Irakurketa denbora: 2 Minutu
Nafarroako Osasunaren Behatokiak ESTUDES 2023 inkestako datuetan oinarrituta ezagutzera eman dituen datuen arabera, Nafarroako 14 eta 18 urte bitarteko nerabeen % 8,8k tabakoa erretzen du egunero. Kopurua hori Estatuan den batez bestekoaren gainetik dago eta altuagoa da neska gazteen artean (% 9,6) mutil gazteen artean baino (% 8,2). Iturri berak azpimarratzen duenez, DBHko ikasleen ia erdiak (% 48,5) zigarro elektronikoak probatu ditu gutxienez behin.
Gazteenak tabako kontsumoari buruz kontzientziatzeko helburuarekin, Nafarroako Osasun Sailak bat egin du aurtengo Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren kanpainarekin. Aurtengo edizioak tabako-industriak bere produktuak erakargarriagoak egiteko erabiltzen dituen estrategietan jarriko du arreta. Horretarako, Osasunaren Mundu Erakundeak “Agerian utz dezagun haien erakargarritasuna: industriak tabako- eta nikotina-produktuekin dituen taktikak agerian” leloa aukeratu du.
Gehien erabiltzen diren tekniken artean nabarmentzen dira zapore gozo edo fruta-gustukoak, berariaz gazteei bideratutako marketina eta gozokiak edo jolasgarriak imitatzen dituzten diseinuak. Estrategia horien helburua da adin goiztiarretan kontsumitzaile berriak erakartzea eta erretzeari uztea zailagoa egitea.
Kontsumoa Nafarroan
15 eta 64 urte bitarteko herritarrei egindako EDADES 2024 inkestaren arabera, tabakoaren eguneroko kontsumoan hasteko batez besteko adina 18 urte inguruan dago. Kasu honetan ere aldeak daude emakume eta gizon gazteen artean. Izan ere, mutilak neskak baino lehenago hasten dira tabakoa erretzen (17,6 urte eta 18,5 urte, hurrenez hurren).
Adituek ohartarazten dutenez, tabakoa kontsumitzeko modua ere nabarmen aldatu da. Adibidez, biltzeko tabakoaren kontsumoa ohikoagoa da gazteen artean, besteak beste, ‘naturalagoa’ dela edo hain kaltegarria ez dela uste dutelako. Hala ere, tabakoa kontsumitzeko modu hori ez da osasuntsuagoa, adituen esanetan, ohiko zigarretek baino karbono monoxido eta alkitran maila altuagoak dituztelako.
Tabako berotuaren eta ‘vaper’ delakoen erabilerak ere gora egin du, kasu gehienetan, alternatiba osasungarriagoak direla uste delako.
Kontsumo goiztiarretan eragiten duen aldagai garrantzitsu bat tabakoa eskuratzeko erraztasuna da. Nerabeen % 90,1ek dio “oso edo nahiko erraza” dela tabakoa lortzea.
Helduen kasuan, tabakoaren kontsumoak nabarmen egin du behera, nagusiki, gizonen artean. Horrela, gaur egun tabakoa egunero kontsumitzen duten helduen kopurua % 19,7raino jaitsi da (% 22,9 gizonen kasuan eta % 16,6 emakumeen kasuan). Kasu honetan, kopuru hori Estatuko batez betekoaren (% 25,8) azpitik dago.
Osasun arazoak
Tabakismoaren ondorioak heriotza datuetan islatzen dira. Azken bost urteetan, birika minbiziak eragindako heriotzak % 13 jaitsi dira Nafarroako gizonen artean, urtean, 100.000 biztanleko 87,5etik 75,9ra jaitsiz. Hala ere, emakumeen kasuan, kontrako joera eman da eta heriotzak % 18,5 igo dira, urtean 100.000 biztanleko 20tik 23,7ra igoz. Desberdintasun horiek, nolabait, azken hamarkadetako kontsumo ohituren aldaketak islatzen dituzte.
Tabako kontsumoa utzi nahi dutenentzat, Osasun Sailak hainbat baliabide eskaintzen ditu. Osasun zentroek Erretzea Uzteko Laguntza Programa dute, saio indibidualak edo taldekoak eta beharrezkoa denean tratamendu farmakologikoa barne hartzen dituena. Nafarroako Osasun Eskolak eskaeraren arabera tailer telepresentzialak programatzen ditu.
Maiatzaren 26tik 30era ospatzen den Tabakorik Gabeko Mundu Egunari begira, Osasun Publikoko Institutuak sektore desberdinentzako jarduera espezifikoak diseinatu ditu: osasun zentroak, gizarte erakundeak, gazte etxeak, unibertsitateak eta ospitaleak. Helburua tabakoari eta haren eratorriei buruzko kontzientzia kritikoa sortzea da, kontsumo erabakiak kontzienteagoak eta informatuagoak izan daitezen.








