Irakurketa denbora: 2 Minutu
Gasteizek doako 13 ikuskizun kultural hartuko ditu uztaila eta iraila bitartean Kultura Plazara! egitasmoaren III. edizioari esker. Aurtengo ediziorako prestatutako egitarauak dantza garaikidea, txotxongiloak, magia, zirkua, antzerkia eta musika bezalako diziplina artistikoak eskainiko ditu hiriko plaza eta gizarte-etxeetan. Ikuskizun gehienak tokiko konpainiek eskainiko dituzte. Adibidez, programan parte hartuko duten gasteiztar konpainien artean daude Zurrunka & La Semilla Voladora, Amestu Antzerkia, Koilara teatro, Larrua proiektua eta Az! Arabar zirkolariak. Horiez gain, Nena y Los Broncos eta Chico Casete musikariak ere izango dira.
Gainera, nobedade gisa, ikusleek tokiko bi talderen kreazio-prozesuan parte hartzeko aukera izango dute.
Egitaraua uztailaren 1ean hasiko da teknika landua eta ikerketa teknologiarekin konbinatzen dituen pilotekin egindako malabareen Edu Manazases ikuskizun batekin: ‘Meraki’. Hitzordua Zabalagana gizarte-etxean izango da, 19:30etan.
Publikoari zabaldutako kreazio-prozesuak
Aurtengo edizioaren nobedade nagusia ‘Work in progress’ delako jarduerak izango dira, non ikusleek bi konpainiaren kreazio-prozesuak ikusteko aukera izango duten. Lehenengoan, abuztuaren 21ean, Koilara Teatrok ‘La llegada’ izenburuko lana aurkeztuko du Santa Maria plazan. Bi irrati-esatarik gertaera historiko baten berri emango dute: espazio-ontzi estralurtar bat lurreratu da Gasteizen!
Irailaren 4an, berriz, Az! Arabar zirkolariak ‘Hara!’ lana aurkeztuko du Hegoalde gizarte-etxeko plazan. Zuzeneko musikaz lagunduta, taldeak bere lan prozesua erakutsiko du, Kaldearte 2026an zirku ikuskizun arabar handi bat estreinatzeko helburuarekin.
Egitarauak adin guztietako proposamenak jasotzen ditu. Adibidez, uztailaren 3an, Hortzmuga Teatro konpainia bizkaitarrak ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ izeneko lana aurkeztuko du Judimendi parkean. Lan horrek bakardadea du ardatz eta birziklatutako txotxongiloak dira protagonista nagusiak.
Zirko Txoskok ‘Tavole’ zirko-ikuskizuna aurkeztuko du Konstituzio plazan uztailaren 8an. Uztailaren 17an magiaren txanda izango da Abetxukon Adrián Condek eskainiko duen ‘El gran Braulio’ ikuskizunarekin.
Dantza eta musika
Dantza garaikideak hitzordu berezia izango du abuztuaren 24an Santa maria plazan. Egun horretan, hiru konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira: Larrua proiektuaren ‘Odola eta Klorofila’, ‘La Incendiaria’ taldearen ‘Arrorró’ eta Noderen ‘Batu’.
Abuztuaren amaieran tokiko bi talderen musika- kontzertuak izango dira. 28an Arriaga Parkeko anfiteatroan, 80ko hamarkadako pop klasikoaren eta 90eko funk dantzagarriaren eragina duen ‘Chico Casete’ talde gasteiztarren kontzertua izango da. Hiru egun beranduago, abuztuaren 31n, ‘Nena y Los Broncos’ soul-rock rythm & blues talde gasteiztarraren kontzertua izango daMatxete plazan.
Amaitzeko, Proyecto Kavaury konpainia andaluziarrak ‘Lullavy’ lana aurkeztuko du irailaren 2an Iparralde gizarte-etxean. Lana eta familia bateratzeak dakartzan arazoak ardatz duen ikuskizun horrek bi akrobata ditu protagonista.










