Irakurketa denbora: Minutu 1
Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien XVIII. ediziorako deialdia zabaldu dute. Sari hauen xedea da euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren inguruko hausnarketa- eta ikerketa-lanak aitortzea. Hortaz, hautagaiek oinarri zientifikoa duten edo zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituzten lanak aurkeztu ahal izango dituzte datorren irailaren 22ra arte. Lan horiek diziplina ezberdinetatik proposatutakoak izan daitezke, hala nola, soziologia, hizkuntzalaritza, zientzia politikoak, psikologia, antropologia, komunikazio-zientziak edo bestelakoak.
Txillardegi-Hausnartu sariak
2008. urtean sortu zen sariketa honek, izenak dioen bezala, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi soziolinguista omentzen du. Aurtengo edizioan, hiru sari banatuko dira. Lehen saria irabazten duenak 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sariko irabazleek, berri, 1.300 eta 1.000 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.
Lanak emailez bidali beharko dira txillardegihausnartu@soziolinguistika.eus posta elektronikora honako formatu hauetako batean: .odt, .doc edo .docx). Lanak banaka zein taldeka aurkez daitezke eta 30.000 eta 60.000 karaktere arteko luzera izan beharko dute.
Deialdiaren inguruko xehetasun guztiak esteka honetan irakur daitezke. Epaimahaia Soziolinguistika Klusterreko, EHUko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako kideek osatuko dute.








