“EBren erronkak eta lehentasunak: gazteen iritzia” Eurobarometroak erakusten duenez, Europako gazteen % 61 (Estatuko % 56) baikor azaltzen da Europar Batasunaren etorkizunaren inguruan. Inkesta EB osoko ia 26.000 gazteri egin zitzaien otsailaren 11tik 20ra bitartean, Donald Trumpek AEBko presidentetza hartu ostean. Azterlanak gazteek europar proiektuari buruz dituzten pertzepzioak, kezkak eta itxaropenak aztertzen ditu.
Mugitzeko askatasuna da EBren indargunerik nagusiena Europako gazteen % 32rentzat. Ondoren, gazteek gehien baloratzen dituzten aldagaiak Estatu kideen arteko elkartasun-harremanak (% 28) eta demokraziarekiko eta oinarrizko balioekiko konpromisoa (% 25) dira.
Mugitzeko askatasuna da Europar Batasunaren indargunerik nagusiena Europako gazteen % 32rentzat
Estatuko gazteentzat ere beste herrialdeetan bizitzeko, ikasteko eta lan egiteko askatasuna da (% 33) Batasunaren indargunerik handiena eta, jarraian, bizi-maila (% 28) eta Estatu kideen arteko harremanak (% 26) dira gehien aipatzen direnak.
Kezka nagusiak
Kezkek ere eredu komunak erakusten dituzte. Bizi-kostua da gazteen % 41entzat kezka nagusia eta, ondoren, bakea eta egonkortasuna (% 30) dira gehien aipatzen diren kezkak. Oro har, Estatuko gazteek europarren gainerako kezkak partekatzen dituzte, baina desberdintasun handi batekin, % 42k nahi du EBk baliabide gehiago bideratzea gazteen lan-egoera hobetzera, Europako gazteen % 27k partekatzen duen iritziaren aurrean.
Europar Batasunerako lehentasun orokorrei dagokienez, gazteen % 38k etxebizitza eskuragarria eta bizi-kostuari laguntzea aipatzen dituzte premia nagusi gisa eta, ondoren, segurtasuna eta defentsa (% 31).
Eurobarometroak islatzen duenez, Europako gazteen % 65 pozik dago Europar Batasuneko funtzionamendu demokratikoarekin. Hala ere, % 34k desinformazioa identifikatzen du demokraziarako mehatxu nagusi gisa. Estatuko gazteen kasuan, berriz, Europar Batasunak dituen mehatxu nagusiak segurtasun eza eta ezegonkortasun ekonomikoa dira.
Sare sozialak, informazio-iturri nagusia
Pasa den urteko irailean eta urrian egindako inkesta batean oinarrituta otsailean argitaratu den Europako Parlamentuaren Flash Inkestaren arabera, 16 eta 30 urte bitarteko Europako gazteen % 42rentzat sare sozialak dira gai politiko eta sozialei buruzko informazio-iturri nagusia, telebista bigarren tokian dagoelarik (% 39). Telebistarekiko lehentasuna bereziki nabarmena da 25 eta 30 urte bitarteko gazteen artean. Gazte horiek, 16 eta 18 urte bitarteko gazteekin alderatuta, online albiste-plataformak eta irratia erabiltzeko joera handiagoa dute.
Informazio-iturri nagusiak
Inkesta horren emaitzen arabera, 16-18 urte bitarteko gazteen informazio-iturri nagusia sare sozialak dira (% 45) eta, ondoren, lagunak eta senideak (% 39). Adinean gora egin ahala, konfiantza-maila horrek behera egiten du eta, adibidez, 25-30 urte bitartekoen artean % 29ra eta % 23ra jaisten da, hurrenez hurren.
Aurreko belaunaldietan informazio-iturri nagusia zen telebistak protagonismoa galtzen du, baina informazio-iturri nagusia izaten jarraitzen du Portugal (% 53), Italia (% 52), Eslovenia (% 45) eta Frantziako (% 43) gazteentzat. Prentsa digitala eta/edo online albiste-plataformak eta irratia informazio-iturriak dira gazteen % 26rentzat eta helduen % 16rentzat. Europako Parlamentuaren inkesta honen 2021eko edizioan, albiste-iturri nagusiak sare sozialak eta albiste-webguneak izan ziren (% 41).
Espainian, sare sozialak (% 49) eta telebista (% 44) dira informazio-iturri nagusiak, senide eta lagunen (% 35) aurretik.
Instagram da albiste politiko eta sozialak eskuratzeko plataforma nagusia gazteen artean (% 47), TikTok-en aurretik (% 39). X (lehengo Twitter) gazteen % 21ek soilik erabiltzen dute. Gazte espainiarren erdiak (% 51) ere Instagram aukeratzen du informatzeko, TikTok-en (% 43) eta X-en (% 36) aurretik.
Desinformazioarekiko esposizioa
Gazteen gehiengo handi batek (% 76) uste du desinformazioaren eta albiste faltsuen eraginpean egon dela.
EBko bederatzi herrialdetan, Espainia barne, inkestan parte hartu dutenen erdiak baino gehiagok adierazi dute “sarri” edo “oso sarri” egon direla desinformazioaren eraginpean. Proportziorik handienak Maltan (% 59), Hungarian (% 58), Grezian (% 57), Luxenburgon (% 55) eta Belgikan (% 54) erregistratu dira. Espainian, zifra % 51koa da. Aitzitik, inoiz desinformazioaren eta albiste faltsuen eraginpean egon ez direla uste dutenen proportzioa handiagoa da Errumanian (% 19), eta ondoren Bulgarian (% 11).
Inkestan parte hartu duten gazteen % 70ek konfiantza du desinformazioa antzemateko duen gaitasunean. Maltako eta Kroaziako inkestatuak izan ziren albiste faltsuak identifikatzeko gaitasunean seguruago sentitu zirenak, eta Austriakoak, Alemaniakoak eta Esloveniakoak, berriz, segurtasun gutxien azaldu zutenak. Espainian, gazteen % 67k konfiantza erakusten du, baina % 15ek soilik adierazten du “oso seguru” dagoela.
Laguntzen du:








