Gazteon lan-baldintzek hobera egin dute

25 urtetik beherako gazteak, batez ere, ikasten aritzen dira eta, adinean aurrera egin ahala, lan-merkatura sartzen dira. 16 eta 29 urte bitartekoen artean % 41,8 bakarrik daude lanean; ehuneko hori bikoiztu egiten da 30-34 urte bitartekoen artean (% 83,6)

 Irakurketa denbora: 6 minutu

Gazteen Euskal Behatokiak 2023ko abenduan argitaratutako “Euskadiko gazteak lan merkatuan. Lan Merkatuaren Erroldaren analisia 2023” txostenak erakusten duenez, Euskadiko 30 eta 34 urte bitarteko herritarren % 83,6k lana du. Portzentaje hori 35-64 urte bitarteko biztanleen artean den % 78,3ko tasa baino altuagoa da, adin-talde honetan lan-munduratze sendoa erakutsiz. Txosten horrek Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Lan Merkatuaren Erroldako datuak aztertzen ditu.

Gazteen Euskal Behatokiaren azterlan honen ondorio nagusia da gazte-enplegua genero- eta adin-arrakalek baldintzatzen dutela. Arrakala horiek, neurri handi batean, ikasketetan emandako urteen ondorio dira.

Alde batetik, 25 urtetik beherako gazteak, batez ere, ikasten aritzen dira, eta, adinean aurrera egin ahala, lan-merkatura sartzen dira. Hala, 2023. urtean % 80tik gorakoa zen 30-34 urte bitarteko landunen ehunekoa.

Bestetik, txostenak erakusten du 2023an lanean ari ziren gizon gazteak emakume gazteak baino gehiago zirela, % 45,1 eta % 38,3, hurrenez hurren. Eta hori, analisiaren arabera, emakumeen artean jarduera ezaren indize handiagoa dagoelako da, batez ere, goi-mailako ikasketetan presentzia handiagoa dutelako.

Desparekotasunak

Lan-baldintzek ere islatzen dute desberdintasun hori: emakume gazteek behin-behinekotasun eta lanaldi partzialeko indize handiagoak dituzte. Soldata-arrakala ere mantentzen da: hilean 1.500 eurotik gora kobratzen zuten gizon gazteen ehunekoa emakumeena baino lau puntu handiagoa da.

2023an, lanean ziren gizon gazteen portzentajea emakume gazteena baino handiagoa zen. Hori, nagusiki, goi-mailako ikasketak burutzen ari diren emakume gazteen kopurua handiagoa izatearen ondorioa da.

Norberaren konturako lana edo enpresa pribatuetako soldatapekoa ohikoagoa da gizon gazteen artean emakumeen artean baino. Bestalde, emakume gehiago daude administrazioko soldatapeko gisa. Era berean, emakumeek gizonek baino askoz gehiago egiten dute lan zerbitzuen sektorean, eta gizonek baino gutxiago industrian edo eraikuntzan. Goi-teknologiarekin lotutako lanak ohikoagoak dira gizon gazteen artean emakume gazteen artean baino.

Landunen kopurua hazi da

2023an inkesta egin zitzaien 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 41,8 landunak ziren, % 6,4 langabeak (lan egiten ez duten baina lana bilatzen ari diren pertsonak dira hauek) eta % 51,8 ez-aktiboak ziren, batez ere ikasleak zirelako. Okupazio-maila handitu egin da azken urteetan, eta jada pandemia aurreko datuak gainditu dira, 2019an okupazioa % 38,4koa baitzen. Lau urte horietan langabezian daudenen ehunekoa hiru puntu jaitsi da eta 2023an % 6,4koa zen.

16-29 urte bitarteko gazte landunen ehunekoak, hala ere, oso errealitate desberdinak ezkutatzen ditu adinaren arabera. 25 urtetik beherakoen artean, gehienak ikasten ari dira eta lau gaztetik bakarrak du lana (% 24,4). 25-29 urte bitartekoen taldean, ordea, gehienek ikasketak amaitu dituzte eta lan-merkatura sartu dira; talde honetan landunen proportzioa lautik hirura iristen da (% 75,4). Ehuneko horiek 2019an eta 2021ean erregistratutakoak baino arinki handiagoak dira.

