Nafarroako nerabeen ia erdiek bapeatu dute

14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako ikasleen % 48,5ek probatu dituzte zigarro elektronikoak, 2021ean baino 10,3 puntu gehiago. Osasun Departamentuak kanpaina bat jarri du berriz abian, gailu horien inguruko mitoak desegiteko.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock eta Nafarroa.eus
Hitz kopurua:  293
Irakurketa denbora:  Bi minutu

Nafarroan, bapeatzearen kontsumoak inoizko mailarik altuena lortu du 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean. % 48,5ek aitortu du noizbait zigarro elektronikoak probatu dituela, 2021ean baino 10,3 puntu gehiago. Gainera, % 36k adierazi du azken urtean bapeatu duela, Nafarroako Osasun Publikoaren Behatokiak aztertutako azken ESTUDES inkestaren datuen arabera.

Joera horren aurrean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) ‘Bapeatzea ez da dirudiena’ kanpaina berriro jarri du abian. Ekimen honen helburua da gailu horien arriskuei buruzko informazioa ematea eta hainbat mito desegitea; adibidez, fruta-zaporeko lurruna besterik ez dutela edo mendekotasunik sortzen ez dutela.

Helduen artean ere gora egin du kontsumoak

Hazkundea ez da nerabezarora mugatzen. 15 eta 64 urte bitarteko herritarren artean, zigarro elektronikoak probatu dituztenen proportzioa % 6,8tik % 12,1era igo da EDADES inkestaren azken datuen arabera. Datuek, halaber, nikotina duten gailuen kontsumoa emakume gazteen eta nerabeen artean ere areagotu dela erakusten dute.

Kanpainak produktu horiei lotutako arrisku-pertzepzio txikian jartzen du arreta. Gailu horien aerosolek nikotina, birikei eragiten dieten partikulak, substantzia kantzerigenoak eta metal astunak izan ditzakete.

14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako ikasleen % 48,5ek probatu dituzte zigarro elektronikoak

NOPLOIk, gainera, adierazi du ez dagoela ebidentzia zientifikorik zigarro elektronikoak erretzeari uzteko aukera segurua direla baieztatzeko. Halaber, sarrera-atearen efektua deritzonaz ohartarazi du; horren arabera, inoiz erre ez duten gazteak nikotinarekiko mendekotasuna garatzen has daitezke bapeatzearen bidez.

Kanpainak elkarrizketa indartu nahi du

Ekimenak zigor-joerako diskurtsoak saihestearen alde egiten du, eta familiak zein helduen ingurunea babes-eragile gisa kokatzen ditu. Mezuen bidez, gailuen itxuraren eta horien arriskuen arteko aldea nabarmendu nahi da, kontsumoaren gorakada prebenitzeko eta marketinaren aurrean jarrera kritikoa sustatzeko.

Kanpaina datozen asteetan zabalduko da markesinetan, hiri-autobusetan, irratietan eta sare sozialetan, baita Iruñeko udal-aparkalekuetako edikuluetan ere.

Bapeatzearen erradiografia Nafarroan

  • Probatu duten nerabeak: % 48,5
  • Azken urtean bapeatu duten nerabeak: % 36
  • 2021etik izandako bilakaera: +10,3 puntu
  • Probatu duten 15 eta 64 urte bitarteko herritarrak: % 12,1