Gastehiz herritik euskararen hirira

Irailaren 13an ospatuko den ‘Gasteiz Euskararen Hiria’ ekitaldiak ‘Gastehiz’ toponimoa lehen aldiz agertu zeneko milagarren urteurrena gogoratuko du

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Datorren irailaren 13an Gasteizek ‘Gasteiz Euskararen Hiria’ ekitaldiaren bigarren edizioa hartuko du. Ekitaldiak euskara ardatz duen 14 orduko egitaraua izango du publiko guztientzako jarduerekin. Aurtengo edizioaren leloa ‘Gastehiz herritik euskararen hirira. 1.000 urte lotzen gaituen haria’ izango da eta ‘Gastehiz’ toponimoa lehen aldiz Donemiliagan agertu zeneko milagarren urteurrena gogoratuko du. Toponimo hori Arabako udalerri horretan zen monastegian zergak ordaintzen zituzten 307 herrixken izenak biltzen zituen dokumentu batean agertzen da.

Jarduerak noiznahi

Ekitaldia antolatzen duen GEU Elkarteak goizeko 11:00etan hasiko den egitarau bat prestatu du. Programatutako jardueren artean kirola, aisia eta publiko guztientzako jarduerak nagusitzen dira. Goizean zehar jarduerak, nagusiki, haur eta familiei zuzenduko zaizkie, Andre Maria Zuriaren plaza eta plaza Berriaren artean banatuta.



Eguerditik aurrera, programazioa Andre Maria Zuriaren plazan garatuko da publiko zabalago bati zuzendutako jarduerekin. Arratsaldeko kultur eskaintzak kontzertu akustikoak eta drag ikuskizunak hartuko ditu beste hainbat proposamenen artean.

Eta egun osoan zehar ekitaldiak hiriko ostalaritza lokalek parte hartu ahal izango duten eskaintza gastronomikoa ere izango du.