Soldatapekoak eta sektore pribatuan

30 urtetik beherako gazte landun gehienak soldatapekoak dira (% 95,0). Adin horretako landunen % 4,2k, berriz, bere kontura lan egiten du, % 0,7 kooperatibista da eta % 0,1ek familia-negozioan ordaindu gabe laguntzen du (familia-laguntza izenarekin ezagutzen den lan-modalitatea).

16-24 urte bitartekoek 25-29 urte bitartekoek baino enpresa pribatuetako soldatapeko lan-ehuneko handiagoak dituzte eta, aldiz, norberaren konturako edo sektore publikoko lan-ehuneko txikiagoak.

Soldatapeko gazte landunen kasuan, lautik hiruk lanaldi osoan egiten dute lan. Kasu gehienetan, lanaldi partzialean lan egiten duten gazteek ez dute borondatez egiten, enpresak hala eskatu duelako baizik.

Emakumeek administrazio publikoan edo enpresa publikoetan lan egiten dute gizon gazteek baino neurri handiagoan. Eta hortaz, gehiago dira, emakume gazteekin alderatuta, enpresa pribatuan edo beren kontura lanean ari diren gizon gazteak.

Bizkaia da sektore pribatuan gazte gehien dituen lurraldea.  Araba nabarmentzen da sektore publikoan lan egiten duten gazteen kopuruagatik eta Gipuzkoa, berriz, hiru lurraldeetatik kooperatibista eta norberaren konturako langile gehien dituena da.

Atzerrian jaiotako gazteek Euskadin jaiotakoek baino zertxobait gehiago egiten dute lan langile autonomo gisa. Eta atzerritarren presentzia oso txikia da sektore publikoan.

Lanaldi osoan eta kontratu mugagabearekin

Soldatapeko gazte landunen artean lautik hiruk (% 73,8) lanaldi osoan egiten dute lan. Kopuru hori 2019. urtean eta 2021. urtean erregistratutako kopuruak baino arinki altuagoa da. Soldatapeko gazte landunen % 26,2k, berriz, lanaldi partzialean egiten dute lan. Kasu gehienetan, lanaldi partzialean lan egiten duten gazteek ez dute borondatez egiten, enpresaren eskakizunengatik baizik (% 84,0).

2021 eta 2023 artean, kontratu mugagabea duten gazteen ehunekoa nabarmen handitu da: 15 portzentaje-puntu baino gehiago. 2023an, lan egiten zuten hamar gaztetik seik kontratu mugagabea zuten, lan-erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretua indarrean sartzeari esker.

Gazte gehienek 1.500 euro baino gutxiago irabazten dute

Soldatari dagokionez, gazteen laurden batek bakarrik dio hileko 1.500 eurotik gorako diru-sarrera garbiak zituela (% 23,9). Gazteen % 27,6k 1.000 eta 1.500 euro artean irabazten ditu eta % 22,5ek 1.000 euro baino gutxiago. Oro har, atzerrian jaiotakoek Euskadin jaiotakoek baino soldata txikiagoak jasotzen dituzte. Sektore publikoan lan egiten duten gazteek enpresa pribatuetan soldatapeko gisa lan egiten dutenek baino soldata altuagoak kobratzen dituzte.

Lanaldi partzialean lan egiten dutenen artean, hamarretik seik 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dute. Portzentaje hori % 8,5era jaisten da lanaldi osoan lan egiten dutenen artean

Kasu honetan, egiten den lanaldi-motak baldintzatzen du, neurri handi batean, jasotako soldata. Lanaldi partzialean lan egiten dutenen artean, hamar gaztetik seik 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dute, ehuneko hori % 8,5era jaisten da lanaldi osoan lan egiten dutenen artean.

