EAEko gazteak sexu bereko pertsonen ezkontzaren alde

Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, hamar gaztetik bederatzik begi onez ikusten dituzte ezkontza homosexualak

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Ekainaren 28an ospatu zen LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteriaren % 92,1 sexu bereko pertsonen ezkontzaren alde dago. Ildo berean, euskal gazteriaren % 81,6 sexu-aldaketaren alde azaltzen da. Gazteen Euskal Behatokiak GaztePaneleko kide diren 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen artean 2024an egin zituen bi inkestatatik datoz. Lehena martxoaren 15a eta apirilaren 10a bitartean egin zen eta 2.053 gaztek parte hartu zuten. Bigarren inkesta urriaren 10etik 23ra egin zen, eta 2.047 gaztek parte hartu zuten.



Ezkontza homosexualari dagokionez, emakume gazteek (% 95,0) gizon gazteek (% 89,3) baino babes handiagoa azaltzen dute. Adinean gora egin ahala, sexu bereko pertsonen ezkontzak jasotzen duen babesa handiagoa da, bereziki, gizon gazteen artean. Sexu-aldaketaren kasuan ere babesa handiagoa da emakume gazteen artean (% 86,1) gizon gazteen artean (% 77,1) baino. Kasu honetan, ez da alde nabarmenik ikusten adinaren arabera, nahiz eta, bai emakumeen artean, bai gizonen artean, babes-ehuneko handienak 20-24 urteko adin-taldean eman ziren.