Irakurketa denbora: 2 minutu
Gasteizko Gazte Hitzak gazteentzako literatur lehiaketarako izen-ematea zabalik dago jada. Aurtengo edizioaren nobedade nagusia Gazte Hitzak eta Nanoipuin Lehiaketaren bateratzea da. Gasteizko Udal Liburutegi Sareak antolatuta, lehiaketa 12 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek bi modalitateren artean hautatu ahal izango dute: ipuinak eta nanoipuinak. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke. Izena emateko epea otsailaren 23ra arte egongo da irekita.
Zaporeak
Aurtengo ediziorako gai nagusia “zaporeak” izango da. Nanoipuin kategorian 12 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta bi azpikategoriatan banatuko da: 12-15 urte bitartekoak eta 16-18 urte bitartekoak. Lanek, gehienez, 300 karaktere izango dituzte
Bestalde, ipuinen kategorian 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Kasu honetan, lanek, gehienez, 1.500 hitz izan beharko dituzte. Kategoria hau ere bi azpikategoriatan banatuko da: 18-24 urte bitartekoak eta 25-30 urte bitartekoak.
Guztira, zortzi lan sarituko dira, adin-tarte eta hizkuntza bakoitzeko bana. Irabazleen testuak Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoko (IDarte) ikasleek ilustratuko dituzte. Diruzko sariak 100 eta 250 euro bitartekoak izango dira, eta 75 euroko liburu-dendako bonuak ere emango dira. Gainera, ipuinen kategorian irabazleek Xabier Olaso Bengoa eta Dorleta Kortazar Alkoz idazleen aholkularitza ere jasoko dute.
Erabakia
Epaimahaiaren erabakia martxoaren 17an jakinaraziko da udalaren webgunearen bidez, eta sari-banaketa maiatzaren 31n egingo da Montehermoso kulturunean. Ekitaldi horretan, irabazleen testuak eta epaimahaiak hautatutako beste lau lanak eta horien ilustrazioak erakutsiko dira. Erakusketa honek Gasteizko hainbat espazio kultural bisitatuko ditu, besteak beste, Labe Gazte Laborategia, Montehermoso kulturunea bera eta beste zenbait gizarte-etxe.
Ekimen hau, Udaleko Gazteria eta Kultura Zerbitzuek antolatua eta Laboral Kutxaren babesarekin, Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoaren lankidetza ere badu. Gazteria Zerbitzuak, proposamen honekin, hiriko gazteen sormen literarioa sustatu nahi du, idazleen eta ilustratzaileen arteko elkarlana bultzatzeaz gain. Gainera, Gasteizko talentu berriei ikusgarritasuna ematea ere bada helburua.








