Zeelanda Berriko gazteek ezin izango dute tabakoa erre

Zeelanda Berriko Gobernua tabakoaren aurkako lege bat prestatzen ari da, gazteek inoiz erre ez dezaten. SmokeFree Aotearoa 2025 izena duen lege proposamenak gazteei tabakoa saltzea debekatu nahi du eta gutxieneko adina proposatzen du erre ahal izateko. Gutxieneko adina, urteak aurrera egin ahala gero eta altuagoa izango da. Horrela, gaur egun 14 urte dituen gazte zeelandaberritar batek ezin izango du, legez, bere bizitza osoan zehar bere herrialdean tabakoa erre. Lege proposamenak ez die gaur egun kontsumitzaile diren pertsonei eragingo. Kasu horretan, tabakoa erretzen jarraitu ahal izango dute.

Kontsumitzaile berririk ez

Lege berriaren xedea da tabako-kontsumitzaile berriak izatea ekiditea. Horretarako tabakoa erostea ia ezinezko misioa bihurtu nahi da. Gainera, egungo paketeetan dagoen nikotinaren legezko kopurua oso maila baxuetara jaitsiko da, salmenta-puntuen kopurua murriztuko da eta tabakoari ezartzen zaizkion zergak handituko dira adikzio-zerbitzuak finantzatzeko.

Tabakismoa ez da oso arazo larria Zeelanda Berrian. Tabakismo-tasa, batez beste, % 11 ingurukoa da bertan, baina zenbait herri indigenetan kopuru hori % 30eraino igotzen da.

Gazteei tabakoa betiko erosi ahal izateko betoarekin, Zeelanda Berria munduko tabako-industria murritzena duen bigarren herrialdea bilaka daiteke. Sailkapen horren lehen postuan Bhutan aurkituko litzateke, bertan zigarretak saltzea guztiz debekatuta baitago.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.