Uztailean, Frantziak Kroaziaren aurkako finalean Munduko Futbol Txapelketa irabazi zuen. Sasoi berean, eta askoz oihartzun gutxiagorekin, gizakion tamaina duten roboten Munduko Futbol Txapelketa ospatu zen Kanadako Montreal hirian. Errusian Alemaniako selekzioaren papera oso kaxkarra izan bazen ere, Kanadan, eta bigarren urtez jarraian, NimbRo izeneko robot alemaniarra garaile atera zen. Izan ere, aurreko urtean Nagoyan (Japonia) jokatutako txapelketan ere NimbRok txapelketa horren lehen edizioa irabazi zuen.
Azken urteetan adimen artifizialaren esparruan aurrerapenak izugarriak izan badira ere, futbolean aritzen diren roboten kasuan, oraindik ere, bide luzea egiteko dagoela ikusi ahal izan da Montrealen. Izan ere, xakean edo antzeko hainbat jokoetan ez bezala, futbolean aritzen diren roboten egitea gizakion egitetik oso urrun aurkitzen da. Horrela, roboten arteko futbolean, oraindik ere, baldartasuna eta errakuntza komikoak nagusi dira. Robot hauen hutsunerik handiena orekan aurkitzen da. Orokorrean, robot hauen mugimenduak nahikoa baldarrak eta motelak dira.
Robot irabazlea Bonneko Unibertsitateko ikertzaile talde baten produktua da. Bere garapenean sei hilabete besterik eman ez bazuten ere, esparru horretan Messiren baliokidea izango litzateke NimbRo. Azken fasea osatzen zuten bost partidatan, robot alemaniarrak 46 gol sartu eta bakarra jaso zuen. Erronka teknikoetan 21 puntu lortu ondoren, garbi geratu zen txapeldunak saria errepikatuko zuela.
Roboten arteko futbol txapelketak 1997an hasi ziren. Garai horretan, robotak oso tamaina txikikoak ziren eta ez zuten gizakion itxurarik. Izan ere, robot horiek diseinatzen dituzten ikertzaileek duten erronkarik handiena hankabiko roboten mugimenduak koordinatzea da. Txapelketa berrian, robotek 1,35 eta 1,80 metro bitarteko altuera izan behar dute.