Ekintzailetza aitortuko dute sortu berri diren Sarekin sariek

Bizkaiko Foru Aldundiak eta DEMAk antolatuta, sari berrien xedea da hurbileko ekintzailetzari balioa ematea eta ekonomia jasangarria sustatzea

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak ‘Sarekin’ sarien lehen edizioa iragarri dute. Lehiaketa honen xede nagusia da hurbileko ekintzailetza aitortzea eta, horrekin batera, baita eredu ekonomiko jasangarri bat sustatzea ere.

Sariketa honen lehen edizioan parte hartu ahal izango dute Bizkaiko Lurralde Historikoan egoitza duten enpresek, edozein forma juridiko dutelarik. Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago. Lehenengoan jasangarritasuna ardatz duten eta Balantze Hirukoitzarekin (ekonomia, gizartea eta ingurumena) bat datozen enpresek parte hartuko dute. Bigarrenean, berriz, enpresa-eskualdaketaren eredu den enpresa bat aitortuko da.

Aipatu bi kategoria horiez gain, ohorezko izendapen bat egingo zaio bere ibilbidean zehar hurbileko ekintzailetzari nabarmen lagundu dion pertsona edo erakunde bati.

Hautagaitzak aurkezteko epea datorren uztailaren 16an amaituko da eta lehiaketaren webgunearen bidez aurkeztu beharko dira.