Bilboko Herri Kirol Zentroak 2026-2027 denboraldiko programazioari ekin dio

Joan den maiatzean inauguratutako zentroak lehen denboraldi osoa abiatu du BaiForce Training proiektuarekin, crossfit eta herri kirolak uztartzen dituen diziplina berria

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Bilbao.eus
Hitz kopurua:  214
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Bilboko Herri Kirol Zentroak, herri kirolen profesionalizazioari eta hedapenari eskainitako Euskadiko lehen zentroak, BaiForce Training proiektuarekin ekingo dio bere lehen denboraldi osoko programazioari.

Diziplina horrek crossfit eta herri kirolak uztartzen ditu indarra, erresistentzia, egonkortasuna eta koordinazioa lantzeko; helburua ez da soilik kirolari espezializatuak prestatzea, baizik eta pertsona aktiboak, autonomoak eta osasuntsuak heztea.

Zentroa Bilboko Txirrika Herri Kirol Klubak kudeatzen du, eta joan den maiatzean inauguratu zuten.

15 urtetik aurrera

Zentroak herri kiroletan oinarritutako entrenamendu-programa eskaintzen du, erabiltzaile bakoitzaren ezaugarrietara egokituta, 15 urtetik gorako edozein adinetarako eta edozein egoera fisikotarako egokia.

Saio guztiak modalitate bakoitzean adituak diren profesionalek gainbegiratzen dituzte, teknika findua eta egoera fisiko egokia lortzeko helburuarekin, kultura eta tradizioa ere arnasten diren espazio batean.

Zentroak herri kiroletan oinarritutako entrenamendu-programa eskaintzen du, erabiltzaile bakoitzaren ezaugarrietara egokituta, 15 urtetik gorako edozein adinetarako eta edozein egoera fisikotarako egokia

Denboraldi berriaren hasierarekin batera, klubak BaiForce Training-eko doako saio bat eskainiko die Bilbao Kirolak-eko udal-kiroldegietako Fitness aretoetan izena emanda dauden pertsonei, bai eta Aqua+Fitness nahiz Premium abonatuei ere. Parte hartu nahi dutenek mezu elektroniko bat bidali beharko dute izen-abizenak, jaioteguna eta bertaratu nahi duten eguna eta ordua adierazita.

Bilboko Herri Kirol Zentroaren erabilera anitzeko pistak hainbat diziplina aldi berean praktikatzeko aukera ematen du, hala nola harrijasotzea, aizkora, sokatira, trontza, txinga eramatea, orga jokoa edo lokotx biltzea, besteak beste.