Euskadiko milaka haur aterperik gabe tenperatura altuen aurrean

Save the Childrenek ohartarazi duenez, krisi klimatikoak gehiago eragiten die kalteberatasun ekonomikoan diren adingabeei

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Euskal Autonomia Erkidegoko 57.000 haur eta nerabe baino gehiago beren etxebizitzak hoztu ezin dituzten familietan bizi dira. Hau da, Euskadiko adingabeen % 16,5 inguruk zailtasunak ditu tenperatura altuei aurre egiteko. Save the Children GKEak ezagutzera eman duen datu hori Estatistika Institutu Nazionalak egin ohi duen Bizi-baldintzen Inkestan oinarrituta daude.

Bero-boladek, bereziki, udako tenperatura altuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez dituzten familiei eragiten die, % 18 inguru. Errealitate hori ohiz-kanpoko klima-testuinguru batean kokatzen da. AEMEtek jada baieztatu duenez aurtengo ekaina inoiz erregistratu den beroena da eta uda ohi baino beroagoa izango dela iragarri du.



Guraso bakarreko familiak dira beren etxeak hozteko arazo gehien izan ohi dutenak. Euskadin, horrelako familien % 38k ezin du bere etxea hoztu. Errealitate horrek, gainera, gehiago eragiten die emakumeei: guraso bakarreko hamar familiatik zortzik emakume bat dute buru. Ardura ekonomiko guztia pertsona bakar batean biltzean etxe horiek bereziki zaurgarri bihurtzen dira etxebizitzen klimatizazio egoki baterako gastuen aurrean.

Ondorioak osasunean

Save the Childreneko krisi klimatikorako aditu Carmela del Moralek azaltzen duenez, “krisi klimatikoaren ondorioek gehiago eragiten diete zailtasun ekonomikoak dituzten familietan bizi diren haurrei”. Baldintza materialek, batez ere etxebizitzen egokitzapenak, bereziki kalteberak egiten dituzte adingabe horiek bero-boladak bezalako gertakarien aurrean.

Muturreko tenperatura beroek adingabeen atsedenean eta aisiaren kalitatean eragiten dute eta osasunean eta eskola-errendimenduan izan ditzaketen arazoak larriagotzen dituzte. “Krisi klimatikoan den mundu batean jaio” izenburuko txostenaren arabera, haurren % 80k pairatzen du urtean, gutxienez, lehorteak, bero-boladak edo euri-jasak bezalako muturreko fenomeno klimatikoren bat.

Oztopo ekonomiko eta estrukturalak

Etxebizitzen klimatizazioak oztopo ekonomiko ugari ditu. Del Moralek azaltzen duenez, “etxebizitzen klimatizazioa ez dago hain zabalduta auzo behartsuenetan eta horrek jende askok ordaindu ezin duen instalazio-gastuak eskatzen ditu”. Hasierako kostu horri, gainera, etxe askorentzat karga handiegia den energia-horniduraren prezioa gehitu behar zaio.



Arazoa are larriagoa da errenta baxuko auzoetan etxebizitza-parkea zahartzen ari delako; izan ere, energia-eraginkortasun gutxiko eraikinetan zailagoa da tenperatura egokiak mantentzea.

Haurrak babesteko proposamenak

Save the Childrenek haurrak bizi diren eta garatzen diren espazioak arindu eta egokituko dituzten politika publikoak aktibatzea eskatzen du. GKEak alokairuen prezioetan eragingo ez duten etxe eta eraikinen egokitze klimatikorako planak ezartzea proposatzen du.

Adingabeak muturreko tenperaturetatik babesteko, StCek funtsezkotzat jotzen du bonu soziala aldatzea, deskontuak bateratuz eta izapideak erraztuz. Neurri horien helburua da laguntzak haurrak dituzten familiei iristen zaizkiela bermatzea. Del Moralen hitzetan, “hau da gure normaltasun berria. Muturreko bero honek krisi klimatikoaren ondorioak arintzeko esku-hartze baten beharra dagoela erakusten du, bereziki, zaurgarriagoa den haurrerian”.