Irakurketa denbora: 3 Minutu
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren XXII. edizioa apirilaren 4tik 11ra bitartean egingo da. Programak 25 herrialdetatik etorritako 48 film, solasaldi, erakusketa eta jarduera paralelo anitzak jasotzen ditu. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude 5 euroko prezioan.
Asier Urbietak zuzendutako “Faisaien Irla – La Isla de los Faisanes” euskal filmak irekiko du jaialdia, apirilaren, 4an Victoria Eugenia Antzokian. Apirilaren 11n zinemaldiari amaiera emango dion filma, berriz, India Donaldsonen “Good One” (2024) estatubatuar filma izango da, kasu honetan ere, Victoria Eugenian. Saio berean aurtengo edizioari dagokion sari-banaketa ekitaldia ere egingo da. Bertan, Helena Taberna zinemagile nafarraren ibilbidea aitortuko da sari berezi batekin.
Giza Eskubideen Zinemaldia
Proiekzioak nagusiki Victoria Eugenia Antzokian egingo dira. Antzoki Zaharrean, berriz, bi saio izango dira Zinema eta Biktimologia zikloaren II. edizioaren barruan. Tabakalerak Zinema eta Memoria zikloa osatzen duten hiru titulu hartuko ditu. Guztira, jaialdiak 25 film luze eta 23 labur proiektatuko ditu.
Jaialdiaren helburu nagusia da, kalitatezko zinemaren bidez, giza eskubideen defentsa eta urraketaren inguruko alderdi desberdinen gaineko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida sustatzea, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitutako herritartasun aktiboa bultzatzen lagunduz.
Jaialdiak gai desberdinak jorratuko ditu, hala nola:
- Bidasoako mugan dauden migratzaileen egoera
- Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko borroka
- Argentinako mobilizazio sozialak,
- Pertsona gorren eta riders-en eskubideak
- Mexiko DFko garbiketa langileen errealitatea
Proiekzioak protagonisten, zinemagileen eta jorratutako gaietan adituak diren pertsonen eskutik egunero egingo diren solasaldiekin osatuko dira.
Hezkuntza programa
Zinemaldiak, filmen proiekzioez gain, hezkuntza programa bat ere eskaintzen du. Programa horren barruan bederatzi saio antolatu dira goizetan eta Donostiako hainbat ikastetxeei zuzenduta dago. Programa horren barruan, adinaren arabera aukeratutako hiru film eskainiko dira:
- “Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz” (2024)
- “Basatiak” (2024)
- “Mariposas negras” (2024)
Film bakoitzak Marramiau Sorkuntza Taldea, Rita & Luca Films eta Ikertzek, hurrenez hurren, prestatutako gida didaktikoak izango ditu.
Giza Eskubideen Zinemaldiak Tentazioa konpainiaren Interview – Urez eta hondarrez ikuskizunaren estreinaldia ere aurkezten du, Telmo Iruretak zuzendutako De agua y arena film laburrean oinarritua. Emanaldia euskaraz izango da, apirilaren 2an, Victoria Eugenian.
Programazioa hiru erakusketa eta bi mahai-ingururekin osatuko da. Erakusketak honako hauek dira:
- Francesc Boix argazkilariaren ‘Mauthausenetik haratago’. Okendo Kultur Etxean, maiatzaren 31ra arte.
- Darcy Padillaren ‘Kaliforniar ametsa’. Aiete Kultur Etxean, ekainaren 8ra arte.
- ‘Artea eta Giza Eskubideak’, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen arloak antolatutako Arte eta Giza Eskubideen, Haur eta Gazteen 21. ediziorako, 6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek egindako marrazki eta muralen erakusketa. Zinemaldiaren Informazio Bulegoan, apirilaren 13ra arte.
Mahai-inguruak, berriz honako hauek dira:
- ‘Gaza bajo los escombros. Crónica de un honor’. Amnesty International, Centre Delàs d’Estudis per la Pau eta Mugarik Gabeko Medikuak Espainia martxoaren 31n.
- ‘Entretejiendo narrativas’, Zehar-Errefuxiatuak GKEren eskutik, migrazio eta pertsona migratuei buruz hausnartuko duena, apirilaren 5ean.
Euskadiko GGKEen Koordinakundeak berriro parte hartuko du “Konekta TÚ” online jokoaren bidez. Aurtengo edizioan a. 10 galderaren bidez, feminismoei eta munduko emakumeen egoerari buruz hausnartu eta ikasi ahal izango da. Parte-hartzaileen artean, Donostiako kontsumo eraldatzailearen sareko (Saretuz) dendetan gastatzeko bost bono zozketatuko dira.
Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen dute. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, baita hainbat GKE eta erakunderen laguntza ere: Zehar Errefuxiatuak, Unicef, Gehitu, Amnesty International, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara.








