Nafarroako jaietan indarkeria matxistak eta LGTBI+fobia prebenitzeko kanpaina

‘Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu’ lelopean, irratietan, telebistan eta sare sozialetan garatuko da udan zehar

 Irakurketa denbora: 2 Minutu

Nafarroako Gobernuak indarkeria matxistarik eta LGTBI+fobiarik gabeko udako jaiak sustatzeko sentsibilizazio bat jarri du martxan. ‘Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu’ lelopean garatuko den kanpainaren helburuak dira jai-giroan errespetuzko harremanak sustatzea eta emakumeen eta sexu-aniztasunaren aurkako indarkeria saihestea.

Kanpainak 78.150 euroko aurrekontua izango du eta lau departamenturen arteko lankidetzaren emaitza da: Lehendakaritza eta Berdintasuna; Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politikak; Osasuna; eta, Hezkuntza.

Kanpaina hainbat euskarritan garatuko da: irratiak, tokiko aldizkariak, Navarra Televisión, sare sozialak eta Iruñeko eta Tuterako tren eta autobus geltokietan.

Bereziki gazteei zuzendutako mezuak

Kanpainaren irudietan, gazteak agertzen dira taldean edo bikoteka, jai-giroan gozatzen, jai eta jarrera osasuntsuetan. Lelo nagusiaz gain, kartelek errespetuzko harremanak aldarrikatzera bideratuta dauden beste hainbat lelo ere izango dituzte: ‘Zerk erakartzen nauen gehien? Ez dezagula ezer eman segurutzat’; ‘Zure laztanek ehunera jartzen naute. Zure errespetuak milara’; edo ‘Nire jarrera gogokoena? Zero presio’. Mezu horien guztien bidez errespetuzko harremanen inguruko hausnarketa sustatu nahi da.



Tokiko erakundeek materialak egokitzeko aukera izango dute beren jaietako programetan edo karteletan erabiltzeko, leloa haien udalerrira egokituz.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren datuen arabera, gazteen % 94,5ek dio harremanak berdinen arteko errespetuan eta tolerantzian oinarritu behar direla. Nafar gazteen ustez honako hauek indarkeria larriko jarrerak dira: bikotekideari erabakiak hartzen ez uztea, etxetik ateratzea debekatzea, sexu-harremanak izatera behartzea, mespretxuak egitea eta jarduerak edo beste pertsonekin diren harremanak kontrolatzea.

Baliabide gehiago

Kanpaina Nafarroako Gobernuak berdintasunezko harreman sexu-afektiboak sustatzeko egiten duen prebentzio-lanaren esparruan kokatzen da. Horren barruan garatzen dira, adibidez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak publiko orokorrarentzat zein profesionalentzat egiten dituen formakuntza-programak.



Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, berriz, osasun afektibo-sexuala sustatzen laguntzen du aholkularitzaren eta proiektu komunitarioen finantzaketaren bidez. Skolae hezkuntza-programak indarkeria sexistak saihesten eta gizon eta emakumeen arteko desparekotasuna ezabatzen duen eskola-eredu bat sustatzen du.

Osasungintzan, Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroek ‘Programa Gaztea’ garatzen dute gazteei sexualitatearen inguruko informazioa eta aholkularitza eskaintzeko.