Alkoholaren, tabakoaren eta kirol-apustuen mendeko

Irailaren amaieran, Jon Darpon Osasun sailburuak “Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017” txostenaren emaitzak eman zituen ezagutzera. Aipatu txostena Euskadin bizi diren 15 eta 74 urte arteko 2.013 herritarrei egin zaien etxez etxeko galdeketa batean oinarritu da eta, bertan, besteak beste, drogen eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuen kontsumoko jarraibideak eta prebalentzia, haien bilakaera, eta problematika horren inguruko herritarren iritzia jasotzen dira.

Txostenak hainbat ondorio utzi ditu, baina seguruenik, garrantzitsuena, eta zalantzarik gabe, nabarmenena, honako hau dugu: alkohola eta tabakoa dira euskaldunok gehien kontsumitzen ditugun drogak. Txostenean jasotako datuen arabera, euskal biztanleriaren % 81,2k alkohola edan du noizbait azken hilabeteetan. Tabakoaren kasuan, tarte horretan erre duten biztanleen kopurua % 25,9koa izango litzateke. Alkoholaren eta tabakoaren kasuan, batez beste, kontsumoak 16 eta 17 urterekin hasiko lirateke, hurrenez hurren.

Alkoholari dagokionez, alde nabarmenak daude astean zehar eta aste bukaeratan egiten diren kontsumoen artean. Horrela, astean zehar alkohola edaten dutenen kopurua % 33,5ekoa den bitartean, aste bukaeratan kopuru hori % 66,3raino hazten da. Alde positiboei dagokionez, bi lirateke aipatu beharrekoak: alde batetik, gehiegizko kontsumoa egiten duten hiritarren kopurua 2012ko % 11,3tik 2017ko % 8,1eraino jaitsi da. Bestalde, botiloia edo kale-zurruta egiten duten 15 eta 34 urte bitarteko gazteen kopurua ere 2012ko % 38,5etik 2017ko % 35,2raino jaitsi da.

Tabakoa da gehien kontsumitzen den bigarren droga, baina kasu horretan, kontsumoak nabarmen jaitsi dira. Horrela, gero eta gutxiago dira tabakoa erretzen duten pertsonak (biztanleria osoaren % 22,1) eta, gainera, erretzaile horiek gero eta zigarro gutxiago erretzen dituzte. Txostenean bada tabakoaren kontsumoaren datu esanguratsu bat: tabakoa inoiz erre duten hiritarren kopurua % 50 ingurukoa da. Zigarreta elektronikoak erretzen dituztenen kopurua % 6 ingurukoa da.

Tabakoaren kontsumoak nabarmen behera egin badu ere, ezin da gauza bera esan kalamuaren edo marihuanaren kontsumoaren inguruan. Izan ere, txostenak jasotako datuen arabera, 2017an euskal biztanleriaren % 8,6k marihuana kontsumitu zuen. 2012ko datuekin alderatuta, droga horren kontsumoa bi puntutan hazi dela ikus daiteke, baina oraindik, 2006an jaso zen % 14tik urrun aurkitzen da. Hala ere, marihuana da droga ilegalen artean kontsumorik handiena duen substantzia. Gainera, droga horren kontsumoa, bereziki, gazteen artean ematen da. Txostenaren arabera, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 16,4 droga hori kontsumitzen du. Batez beste, gazteak 18,6 urterekin hasten dira kalamua kontsumitzen, baina 15 urteko gazteen artean ere horrelako kontsumoak antzeman dira.

Azaldu diren hiru substantzia horiez gain, bestelako drogen kontsumoak nahikoa urriak dira. Horien artean, bi lirateke aipamen bat merezi dutenak. Alde batetik, psikofarmakoen multzoan sartzen diren substantziak daude. Txostenean jasotzen denez, biztanleriaren heren batek horrelako drogaren bat hartu izana aitortzen du, baina kontsumo horiek ez dira azken hamabi hilabetetara mugatzen.

Bestalde, kokainaren kontsumoa ere deigarria da. Kasu horretan, bada azken hamabi hilabeteetako daturik eta horien arabera, kontsumitzaileen kopurua % 1,9koa izango litzateke.

Substantziarik gabeko adikzioak

Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017 txostenak, ohiko drogen kontsumoak ezezik, substantziarik gabeko adikzioak ere aztertu ditu. Kasu horretan, jasotako datuek kezka eragin dute arduradun publikoen artean. Izan ere, euskal hiritarren laurden batek (% 25,7k) loterietan eta apustuetan hartzen du parte astero. Horiek lirateke jokorik hedatuenak, baina kezka gehien eragiten duena kirol-apustuak dira. Kasu horretan, hazkundea izugarria izan da eta, gainera, horien inguruan hainbat arrisku-jokabide azaltzen dira.

Azkenik, Interneten gehiegizko erabilera ere Eusko Jaurlaritzak prestatu duen txostenean azaltzen da. Kasu horretan, biztanleria osoaren % 5ek horrelako jokabideak azalduko lituzke.

Artolazabal: “Adikzioak eta horiek izan ditzaketen gizarte-eraginak saihestea erronka bat da”

Hil honen hasieran, eta Etorkintza Fundazioak antolatuta, adikzioen inguruko jardunaldiak burutu dira Bilbon. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal izan da eta, azaldutakoaren arabera, “adikzioak eta horiek izan ditzaketen gizarte-eraginak saihestea erronka bat da”. Izan ere, adikzioek eragin zuzena dute gure bizitzako ia esparru guztietan eta horrelako arazoak dituzten pertsonak laguntzea guztion lana dela azpimarratu du Artolazabalek. Erakunde publikoetatik esparru soziosanitarioa arretaz jorratzen dela azaldu du sailburuak, baina, gizarteko eragile guztien lana ere beharrezkotzat jo du.

Adikzioena gure gizartean ohikoa den arazoa da eta ohiko adikzioei (droga legalak zein ilegalak) substantziarik gabeko adikzioak gehitu zaizkie. Horien guztien prebentzioan lan egiten duten elkarteen lanean laguntzeko eta programak garatzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Euskadiko VII. Adikzio Plana garatu du.