Irakurketa denbora: Minutu 1
Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak “Festetan ere aske. Indarkeria sexistarik EZ!” kanpaina jarri du martxan. Abendura arte luzatuko den kanpaina honen xedea da hiriko jaietan izan daitezkeen sexu-erasoak eta sexu-indarkeria saihestea. Horretarako, prebentziorako informazioa eta eraso sexista zein sexu-erasoen aurrean jarduteko gomendioak jasotzen dituzten baliabideak prestatu dira. Ezezetzda.eus webgunean eskuragarri dauden baliabide horiek lau hizkuntzatan prestatu dira: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
Baliabideak, bereziki, gazteentzat, biztanleria orokorrarentzat eta ostalaritzako langileentzat egokitu dira.
Puntu moreak
Kanpaina honen barruan Udalak puntu moreak jarriko ditu honako jai hauetan:
- Karmengo jaiak, uztailaren 19an
- Groseko Zipotz jaiak, uztailaren 19an
- Jazzaldia, uztailaren 23tik 26ra bitartean
- Aste Nagusia, abuztuaren 9tik 17ra bitartean
- Euskal jaiak, irailaren 13an eta 14an
- Porrontxo jaiak, irailaren 18tik 20ra bitartean
- San Tomas azoka, abenduaren 21ean
Puntu moreak informaziorako eta arretarako gune bereziak dira. Bertan izango diren profesionalek sentsibilizazio eta prebentzio lana egingo dute. Bertan informaziorako hainbat material eskuratu ahal izango da: liburuxkak, arreta-telefonoak… Era berean, erasoren bat izango balitz, biktimak arreta jaso ahal izango du puntu morean. Bertan, eskubide eta zerbitzuei buruzko informazioa eskainiko zaie.






