EAEko gazteek gero eta kontzientziazio-maila handiagoa dute plastikoaren gehiegizko kontsumoaren inguruan

Gazteen % 75ek bere poltsa erabiltzen du erosketetan eta ia % 30 gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzen da

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Pasa den ekainaren 5ean ospatu zen Ingurumenaren Munduko Egunaren harira Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, EAEko 15-29 urte bitarteko lau gaztetik hiruk (% 75) bere poltsa propioa eramaten dute erosketak egitera joaten direnean.

Aurtengo edizioaren leloa “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe” izan da eta GEBek emandako datuen arabera, zentzu horretan, euskal gazteriak kontzientziazio-maila altua erakusten du. Adibidez, poltsaren inguruko aipatu datu horrez gain, gazteen ia heren batek (% 29,9k) gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzen dela adierazten du.

Plastikoaren inguruko kontzientziazioak gora egin du azken hamarkadan. Horrela, saltokietara poltsa propioa eramaten duten gazteen kopuruak etengabe egin du gora 2012. urteaz geroztik. Gauza bera esan daiteke gutxi ontziratutako edo gutxi paketatutako produktuak erosten saiatzen diren gazteen inguruan, nahiz eta, kasu horretan, atzera egin duen azken neurketan.



Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera, emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan gauzatzen dituzte plastiko-kontsumo txikiagoa dakarten jokabideak. Gainera, adinean gora egin ahala, jokabide horiek ere ohikoagoak dira.