Irakurketa denbora: 2 Minutu
Zigarro elektronikoen kontsumoa etengabe hazten ari da Euskadin, batez ere 15-35 urte bitarteko gazteen artean. Adin-tarte horren kasuan, zigarro horien prebalentzia % 34koa da. Maiatzaren 31an ospatuko den Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren harira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohartarazi duenez, gailu horiek erretze ohiturarako sarbide nagusia bilakatu dira gazteen artean.
Euskadiko adikzioei buruzko Inkestaren datuek erakusten dutenez, tabakismoaren arazoak ez die berdin eragiten gizon eta emakume gazteei. Izan ere, gizon gazteen kasuan, bapeagailuen kontsumoa % 40ra iristen da, ohiko zigarroen kontsumoaren gainetik, Orokorrean, 14 urtetik gorako herritarren % 13,8k noizbait probatu izan ditu zigarro elektronikoak.
Zigarro elektronikoen erabiltzaileen erdiak (% 47) nikotina duten kartutxoak erabili ohi ditu. Erabilera hori ohikoagoa da jada erretzaileak ziren 34 urtetik gorako helduen artean. Beste substantziekiko harremanari dagokionez, bapeagailuak erabili dituzten 15-34 urte bitarteko gazteen % 76k kalamua ere kontsumitu izan du noizbait.
Erabiltzaile askok bapeagailuetara jo dute tabako kontsumoa murrizteko edo erretzeari uzten lagunduko zietela uste zutelako. Izan ere, inkestatutako helduen % 67k aipatu du motibazio hori. Hala ere, ez dago zigarro elektronikoak helburu horretarako baliagarriak direla babesten duen ebidentzia zientifikorik.
Gazteei zuzendutako kanpaina
Gero eta handiagoa den bapeagailuen kontsumoari aurre egiteko, Osasun Sailak “Bapeatzea ez da broma” kanpaina jarri du martxan, euskal gazteei bereziki iristea bilatzen duena. Ekimenak bapeatzea moda inozoa dela duen pertzepzioa apurtu eta osasunean dituen benetako arriskuak erakutsi nahi ditu.
Kanpaina hau 2027ra arte indarrean dagoen Euskadiko Adikzioen VIII. Planean garatzen da. Plan horrek adingabeek tabakorako sarbidea murrizteko eta nerabe eta gazteen artean kontsumoaren normalizazioa saihesteko berariazko neurriak jasotzen ditu.
Aldi berean, ‘Tabako Kerik Gabeko Euskadi’ estrategiak bere hedadura zabaltzen jarraitzen du. Hiru urte duela sortutako Kerik Gabeko Guneen Sareak azken urtean bikoiztu du tabako kerik gabeko guneen kopurua, 706ra iritsiz. Gainera, ekimen horretara atxikitako udalerrien kopurua 65era hazi da.
Hezkuntza arloan, Kerik Gabeko Gazteak programak 2024an 57 euskal ikastetxetako 4.457 ikasletara iritsi zen. Ekimen hauen xedea da Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen artean tabako kontsumoa prebenitzea.
Osakidetzak tabakismoaren aurkako borroka areagotu du
Euskal osasun zerbitzuak tabakismoaren aurkako borrokan duen konpromisoa mantentzen du ohitura horri aurre egiteko ikastaroen bidez. Hamarkada bat baino gehiagoko funtzionamenduan, programa hauen bidez 64.217 pertsona artatu dira. 2024an soilik, 12.062 pertsonak lortu zuten tabakoa uztea laguntza honi esker, %58,73 45-64 urte bitarteko pertsonak izanik.
Osakidetzak tratamendu modalitate desberdinak eskaintzen ditu:
- Banakako aurrez aurreko arreta (erretzaileen % 88k aukeratua)
- Talde arreta
- “Bizi tabakorik gabe” aplikazioa
- Aurrez aurrekoak ez diren aukerak, hala nola telefonozko arreta eta online ikastaroak
Era berean, Kerik Gabeko Astean zehar, Osakidetzak hainbat jarduera antolatu ditu, besteak beste, informazio-mahaiak osasun-zentroetako ateetan, udalerrietako ke-mapak, ikastetxeetara bisitak eta tabakoaren aurkako herri-lasterketak. Ekimenak arreta berezia jartzen die erretzaile pasiboei eta keak haien osasunean duen eraginari.
Ekintza horien barruan, “Zure familia: hobe tabakorik gabe” eta “Haurdunaldia hobe tabakorik gabe” izenburuko informazio orri berriak kaleratu dira, bereziki gurasoei eta emakume haurdunenei zuzendutakoak.









