Iazkoa Europan erregistratutako udarik beroena izan zen

Gure kontinentearen batez besteko tenperatura industria aurreko garatik hona bi gradutan igo da; munduko, berriz, 1,1 eta 1,2 gradu artean

Azken zazpi urteak inoiz erregistratu diren beroenak izan dira. Erregistroak gordetzen direnetik, pasa den urtekoa Europan izan den udarik beroena izan zen, ordura arteko batez bestekoa baino gradu bat beroagoa, hain zuzen ere. Kontinenteak aldaketa handiak bizi izan zituen, bero-bolada luze batekin. Gainera, itsasoaren azaleko tenperaturek bere marka guztiak hautsi zituzten. Tenperatura altuek muturreko fenomenoak eragin zituzten: sute handiak basoetan, uholdeak, ohiz kanpoko haizearen abiadurak…

Europako Batzordearen ardurapean den Copernicus Klima Aldaketarako Zerbitzuak (C3S) argitaratzen duen eta Europan den klima aztertzen duen ESOTC txostenak jasotzen dituen ondorioak dira. Iazko klimari buruzko txostena serieko bosgarrena da eta udaberriro argitaratzen da. Bertan, Europan izan den klima-aldakortasuna aztertzen da. Esan bezala, azken edizioan, bereziki, udan erregistratutako tenperatura altuak azpimarratzen dira.

Txostenean ohartarazten denez, itsasoaren maila nabarmen hazi da. 1993. urtean neurketak egiten hasi zirenetik, itsasoaren maila 9 zentimetrotan igo da.

Aldaketa handiak

Txostenak jasotzen duenez, pasa den urteko udaberria ohi baino hotzagoa izan zen eta Europako zenbait eskualdetan udaberria ohi baino lehenago hasi zen.

Uda, berriz, inoiz erregistratu den beroena izan zen. Batez besteko tenperatura gradu bat altuagoa izan zen eta itsasoaren ur azaleko batez besteko tenperatura ohi baino bost gradu altuagoa izan zen. Txostenak nabarmentzen duenez, pasa den urtean tenperaturarik altuenak erregistratu ez baziren ere, Europako batez besteko tenperatura industria aurreko garatik hona bi gradutan igo zen eta mundukoa, berriz, 1,1 eta 1,2 gradu artean.

Mediterraneoko eskualdean uda bereziki beroa izan zen. Urtaro horretan izan zen bero-bolada tenperatura-erregistroak hautsi ziren, bai Espainian bai Europan (47 ºC eta 48,8 ºC, hurrenez hurren). Italian, Grezian eta Turkian, bero-boladak bizpahiru astez iraun zuen, eta lehorte-baldintzen ondorioz, 800.000 hektarea baino gehiagoko suteak izan ziren bertan.

Kontinentearen erdialdean, berriz, presio baxuko sistema bat nagusitu zen eta uztailaren erdialdean Alemanian eta Belgikan kalte handiak eragin zituzten uholde-euriak eman ziren. Hori guztia gutxi balitz, CO2 eta CH4 (metano) kontzentrazioek ere nabarmen egin dute gora.