Irakurketa denbora: Minutu 1
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 28,56 milioi euroko aurrekontua izango duen 2025-2026 ikasturterako unibertsitate-beken deialdia onartu du. Kopuru hori beka horietarako inoiz izan den kopururik handiena da
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak aurkeztu duen proposamenak Euskadiko zein Estatuko bestelako unibertsitateetan egiten diren ikasketak laguntzea du helburu. Ikasketa horien barruan sartzen dira, adibidez, gradu eta graduondoko unibertsitate-ikasketak eta unibertsitateaz kanpoko beste zenbait goi-mailako ikasketa. Guztira, ia 10.000 ikaslek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.
Onartu berri den deialdiak zenbait nobedade garrantzitsu izango ditu. Adibidez, mugikortasun-arazo bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuetarako 100.000 euro bideratuko dira. Ildo berean. % 25 eta % 65 arteko desgaitasuna egiaztatzen duten eta matrikula osoa aukeratzen duten bekadunek % 25eko igoera lortuko dute bekaren osagai guztietan, matrikularen prezio publikoetan izan ezik.
Deialdi berria
Deialdi berriak izango duen aldaketa esanguratsu bat baldintza ekonomikoei eragiten die. Horrela, lan-etekinak ez zenbatzeari dagokionez, hiru aldaketa egin dira: diru-sarrera ez-konputagarrien atalasea 2.500 eurotik 3.000 eurora igoko da, eskatzailearen anai-arrebak sartuko dira eta, atalasea gainditzen dutenei 3.000 euro kenduko zaizkie, diru-sarrera txikiak izanik atalasea gainditzen duten horiek onuradun izan daitezen. Halaber, eskatzaileak edo haren anai-arrebek lanbide-heziketa duala edo unibertsitate-prestakuntza duala egiteagatik jasotako zenbatekoak ez dira aintzat hartuko.
Ildo berean, unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiten dituen anai-arreba bakoitzeko kenkaria 1.117,60 eurotik 2.000 euroraino igoko da.
Beste aldaketa garrantzitsu bat aprobetxamendu akademikoaren ingurukoa da. Izan ere, aprobetxamendu akademikoari lotutako beka-osagaiaren onuradun izateko behar den batez besteko nota 9tik 8ra murriztuko da master-ikasketen kasuan.
Garraioari dagokionez, hiriarteko joan-etorriei lotutako zenbateko osagarriaren zenbatekoa % 6 gehituko da.
Azkenik, sexu-indarkeriaren biktimen kasuetan salbuespen akademikoetarako adingabea izateko baldintza ezabatu da.








