi proiektuaren oihartzuna urtetik urtera handituz doa, eta proiektua azaldu den agerpen publiko guztietan eta eragile desberdinei aurkezterako unean, proiektuaren erakargarritasuna eta balioa azpimarratu dituzte.

Horrekin adierazi nahi dut, gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa dela etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko. Horregatik, Etikasirekin bizikidetzaren esparruan gainditzeke dauden eta sortzen ari diren erronken aurrean ezinbestekoa da hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarrekintzak indartzea.