Aberatsek gehiago kutsatzen dute

Mundu guztiaren arreta egun bizi dugun osasun krisian eta horrek eragin duen krisi ekonomikoan jarrita dagoen bitartean, krisi klimatikoak larriagotzen jarraitzen du. Errealitatea Augusto Monterrosoren  ipuin laburrean azaltzen zen bezalakoa da: “Esnatu zenean, dinosauroa han zegoen oraindik”.

Covid-19ren pandemiagatik ezarritako murrizketak direla eta karbono emisioak modu esanguratsuan gutxitu badira ere, kutsaduraren ondorioek berean jarraitzen dute.

Muturreko fenomeno meteorologikoek eragindako katastrofeak, adibidez, Indian izan den Amphan zikloia bezala, edo Estatu Batuetan izan diren kontrolik gabeko suteak pandemia garaian jazo dira. Hondamendi horiek gogorarazten digute oso hurbil gaudela berotze globalari 1,5 °C-tik behera eusteko muga gainditzeko. Aipatu helburua Parisko klimari buruzko Akordioan zehaztu zen.

Oxfamek eta Stockholmeko Ingurumen Institutuak (SEI) egindako “Karbono-emisioen desberdintasunari aurre egitea” azterlanaren arabera, 1990. eta 2015. urteen artean, urteko emisioak % 60an hazi ziren eta metatutako emisioak, berriz, bikoiztu egin ziren.

Baina guztiok ez dugu berdin kutsatzen. Izan ere, bada erlazio proportzional bat karbono-aztarnaren eta poltsikoan den diruaren artean; hau da, aberatsenek pobreenek baino gehiago kutsatzen dute. 

Muturreko desparekotasuna 

Txosten horren arabera, 64 milioi pertsonak (munduko biztanleriaren % 1ek) dute 1990-2015 bitartean izan ziren karbono isuri guztien % 15 ingururen ardura, eta karbono-aurrekontuaren % 9 kontsumitzen dute. Bestalde, eta ordainetan, 3.100 milioi pertsonak (% 50 pobreenak) munduko kutsaduraren % 7 bakarrik isurtzen dute, eta eskuragarri dagoen karbono-aurrekontuaren % 4 bakarrik kontsumitzen dute.

Era berean, munduko biztanleriaren % 5 aberatsenak (gutxi gorabehera 315 milioi pertsona) emisioen guztizko igoeraren heren bat (% 37) baino gehiago eragiten du, eta % 1 aberatsenak sortutako emisioen hazkunde osoa aldi horretan bertan pobreena den % 50aren hirukoitza izan zen.

Datu horiek guztiak, Oxfamen arabera, “arrakala sakonaren eta errealitate paradoxiko baten isla besterik ez dira: emisioetan erantzukizun gutxien dutenak dira klima-aldaketaren bidegabekeria gehien pairatzen dituztenak”.

Izan ere, pasa den urteko ekainean, klima-aldaketaren eta pobreziaren inguruko Nazio Batuen txosten batek jada iragarri zuen 2030. urtera bitartean ingurumen-aldaketek 120 milioi pertsona baino gehiago eraman zitzaketela pobreziara.

Philip Alstonek, muturreko pobreziari buruzko NBEko errelatore berezi eta dokumentu horren egileak, honako hau adierazi zuen: “gehiegizko konfiantza batek sektore pribatuan apartheid klimatikoko agertoki batera eraman gaitzake, non aberatsek gainberotzetik, gosetik eta gatazketatik ihes egiteko ordaintzen duten, eta munduko gainerakoek sufritu egin behar duten”.

Klima aldaketa eta desparekotasun ekonomikoa

Oxfamek eta SEIk prestatu duten txostenean azaltzen denez, “klima-aldaketa eta desparekotasun ekonomikoa bereizezinak dira: aberatsek sortutako berotegi-efektuko gasek eragindako krisia da, baina pobreenei eragiten die batez ere”. 

Testuak agerian uzten du arrakala sozial eta kutsatzailearen garrantzia, kontsumo-mailen arteko desberdintasunetatik eta mundu osoko aberatsek eta pobreek sortutako karbono-aztarnatik eratorritako datuen analisiaren bidez.

Aurten, pandemiaren ondorioz ezarritako itxialdiak direla eta, emisioen bolumen orokorra murriztu egin da. Hala ere, GKEak ohartarazten duenez, emisioak murrizteko erritmo azkarrari eusten ez bazaio, erabilgarri dagoen karbonoaren aurrekontu osoa 2030erako erabat agortuta egongo da.

