Irakurketa denbora: Minutu 1
Ez da sekretua emantzipazioa dela euskal gazteriaren kezka nagusietako bat. Euskadiko Gazteen 2024ko Egoeraren Diagnostikoan bildutako datuen arabera, gazteen ustez, emantzipatzeko adin ideala, batez beste, 23,3 urtekoa da. Hala ere, errealitatean, 29,7 urterekin emantzipatzen dira. Hortaz, eta 6,4 urteko arrakala hori zuzendu nahian, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak emantzipaziorako laguntzak jasotzeko gutxieneko adina 23 urtera aurreratzeko proposamen bat aurkeztu du. Proposamenak aurrera egiten badu, gazte gehiagok izango dute bi urtez hilean 300 euroko laguntza jasotzeko aukera.
Une honetan, laguntza horiek 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaizkie. Proposamenak laguntza eskatu ahal duten gazteen adin tartea 23 eta 29 urte bitartekoa izatea eskatzen du. Proposamenak Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluaren onarpena behar du indarrean sartu ahal izateko. Dena den, balizko onarpen horrek ez dio aurtengo deialdiari eragingo jada abian den prozedura ez eragozteko.
Proposamenak, momentuz, laguntza eskatu ahal duten gazteen adinean bakarrik eragingo luke. Horrela, une honetan indarrean dauden baldintza ekonomikoek berean jarraituko lukete. Hau da, urteko diru-sarrerek ezin izango dute 30.000 eurotik gorakoak izan, eta 28.500 eurotik beherako gazteek lehentasuna izango dute.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko Gazteria eta Emantzipazioko zuzendari Adrián López Sarachagak azaltzen duenez, “23 urtetik aurrera jarduteak aukera ematen du Eusko Jaurlaritzaren laguntza aurreratzeko funtsezko etapa batean, gazteen helburuekin lerrokatuz eta helburu estrategikoak betetzen modu eraginkorragoan lagunduz. Eta emantzipatzeko batez besteko adina murrizten lagundu nahi badugu, justifikatuta dago laguntzak jasotzeko gutxieneko adina 23 urtera aurreratzea, adierazle hori zuzenago azpimarratuz”.
Argazkia: shutterstock.com