Txostenak erakusten duenez, enpresa pribatuetan zuzendaritza-karguak dituzten gazteen kopurua oso  bajua da (% 2,1).

Beste enplegu bat bilatzen duten gazte landunen ehunekoa % 10etik behera mantentzen da, nahiz eta lanaldi partzialean lan egiten duten gazteen artean % 20,9ra igotzen den. Langile gazteek 30 urtetik gorakoek baino neurri handiagoan bilatzen dute beste enplegu bat.

Ikasketa-maila edozein dela ere, gazte landunen erdiak zioen euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen zuela lanean (% 51,1).

Bestalde, langile gazteen % 12,4k telelana egiten dute ohiko edo noizbehinkako moduan, bereziki goi-teknologiarekin lotutako enpleguak dituztenek.


Langabezian dauden lau gaztetik hiruk aurretiko lan-esperientzia dute

Gazteen Euskal Behatokiak gazteen enpleguari buruz egindako azterketak erakusten du langabezian dauden gazteen % 75,4k aurretiko lan-esperientzia duela. 2019 eta 2021eko datuekin alderatuta egonkor mantentzen den kopurua da hau. Hala ere, % 17,9k bakarrik jasotzen du prestazio edo laguntza ekonomikoren bat. Portzentaje horrek ere ez du aldaketa nabarmenik izan azken urteetan.

2023ko datuek erakusten dutenez, enplegua bilatzen urtebete baino gehiago daramaten gazte langabetuen ehunekoa (% 34,9) jaitsi da. Beherakada hori bat dator enplegua duten gazteen ehunekoaren igoerarekin.

Lana bilatzen

Azterketak nabarmentzen du langabezian dauden gazteen % 83 Lanbiden eta/edo SEPEn izena emanda dagoela. Enplegua bilatzeko gehien erabiltzen diren moduak atari espezializatuak dira (% 78,7), ondoren senide eta lagunen kontsultak (% 70,1) eta LinkedIn edo Facebook bezalako sare sozialak (% 60,1). Senide eta lagunak enplegua bilatzeko modu gisa erabiltzen duten horien kopurua nabarmen jaitsi da 2019. urteaz geroztik. Urte horretan, horixe zen, hain zuzen ere, enplegua bilatzeko gehien erabiltzen zen sistema (% 88,9).

Aurreko urteetan bezala, gazte langabetuen % 83,7k enplegua bilatzeko eremu geografikoa beren lurralde historikora mugatzen du, nahiz eta langabezian dauden hiru gaztetatik batek (% 35,6) dioen bizilekua aldatzea eskatuko lukeen lan bat onartuko lukeela.

Lan-baldintzak

Lan-baldintzei dagokienez, % 37,8k lanaldi osoko lanak bakarrik bilatzen ditu, eta ia erdiak (% 49,8) lanaldi osoko edo lanaldi partzialeko eskaintzaren bat onartuko lukeela dio. Nolanahi ere, gazte langabetu gehienek onartuko lukete lanaldi partzialeko lan bat (% 84,6). Gehiengoa dira, halaber, larunbat eta jaiegunetan lan egitea (% 77,1), txandakako lanak (% 73,3) eta gaueko ordutegiko lanak ere (% 58,1) onartuko lituzketenak.

Gazte langabetuen hamarretik zortzi inguruk (% 78,4) espero baino kategoria baxuagoko lanpostu bat onartuko luke, eta antzeko ehuneko batek (% 78,2) bere kualifikazioari dagokiona baino soldata txikiagoaren truke ere lan egingo luke. Bi ehuneko horiek jaitsi egin dira 2021arekin alderatuta eta 2019ko mailetara itzuli dira.

Langabezian dauden gazteek lan-esperientzia falta identifikatzen dute enplegua lortzeko oztopo nagusi gisa, egungo langabezia-egoeraren arrazoi nagusi gisa adieraziz.

Advertisements