Krisi klimatikoa, Oxfamek azaltzen duenez, azken 30 urteetan larriagotu egin da eta karbonoaren aurrekontu orokor mugatua alferrik xahutu da dagoeneko dirudunen neurrigabeko kontsumoa handitzeko, pertsonek pobreziatik atera ahal izan dezaten laguntzeko inbertitu beharrean.

GKEak gogorarazi du 90eko hamarkadaren hasieratik 2015. urtera bitartean, urteko emisioak % 60 igo direla, eta aldi horretan nazio aberatsenek lurraren karbono-aurrekontuaren ia heren bat agortu dutela. Karbono-aurrekontua da gizakiak tenperatura-igoera saihestezinak eta katastrofikoak izan baino lehen sor ditzakeen berotegi-efektuko gasen metatze-emisioen muga. Oxfamek dioenez, “karbono-emisioen desberdintasuna hainbestekoa da, non munduko populazioaren % 10 aberatsenak bakarrik agortuko bailuke karbono-aurrekontu orokorra urte batzuk geroago, nahiz eta munduko gainerako biztanleek emisioak zerora murriztu”.

Aberatsenen inpaktua

Txostenak nabarmentzen du arreta berezia jarri behar zaiola munduko pertsona aberatsenek sortzen duten eragin neurrigabeari, non bizi diren kontuan hartu gabe, geratzen den karbonoaren aurrekontu orokorraren erabilera bidezkoagoa sustatzeko. Munduko populazioaren %10 aberatsena osatzen duten pertsonak mundu osoan zehar barreiatuta bizi dira. 

Hala ere, gutxi gorabehera, % 10 aberatsenaren emisioen erdia (emisio globalen % 24,5) Ipar Amerikako eta Europar Batasuneko pertsonen kontsumoari lotuta dago, eta emisio horien bostena (emisio globalen % 9,2) Txinako eta Indiako herritarren kontsumoari. 

Munduko % 1 aberatsenaren emisioen herena baino gehiago (emisio globalen % 5,7) Estatu Batuetako herritarrei lotuta daude gaur egun, eta jarraian Ekialde Ertainari eta Txinari (emisio globalen % 2,7 eta % 2,1, hurrenez hurren).

Zer egin?

Berotze globala 1,5 °C-ra mugatzeko, Oxfamen eta SEIren txostenak adierazten du per capita emisio globalak, batez beste, 2,1 tona/urte izan beharko liratekeela 2030. urtera bitartean.

Oxfamen azterlanak iradokitzen du munduko estaturik aberatsenek beren azpiegitura eta ekonomiak errotik aldatu eta ‘garbitu’ beharko dituztela, planetak, bere osotasunean, Parisko 2015eko klima-hitzarmenak ezarritako helburuak bete ditzan. Horrela egiten ez bada, erakundeak dio nazio pobreenei ezinezkoa izango zaiela beren pobrezia-tasa murriztea.

Oxfamek gobernuei eskatzen die lehentasuna eman diezaietela krisi klimatikoari eta desparekotasun-krisiari aurre egiteko neurriei, haien ustez banaezinak baitira. Neurri horiek COVID-19 pandemiaren ondorengo indarberritze-agendaren erdian egon beharko lukete.

GKEak azaltzen duenez, epe motzean politika publiko egokiak aplikatuko balira munduko pertsona aberatsenen emisioak murriztu ahal izango lirateke eta, horrela, karbono-aurrekontu orokorra erabat agortzea ekidingo litzateke. Horrek, aldi berean, berotze globala 1,5°C-tik behera mantentzeko aukera emango luke eta, horri esker, gizarte kohesionatuagoak, erresilienteagoak eta osasungarriagoak sortuko lirateke.

Hori dela eta, Oxfamek proposatzen du emisio-bolumen handia sortzen duten luxuzko ondasun eta zerbitzu jakin batzuk zergapetzea (adibidez, SUV kotxeak, Business klaseko ohiko hegaldiak, hegazkin pribatuak eta yate handiak), hegazkinen industriarentzako finantza-erreskateak edo enpresa-ibilgailuei zerga-beherapenak ezabatzea. Neurri horiekin, adibidez, gizarte-zerbitzu unibertsalen hedapena finantzatzeko aukera legoke.

Halaber, Oxfamek dio garraiobide publikoko egiturak eta egitura digitalak handitzeak emisioak murrizten, desberdintasuna geldiarazten eta osasun publikoa hobetzen lagun dezakeela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.